Erreportajeak

Heriotza, literaturak argituta

Ostirala, 2021-09-24

Galera gai unibertsala da, eta mordoa izan dira hori agertzeko manerak: dolu baldintzatua, joan eta etorri dabilen sufrimendua eta horrek eragindako erru sentsazioa… Heriotzaz jardun izan dute, esate baterako, Marcel Proust, Olga Novo, Marguerite Yourcenar, William Faulkner eta Annie Ernaux idazleek.

Heroi bat ihes egiten ari da Troia setiatu eta suntsitutik. Aita darama bizkarrean, eta seme txikia eskutik helduta. Zaldiaren trikimailuak arrakasta izan du: grekoek hiriko harresiak zeharkatu dituzte, su eman diete etxeei, erail dituzte gizonak eta esklabo hartu emakumeak, eta odolez zigilatu dute hamar urteko gerra. Eneasek, oraindik bizirik, aita eta semea heriotzatik salbatzea baino ez du helburu.

Behin xedea lortuta, ordea, jabetuko da —hori da Virgilio poeta latindarrak kontatuko duena— baduela patu saihestezin bat, ezein oztopok ere ezingo duena zapuztu: abenturaz, engainuz eta batailaz beteriko bidaia baten ondoren, Laziora (Italia) helduko da Eneas, aitarik gabe —bidean hilko baita—, baina semearekin; urteak pasata, Alba Longa fundatuko du hark, Erromak hedapenean bereganatuko duen lehen herria.

Heriotzari iskin egin beharra zion Eneasek Erromari bide emateko; troiar leinua zibilizazio boteretsu baten bidez betikotzeko, alegia. Alabaina, Eneas izan daiteke, ondare baten jagole ordezkaezina ez ezik, baita heriotzak jazarritako edozein figura anonimo ere. Edo izan liteke, era berean, XXI. mende hasierako andre bat, aita daramana bizkarrean metaforikoki, ez hura bizirik iraunarazteko, baizik eta hari hiltzen laguntzeko.

Olga Novo poeta galiziarra heroi mitologikoaren figuraz baliatu zen aitaren dementzia irudikatzeko Feliz Idade poesia liburuan; zehazki, Anquises olerkian. “Oinak arrastaka daramatzazu, aita/ nire bizkarrean eramaten zaitut nire begiekin/ ahalegintzen zarelako zahartzarotik ihes egiten antzinako gerra batetik bezala”. Ni poetikoa Eneas bilakatu da, baina epikarik gabeko aldaera bat baino ez da; aita zaintzen ari den alaba, hura salbatzeko aukerarik ez duen Eneas ezgaitu bat, neke fisiko zein psikologikoak akitutako antiheroia. “Nire ornoetara igotzen zaitut/ pisuak okertuak/ oinak arrastaka daramatzazu/ baina nik ahal dut zurekin/ eta bizkarrean eramaten zaitut/ bizitzaren amaierara arte”.

Olerki luzean, Novok samurtasunez hitz egiten du aitaren egoeraz, eta gertatuko zaizkionak aletzen ditu: hitz egiteko gaitasuna galduko du, alaba errekonozitzeari utziko dio, eta, azkenean, hil egingo da. Baina, jazo artean, aitaren oroimen izpiei helduko die, edo oraindik bizirik egotearen kontsolamendu geroz eta ahulagoari. Bizitzaren ifrentzu gisa irudikatzen du Novok heriotza, eta horrek erabat baldintzatuko dio aitarengatiko dolua: izan ere, bataren edertasuna ikusiko dio besteari ere, eta ziklo baten parte bezala onartuko du galera.

Heriotzara hurbiltzeko adibide sorta oparoa eskaintzen du literaturak: desagerpenaren inguruko diskurtso andana bat, orokorragoak zein ñabartuagoak, heriotzaren bizipenaren aniztasuna erakusten dutenak. Doluak badira berehalakoak eta bortitzak, edo berandutuak eta sibilinoak; pertsonaia batzuei abaildu egiten zaie oinazea justu galeraren mina baretuta dagoela uste dutenean, edo ezin ulertuzko sorgortasun batek hartzen ditu luzaroan.


