Erreportajeak

Kaspar Hauser, misterio baten oihartzunak

Asteazkena, 2018-12-26

Kaspar Hauserren kasuak interes handia piztu du belaunaldiz-belaunaldi. Alemanian, Nurenbergen 1828ko maiatzaren 26an 16 urte inguruko gazte bat azaldu zen, eskuan nota bat zuela, bertan bere izena idatzia: Kaspar Hauser. Une horretan Hauserrek ez zekien ez idazten, ez irakurtzen, ez hitz egiten. (Argazkia: Werner Herzog-en filmatik).

Handia filmean bada eszena bat zeinean protagonista zirku batean erakutsia den. Garaiko “arraroak” ziren pertsonak erakutsiak ziren halakoetan, kasu askotan kolonialismoak hauspotuta, beste batzuetan gaixotasun ez ohikoak ikuskizun bilakatuz eta fantasiaz jantziz. Aurrez aurreko interneta zen, teklaturik gabeko youtubea. Werner Herzogek Kaspar Hauser. Jeder für sich und Gott gegen alle (Every Man for Himself and God Against All) filmean kontatu zuen Hauserren bizitza, eta bertan ere bada antzeko eszena bat, erakarpena eta beldurra sortu zituen Hauserrek ere. Pertsona bezala guztiz deseraikia azaldu zen Hauser, inguruko zenbait lagunek kasuaren berri izan eta bere hezkuntza bultzatu zuten, baina beti ere kuriositatez inguraturik. Bere hezkuntzak sortzen zituen gastuak betetzeko, freak ikuskizunetara eraman omen zuten. Herzogek berak esan zuen Hauserri buruz:

“Kaspar kulturarik gabeko izaki bat zen, zentzurik puruenean, ez zuen hizkuntzarik, ez zibilizaziorik, egoera basa batean dagoen gizakia, kaikua. Ez idiota bat, baizik eta santua.”

Misterioa ez da sekula guztiz argitu. Nor zen gazte hura? Nondik zetorren? Non egon zen gordeta hamasei urtez? Nork gorde zuen? Zergatik? Nola da posible pertsona bat hainbeste urtez bizitzea, beste pertsonen, gizartearen berri izan gabe? Are hizkuntzarik, eta kulturarik gabe?

Mitoa ulertzeko saiakera

KasparHauser

Kaspar Hauserren kasuaren oihartzunak irudimena pizten jarraitzen du egun ere. 2017an Pepitas de calabaza argitaletxeak horren isla den liburua plazaratu zuen: Kaspar Hauser: ejemplo de un crimen contra la vida interior de un hombrezeinak berreskuratzen duen Paul Johhann Anselm von Feuerbach delakoaren testu bat. Egilea jurista bat izan zen izan, eta Kaspar Hauser ezagutu orduko bere babesean hartu zuen. Bertan kontatzen ditu Hauserrekin lehen eskutik izandako bizipen guztiak: pertsona gisa guztiz desegituraturik azaldu zenetik, misteriotsuki eraila izan zen arte. Tartean liburuaren egileak eta inguruko beste batzuek Hauser babestu eta hezi nahi izan zuten. Feuerbach-ek dioenez, Hauserrekin egindakoa pertsona baten barne munduaren kontrako delitua izan zen:

“Kanpo askatasun-gabetzea konponezina den gaizta izanik ere, inola ere ezin da konparatu barne askatasunaren ukazioak suposatzen duen gabetze erabatekoarekin. Hauserri barne askatasuna ukatu zitzaion moduak ia osorik suntsitu zuen, bizitza osorako barrutik elbarri utziz, ez baitzen soilik bere kanpo izate fisikoarekiko bidegabekeria gizerailea burutu, ez bada bere izate intimoenaren kontrakoa, bere existentzia mentalaren kontrakoa, bere pentsalari izaera den santuegiaren kontrakoa.”

Norbaitek itxita mantendu zuen Hauser txikitatik, mundutik isolatuta. Egurrezko zalditxo bat izan zuen jostailu bakar, bizirauteko behar zuen jana ematen zitzaion soilik, ez zuen sekula pertsonarik ikusi, ez zekien ezer pertsonen bizitzari buruz. Ez zekien hitz egiten, ez zuen kulturarik. Baina berak ulertzen ez zuen esaldi bat ikasarazi zioten buruz: “zadizkoa izan nahi dut nire aitaren moduan”. Are, ez zekien ibiltzen ere, gela txiki batean loturik egon zen heinean. Bat batean atxikirik eduki zuen hark askatu egin zuen, mundura jaurti, akaso zigor handiago batera kondenatuz: hutsetik gizarteratzea, kulturizatzea, emozioak hitzez definitzera, jendarte orotan den aurreiritzi eta makurkeriaren artean. Misterioa ez zen behin ere argitu: ezkutatu nahi izan duten printze baten semea zen Hauser? Zergatik hil zuten ostera, bere bizitza berregituratzen ari zela, ezustean hain modu krudelean? Akaso gizarteratzea lortu zuelako, akaso hitzaren jabe egin zen unetik beste mundu ikuskera baten jabe zela erakutsi zuelako?

