Erreportajeak

Idazleen trabak eta saihesbideak

Ostirala, 2020-02-28

Idazleen lana amaituta eta ia ebatzita iristen da geure eskuetara eta bidean izan dituzten trabak ikusezinak izan litezke irakurleontzat. Trabak izan, badituzte, baina. Horietariko batzuk aletuta datoz hemen, Irati Jimenez Uriarteren, Peru Magdalena Arriagaren eta Uxue Alberdi Estibaritzen ahotik eta oinetatik.

Idazle lana era askotara irakurria izan liteke baina beti izaten du itzalekotik kanpotik datozen begiradentzat: batetik, itzalean eta bakarrik egiten delako ohikoan eta bestetik irudimenak eta honen erabilpenak baduelako ulertezinetik eta azalezinetik.

Istorioa goitik-behera zehaztuta bururatzen ote zaie idazleei? Argi izaten ote dute hasieratik pertsonaien nortasuna eta garapena? Ziur egoten ote dira idaztear daudenak mereziko duela? Jakiten ote dute aurrez irakurleen gehiengoaren gustukoa izateko moduko zerbait daukaten esku artean? Aztertuta ote dute zein den beren lanerako ordutegirik emankorrena? Erraz isolatzen al dira mundutik hala behar dutenean?

Zaku bete galdera burutik atera eta paperera ekarrita, hiru geruzatan erantzun dituzte galderak gonbidatutako idazleek. Alderdi teknikotik, fisikotik eta pertsonaletik begiratuz gero topa litezkeen oztopoak datoz jarraian.

Alderdi teknikotik abiatuta, idazkuntza prozesua erabaki sail bat da eta azken batean, Uxue Alberdik dion moduan, traba bera da erronka. Lehen traba bulkadak berak omen dakar sarri, bulkadaren tonua eta forma zirriborratu nahiak, gorputzean sentitutako hori hitzetara ekartzeko modu egokiena bilatzeko ahaleginak eta ezinak. Traba hori ez da, ordea, bidera beti ateratzen: “Gozamena izaten da bulkada eta forma batera datozkidanean; gerora Poza liburua bihurtu zen bertso sortaren kasuan, esaterako, berehala etorri zitzaidan poz ezberdinak xomorro ezberdinekin konparatzeko ideia eta segituan etorri zitzaidan burura zortziko txikian eta bertso sorta baten bidez egingo nuela eta oso-oso azkar idatzi nituen. Beste batzuetan bulkadatik formara pasa daitezke, egunak, asteak edo urteak eta une batean, azkenean, kontatzeko modu horrekin topo egin eta sentitzea nola ez ote zaidan lehenago bururatu hau horrela egitea… Agian bulkadaren unean oraindik ez zarelako gai kontatu beharrekoa kontatu behar den bezala kontatzeko eta denborak berak, bidean ikasitakoari esker, irtenbidea ekartzen dizu eta orduantxe da momentua”.

Argitasuna eta bidea aurkitu arteko denboran pazientzia hartzen saiatzen da Alberdi, kontakizunaren beste alderdi batzuk lantzen edo beste ñabardura batzuk fintzen, arazo zehatz bakarrarekin itsutu ordez. Inork bigarren mailako alderditzat jo lezakeen arren, garrantzia handia ematen dio formari eta nola ere zer deladefendatzen du. Formak eta edukiak bat egin behar dutela, alegia. Batasun hau erdietsi bitartean bere burua trabatuta sumatzen du eta bitxia egiten omen zaio nola traba hori gainditutakoan, gorputzean bertan sumatzen duen klak hori, bulkadarentzat behar zuen edukiontzia aurkitu izanaren lasaitasunari esker.

Sentitutako bulkada edo ideia saila forma egokiaren baitan kokatu ondoren, forma horren barruko formak marraztu behar izaten dira, bulkada hori era egonkor samar batean eraiki eta eutsi eta horrek egitura sendo bat eskatzen du, noski. Egiturari dagokionean, hezurdura eratzeko une labain horietan, Alberdik askotan sentitu izan du beste idazleek askoz argiago izaten dituztela jarraitu beharreko pausuak eta askoz errazago eta azkarrago ebazten dituztela oztopoak berak baino, nahiz eta gero, haiekin traba horiek partekatutakoan, idazle gehienek antzeko arazoak dauzkatela konturatu: “Ez dago lanik gabeko testu onik, normalean ez behintzat. Behin tonua aurkitu eta testu masa handi samarrarekin nabilenean, funtsezkoa da egitura egokia topatzea, istorioari ahalik eta zuku handiena ateratzeko. Batzuetan etxea –egitura orokorra– daukazu eta gelak jantzia behar dituzu… Beste batzuetan gertatu izan zait gelak argi ikustea, geletatik hastea, baina ez ikustea etxe horren irudia osotara eta horrekin ere ibili izan naiz borrokan”. Borrokatzeko era mordoa dago eta norbere burua trabatzeko nahi beste aukera, norberak norberari jarritakoetatik hasita. Norberarengan ziurtasunik ez izatea izan liteke horietariko bat, ohiko samarra gainera.