Heriotza ulertzeko beharra

Novok jarraipen bat bezala agertzen du bere aitaren heriotza; Annie Ernaux idazleak, aldiz, pixkanakako banantze baten gisara. Dementziak jota egon zen, halaber, idazle frantziarraren ama, Emakume bat obra laburrean kontatzen duenez (Txalaparta, 2012; Itziar de Blas Fernandez de Gamarrak itzulia). Zahar egoitza batean sartu beharra izan zuen, ezin baitzuen zaindu.

Estutasun bat dago haren narrazioan, denbora azkartzen dutelako egoitzako arauek; halaber, beldurra ere badago: “Berriro ikustera joaten natzaionean, atsekabetuago sentitzen naiz aldiro, gizaki itxura galduz doala ikustean. Harengandik urruti nagoenean, lehengo aurpegierarekin, lehengo itxurarekin imajinatzen dut, eta inoiz ez egotera heldu den bezala”. Ernauxek ezingo du ama eskutik oratuta gidatu heriotzarantz, Novoren metafora erabiltzearren: eguneroko bisitetako bat egin eta hurrengo goizean, telefonoz jakinaraziko diote zendu egin dela.

Novoren kasuan bezala, egoera horrek ezarriko du doluaren hasierako norabidea; Ernauxek, ordea, ukaziorantz joko du lehenik eta behin, ez duelako ama hiltzen ikusi. “Hurrengo astean, nik berriro ikusten nuen ama bizirik zegoeneko igande hura, galtzerdi marroiak, forsythia, bere keinuak, bere irribarrea agur esan nionean, eta gero astelehenean, jadanik hilda zegoela, bere ohean etzanda”. Idazleak “ezin” ditu bi egunak lotu, eta hori dela-eta ekingo dio amaren bizitza eta heriotza kontatzeari, horien arteko hausturak galera ulertzea eragozten diolako. Azken batean, Ernauxen eta Novoren estrategiak antzekoak dira: heriotza bizitzaren ondorio gisa irudikatuz, haren izaera arbitrarioa ahaztea lortzen dute, hein batean.

Heriotzari testuinguru bat emateko ahalegina muturrera eramaten du Vardamanek, William Faulknerren As I Lay Dying (Hilzorian nagoen bitartean) eleberriko protagonistetako batek. Gaixotasun baten ondorioz hil da Addie Bundren, eta seme-alaba mordoa utzi ditu umezurtz; horietako bat da Vardaman, gazteena. Pertsonaia bakoitzean ardaztutako kapituluek osatzen dute narrazioa eta, hortaz, irakurleak ezagutu dezake nola eragiten dion heriotzak bakoitzari, eta hartaz zer hausnarketa egiten duten.

Semeak ezin du onartu gizakien zaurgarritasuna; ezinezkoa begitantzen zaio ama desagertu izana. Ilogikotzat du kontingentzia, eta, horrenbestez, azalpen bat behar du amari gertatutakoarentzat. Ukazioaren fase betean, ez buru ez hanka duen arrazoibide bat garatuko du gazteak bere burua konbentzitzeko ukuiluan dagoen gorputz mugiezin eta hotz hori ez dela bere amarena. “Ez zen bera, arraina hautsean botata zegoelako. Eta orain zatikatuta dago. Nik moztu nuen. Sukaldean dago, odola dariola kazolan, kozinatu eta jan dezaten zain. Orduan arraina ez zegoen eta bera bai, eta orain arraina dago baina bera ez”. Eta, ondoren, ebazpena: “Nire ama arrain bat da”.

Faulkner beraren Hotsa eta ardaila (Elkar, 2017; Asun Garikanok itzulia) obrako Benjyk kontrako jarrera du galerarekiko. Gertaerak isolatu egiten ditu, ez da gai haien arteko loturarik egiteko; beraz, berarentzat ez dago ez kausa ez ondoriorik. Gurasoen heriotzarekin eta arrebaren ihesarekin, berdin: ezbeharrak tantaka jazo zaizkio, baina ez du azalpenik garatzen egoera horietarako. Datozenean, orroekin eta intziriekin helarazten du bere ezinegona; intuitzen du zerk eragiten dion sufrimendua, baina ez du ulertzen.