Irati Jimenezek berehala nabarmendu du oztopo hori, nagusienetariko baten moduan eta ez omen dator ezerezetik. Hasiberri batek idazkuntzan lehen urratsak eman aurretik izan dezakeen trabarik behinenetarikoa izan daiteke konfiantza gabezia eta euskal literaturaren kasuan, jarraibide faltari egozten dio arazoa: “idazleok autodidaktak izatera behartuta gaude, neurri handi batean, eta nik uste dut hori gaztetxoentzat oztopo handia dela, segurtasun falta eragiten duelako”.

Ezgaitasun sentipen horren kaltea gaztetxoetatik harago doala sumatzen du gainera; sistemaren beraren maila literarioarentzat eskasa dela uste du, literatura aztertzeko, zabaltzeko eta ebaluatzeko gutxieneko irizpide eta erreferentzia teknikoak faltan ematen baititu. Sormenarentzat arriskutsua da falta hori, eta sormenarentzat bakarrik ez, sortzaile bakoitzarentzat ere trabagarria dela irizten dio, irizpide horiek ez izateak, sormenarekin lotutako traba nagusia hauspotu egiten duela sinetsita dago: “Kendu eguneroko traba txikiak –testuaren inguruko arazo teknikoren bat, denbora ateratzeko ahaleginak egin behar izatea eta abar– eta agertuko zaizu beti oztopo nagusi berbera: beldurra. Blokeoa deitzen dugun horren atzean horixe egon ohi da, formaren batean zein bestean. Sormenari lotutako prozesuak geure baitarako bideak diren neurrian geure izuetara garamatzate eta izu horiek gainditzeko tresna boteretsua izan daiteke”.

Norberaren baitan bizi diren mamu eta bizi ez diren pertsonaien arteko elkarbizitza hori jasateko eta kudeatzen ikasteko modu bezala ikus liteke literatura, eta Jimenezen begiradan, literatura maitatzeko arrazoi nagusienetarikoa, hain zuzen, hori da; beldur horietara bidaiatzeko eta haiek deseraikitzeko tresna bat ere badela.

Konfiantza falta hori ez da egungo idazleen arazo garaikide bat, Orson Welles bera ere kexatu egiten zen, kapitulu bat amaitutakoan idazmakinak txalorik jotzen ez ziolako eta Haruki Murakamik ere bere buruaren aurkako eta aldeko borrokatzat hartzen du idazketa; gailur helkaitz harkaitzez bete baten igoerarekin alderatzen du eleberri baten prozesu luzea, tontorra zapaltzeko borroka basati baten moduan, irudi hori buruan duela eusten omen dio fedeari.

Idazteko oztopo bakarrak ez dira formaren bilaketa, egituraren diseinu doi-doiarekin asmatu beharra eta autokonfiantza eta erreferentzia gabezia izaten, eguneroko bizitzak berak trabak ipin ditzake bidean norberak traba horiek aurreikusi eta saihestu ezean.

Virginia Woolfek, emakume batek eleberri bat idaztekotan, aurrez jabetzan diru mordoxka bat eta gela eroso bat behar zituela baieztatzen zuen eta biak ala biak ez dira betetzen hain errazak diren baldintzak, dirua denborarekin eta gela barne bakearekin lotuta dagoela aintzat hartzen baldin badugu.

Denbora idazteko oinarrizko baliabide fisiko bat den heinean, oinarrizko traba bat izan daiteke honen gabezia edo kalitate falta. Literaturari denbora eman eta literaturarentzat denbora hartu behar horretan, denbora asko igaro liteke tartean eta baliteke tarte hori ez aski erabilgarria edo asegarria izatea. Peru Magdalena idazleari honen inguruan gogoetatzeko eskatuta, bere antolaketari begira jarri da: “Nekez aprobetxatuko dut hartutako denbora buruan beste kontu batzuk badarabiltzat. Eta nekez hustu eta prestatuko dut burua gero lan literarioa garatzeko beharrezko denbora zelairik ez badut”. Elkar irensten duten baldintzak dira eta elkarrengandik askatzen zailak.

Kalitatezko denbora izendatzen dugunean, arreta handiz lan egiteko denboraz ari gintezke, burua askatzeko eta aske mantentzeko gai garen denboraz, distira uneak lortzeko baldintzak esleitzen dituen denboraz… Eta hain zuzen, denbora mota honek guztiak, denbora mota hau era jarraian mantentzea zail lezake, gehiegizko entusiasmoa ere izan daitekeelako traba bat, bai behintzat, Alberdiren kasuan: “Istorio batekin nabilenean nahiko eszitatuta egoten naiz, oso-oso zentratuta egoten naiz eta lo ezina izaten dut. Denborak zaintzen saiatzen naiz: gauean idazten ez diot uzten nire buruari, ez baitut horretara ohitu nahi. Ohera goiz sartzen naiz, kostata lokartzen naiz baina gero nahi baino askoz lehenago esnatzen naiz berriz idazten hasteko gogoz egoten naizelako”. Garai horietan gorputzari nahi baino tratu eskasagoa ematen diola antzematen du, ez baitzaio erraza aski atseden hartzea. Berarentzat idazteko ordurik oparoenak goizeko 6:00en ingurukoak izaten dira eta izugarri gozatzen du mundua lo eta bera bere pertsonaiekin esna dagoen ordu horietan idazten. Ordu emankor horien ondoren, goizeko 10:00ak inguruan logurak harrapatzen du eta ez du beti lotarako egokierarik aurkitzen.