 

Joan-etorriko oinazea

Amona hil eta gutxira, etengabean agertzen zaio Marcel Prousten Denbora galduaren bila eleberriko Marcel narratzaileari (Sodoma eta Gomorra izeneko laugarren liburuan) . Min konstantea da hasieran, ziur dago ez dela inoiz baretuko. Alabaina, amonaren oroitzapena epeltzen joango da denborarekin, baina, ahaztuta uste duenean, bat-batean azaleratuko zaio.

“Bihotzaren aldizkakotasuna” deituko dio Proustek doluaren izaera ez-linealari, oinazeak desagertzeko eta agertzeko duen ahalmenari. “Nola ahal izan dut ahaztu?”, galdetuko dio bere buruari. Eta erantzun, halaber: “Ordura arte izandako amonaren ahanzturari dagokionez, ez nuen ezta pentsatu ere egin nahi hari hel niezaiokeela egia ondorioztatze aldera, ez zelako ukazioa besterik, pentsamenduaren ahultzea, bizitzako momentu errealen bat islatzeko ezgai zena, eta derrigortuta zegoena hura ordezkatzera irudi ohiko eta indiferenteekin”.

Erruduntasun sentsazioa gehituko zaio dolu prozesuari: sufrimendu eza arbuiagarri bilakatuko da, eta, kontrara, pairamendua bertute: “Sentitzen nuen soilik minaren bitartez gogoratzen nuela bizi-bizi, eta nahi izango nukeen nigan are indar gehiagorekin sar zitezen bere memoria finkatzen zuten iltzeak”. Narrazioan aurrera egin ahala, ordea, baretu egingo dira ostera ere oroitzapenak; zinez aldizkakoa egingo zaio sufrimendua. Aurrerago, modu berean bizi izango du bere maitale Albertineren heriotza.

Ziklikoa da, orobat, Hadriano enperadore erromatarraren dolua, Marguerite Yourcenarrek kontatzen duenez Hadrianoren oroitzapenak eleberrian (Elkar, 1985; Joxe Austin Arrietak itzulia). Antinoo amorante gazteak bere buruaz beste egitea erabaki du errito batean, enperadorearen bizitza luzatzeko helburuarekin. Haren gorpua ibai batean topatuko du Hadrianok, eta “negar-zotinka” itzuliko da kanpalekura.

Ingurukoak gogaitzen ditu enperadorearen doluaren iraupenak; zilegi da sufritzea, baina neurriz. “Dolumin adierazpenak egiten zitzaizkidan, baina beti ere ahalik-eta azkarren kontsola nendin amoreagatik”. Sentimenduak kontrolatzeko esan gabeko agindu bat da, funtsean, baina kontrol eta ahalmen handiagoa aurreikusten diotenek egindakoa. Hadrianok, ordea, Marcelek gerora egin bezala, sufrimenduan egingo du topo desagertutakoarekin; horrenbestez, dolua bada penitentzia ere. “Gizaki gehienen oroimena abandonaturiko hilerri bat da, non ohorerik gabe ehortzirik bait dautza jadanik maitatuak ez diren hainbat eta hainbat hildako. Oinaze luzatu oro ahanzturaren iraingarri omen da-eta”.

Alta, sufrimenduak gorabeherak ditu ezinbestean, eta Marcelekin egingo du bat Hadrianok beste behin: indarra galtzen joango da oinazea, sufritzen ari dena engainatzeraino. Hasieran sinetsita dago dolua esplizitua dela kasu denetan, aratz manifestatzen dela, eta ez zaputz. “Nik neuk ere, gutxi gorabehera, bareturik nengoela uste nuen; […] Ez nekien, eiki, oinazeak badituela hamaika labirinto arraro, beraietan barrena oraindik luzaroan ibiltzera behartuko nindutenak”. Beti egongo da hura azaleratzeko arriskua, ordea: “Antinooren urtebetetzea zen: mutikoak, bizi balitz, hogei urte beteko zituzkeen gaur. // Ontzi barrura joan nintzen; azkarregi itxitako zauria berriro zen zabalik; garrasi egin nuen”.