Trabek traba egiten dutenez, idazleek traba horiek leuntzeko bitartekoak bilatzen dituzte, nork bere modura. Jimenezek bere izuei begiratzeko tartea hartzen du eta berradiskidetzeko baliagarri zaio literatura, Alberdik ere badauzka errutina jakin batzuk eta loaren eta bizi erritmo lasaiago baten mesedetan, iluntzeko 19:00tik aurrera buru-lanik ez egiten ahalegintzen da, atsedena bermatzeko. Onartzen du, hala ere, zenbaitetan ohera sartutakoan ideia ederren bat bururatzen zaiola eta baduela paper mutur batean edo mugikorrean oharrak hartzeko ohitura, ideiak ihes egitearen larriminari aurre egiteko, batez ere, azken batean, batzuetan ideia horiek garatzeko modukoak izaten baitira.

Irtenbide orokorrago gisa, Alberdi lasaiago bizitzen eta erronkak lasaiago hartzen saiatzen da, neurriz kanpo ez lanpetzen eta egunean-egunean, pixkana-pixkana egindako lanean sinesten: “Gaur zerbait ez egiteagatik bizitza ihes joango zaidala ez sentitzen ahalegintzen naiz, garai deskontrolatuak ez luzatzen eta lan jarraituak ematen dituen emaitzetan konfiantza izaten”.

Norbera norbere nagusi eta kudeatzaile izateak badauka ederretik eta errazgarritik baina baita arduratik eta buruhausteetarako arriskutik ere, norberak ezartzen baititu neurriak eta norberak salbuespenak. Idazteko ordutegiaz gain, idazteko aukeratzen den guneak ere idazle askorengan dauka eragina. Agatha Christieren traba handienetarikoa inspirazio falta izaten zen, leku berean askotan idatziz gero agortu egiten zenaren sentipena zuelako. Horregatik guneak aldatuz joateko ohitura omen zeukan, etxeko gela ezberdinetan saiatzen omen zen lan egiten, edo kafetegi berriak ezagutzen eta probatzen, trenean idazten, hoteletan… Ez zen geldirik egotekoa eta buruhausteak sortzen omen zizkion gunearen bilaketak. Guneaz eta uneaz aritu da Magdalena bera ere, guneen eta uneen trabez eta aukerez.

Trabak izendatzeko eskatuta, bi traba handi otu zaizkio lehen kolpean: denbora eta deskonexioa. Bi horiek eta bi horiek baino zehatzago; denbora eta deskonexioa lortzeko autodiziplina falta aipatu ditu: “Dispertsiorako eta sozializazio konstanterako joera dut eta horrek zaildu egiten du idaztearen langintza. Hala bada, esku artean dudan proiektu bati benetako bultzada bat eman nahi diodanean, zera egiten dut: kontzienteki isolatu”.

Norberak norbere trabekin topo egin beharrean eta oztopo horiek deseraiki beharrean, traba horiek ez dauden ekosistemak eraiki ditzake idazleak, hortik dator agian idazle bakartiaren iruditegi hori. Trabak ezabatzeko modu bat trabarik gabeko guneak eta bizitzak aukeratzea baita, trabak trabatzea. Magdalenak halako teknika eta ohitura batzuk garatu ditu urteak pasa ahala: “Inguruari hala adierazi eta beste nonbaitera joatea da trabak gainditzeko moduetariko bat. Lotura edo enkargu txikiak geroratu eta bakardadera behartzea neure burua. Ordu tarte luzeak zenbait egunez, edota posible denean, egunak edo asteak. Horretarako, etxetik eta ohiko ingurutik aldentzen naiz. Baten baten etxera joan naiteke, monasterioren batera ere joan naiz behin baino gehiagotan, edo oraingo moduan, aukerarik denean, turismorik gabeko leku edo irla batera joan”.

Norbere burua gehiago entzuteko, besteena gutxiago aintzatesteko eta denborak ihes egiteko zirrikitu gutxiago egoteko har liteke isolatzeko erabakia eta oztopoetariko asko txikiagoak izan litezke horrela, ez beti, baina bai askotan. Ez erabat, Magdalenaren kasuan: “Isolatzeko erabakia hartzen dut, beraz, batzuetan, oraintxe bezala, eta behin han nagoelarik, honen moduko enkargu txikirik ez dut hartzen. Baldin eta ez bada, honen moduan, nire autodiziplina faltaz gogoeta egin eta horretaz kontzientzia behartuta, indarberriturik, bultzatzen ez baldin banau idaztera”. Nork daki, agian traba da bidea.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)