 

Ez ahazteko baliabideak

Aipatutako istorioetan, uztartu egiten dira ahanztura-momentuak eta gomutek akuilatutako min bizia. Albertine hil ondoko asteetan edozein txikikeriak hildakoak utzitako hutsunea gogorarazten dio Marceli, baina desagerpenak eragiten du, aldi berean, oinazea baretu dadin: Albertine eta amona galdu ditu, baina, halaber, dagoeneko ez ditu haiek gogoraraziko lioketen elementu nagusiak: haien presentziak, hain zuzen. Hala, sufrimendua ez da behin eta berriro berritzen, eta, horrenbestez, ahultzera jotzen du.

Era berean, memoriari iskin egiten diete hildakoek, haien oroitzapenak moldatzen doazelako denborarekin. Desagertuak memorian jarraitzen du, baina aldatuta; oharkabean, ezaugarri batzuk mantendu eta nabarmentzen dira, eta beste batzuk apaldu egiten dira; are, desagertu. Galdutakoaren irudi partikularra taxutzen da norberak ezagututakotik abiatuta. Amaren gaztetako argazki bat ikustean, kasik ezezaguna irudituko zaio Ernauxi. “Baina hura ez da nire ama […] neskatila soil bat baino ez dut ikusten, hogeiko hamarkadako film bateko trajea jantzita, norbaitek utzia ematen duena. Haren esku zabal hura, eskularruak estutzen, eta burua tente edukitzeko modu hura, horietan baino ez dut ezagutzen nire ama”.

Memorian jarraitzen du zendutakoak bizirik, batik bat, hil ondoko balizko zeru batean bainoago. “Hildakoak jada ez dira existitzen gugan baino”, dio Proustek. Hala, dolua bada memoriaren lanketa, iraganaren berreskuratzea. Eta bada, oroz gain, memoriaren zainketa. Ama idazketaren bidez betikotzeko asmoarekin ondu du Ernauxek Emakume bat liburu labur autobiografikoa. “Literarioa da nire proiektua; amari buruzko egia bat bilatzea baita kontua, hitzen bidez baino lortzerik ez dagoena”.

Hura “munduratzea” du jomuga alabak; ez da ari kontakizun pasibo bat josten, baizik eta ama hezurmamitzen hitzen bitartez; areago, hura berpizten, nolabait. “Ez dago jakiterik zer idazten dudan amari buruz. Baina ez dut hari buruz idazten; hori baino gehiago, iruditzen zait harekin nagoela garai batean, leku batzuetan, non bera bizirik dagoen”.

Doinu batek, usain batek edo estropezu batek iragana orainaldira ekarrarazten dio Marceli. Estimulu sare horiek baliatuta babesten du memoria, eskura du ostera ere galdutako denbora. Yourcenarren Hadrianok, bestalde, materialki betikotuko du Antinoo, sozializatu egingo ditu dolua eta gazteaz duen irudikapen ideala, batetik, haren eskultura andana bat enkargatuz, eta bestetik, hiri bat fundatuz omenaldi gisara.

Mito bilakatuta iraungo du Antinook. “Alexandrok Hefestionen hiletak suntsipenekin eta hekatonbeekin ospatu zituen. Nik, aldiz, ederrago neritzon maiteenari hiri bat eskaintzea, non berarenganako kultua plaza publikoko harat-honat etengabearekin nahasirik egongo baitzen betiko, non beraren izena behin eta berriro errepikatuko baitzen arratseko solasaldietan, non gizaseme gazteek elkarri lore-koroak jaurtiko baitzizkioten orritsak ospatzerakoan”.

Novoren aita, berriz, ziklo naturalaren bitartez berpizten da. Mentres a herba medre (Belarra hazten den bitartean) olerkian, biziraupena udaberriak baldintzatzen du; hura itzultzen den artean, beste horrenbeste egingo dute joandakoek, poetaren arabera. “Infinituak hunkitzen nau eta zure heriotzan bizi naiz/ zu ez galtzearen poza/ belarra hazten den bitartean/ belarra hazten den bitartean”.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)