Mundura guztiz akulturizaturik jaurtia den izaki helduak pertsonen eta izate humanoaren inguruko galderarik sakonenetara garamatza, akaso horregatik piztu du hainbeste antzerkigile, zinemagile, idazle, kantariren arreta. Pepitas de Calabaza-k plazaratu zuen liburuak badakarzki, gainera, beste harribitxi batzuk, nabarmenena Hauserrek berak idatzitako autobiografia laburra.

Peter Handke-ren Kaspar

kaspar

Peter Handke (Griffen, 1942) idazlearen obra aipatzean, “bere liburuetan gizonaren bakardadea eta inkomunikazioa kontagai” izan dituela esan izan da. Akaso horregatik, ez da harritzekoa Hauserren istorioa hartu izana Kaspar antzezlana idazteko. Kaspar 1967an publikatu zen, kezka garaikide existentzialen argitan irauli egiten du Hauserren gertaera, hizkuntzak torturarako eta inozentziaren galerarako tresna izan daitekeela argudiatuz.

Kaspar antzezlana ez da lan narratiboa, ez du bilatzen Kasparren istorioa kontatzea, ez du kutsu biografikorik. Gertuago dago teatro esperimentaletik, dramaturgia berrietatik. Hitza sentsazio eragile da, hitzaren erabilera plastikoa da, guztiz bat egiten duelako Kaspar Hauserren hitzaren aurkikuntzarekin. Testu hautsiak, errepikakorrak, mezu kateatuak, egileak hitzaren boterea ulertzeko ahaleginean balitz bezala, botere orok dakarren errepresiorako gaitasuna du hitzak ere. Egileak pertsona batekin egitera irits gaitezkeena erakustea du xede. Testu honek ez du kontatzen historia, testu honek ekintza teatral bat proposatzen du, gertatu egiten den zerbait. Horrekin batera, edo horregatik akaso, pasarte ezin ederragoak utziko dizkigu lanak. Une batean Kasparrek dio, “Apuntadoreak” deituriko koro batekin talkan:

“Hitz egiten dakidanetik, modu ordenatuan altxa naiteke; baina erorketek min ematen dute, hitz egiten dakidanetik; baina erorketen minak min gutxiago ematen du, minari bruuz hitz egiten dakidanetik;baina erorketek min handiagoa ematen dute, besteek nire erorketei buruz hitz egin dezaketela dakidanetik; baina erorketek ez dute batere minik ematen, mina ahaztu dezakedala dakitela dakidanetik; baina mina dagoeneko ez da gelditzen, dakidanetik, erorketez lotsa izan naitekeela.

(...)

“Esaldi oro

edukiontzi bat da

Esaldi oro

edukiontzi bat da

Esaldi oro

edukiontzi bat da”

(...)

“Elurra zuria zelako eta elurra nire bizitzan ikusitako lehenengo gaua zuria izan zelako, zuriak diren gauza guztiei “elurra” deitu izan diet. Norbaitek zapi zuri bat eman zidan, baina nik pentsatu nuen hozka egingo zidala, behin elurrak hozka egin zidalako ukitzean, eta ez nuen zapia ukitu, eta “elurra” hitza ikasi nuenean elurra deitu nion zapi zuriari”.

Kaspar Hauserren arrastoan, sormenaren bidetik

kasparianaOdin Teatret-en Kaspariana antzezlana

Asko dira Hauserrek inspiratutako testuak, kantak, filmak, eta etengabe azaltzen dira berriak. Erreportajean aipatutakoez gain, Georg Trakl poetak “Kaspar Hauserren kanta” idatzi zuen, baita Paul Verlainek ere; Paul Austerrek Kristalezko Hiria nobelako Peter Stilman sortzeko erabili zuen; Handke-ren testuaren garai bertsuan Odin Teatret antzerki talde mitikoak Kaspariana lana taularatu zuen, Ole Sarvigen testu bat oinarri; Jakob Wassermann, Octave Aubry eta Karl Gutzkowek nobela bana idatzi zuten.

Musikan ere izan du oihartzuni. Honatx Suzanne Vega kantariak sortutako Wooden Horse (Caspar Hauser's Song) 1987ko Solitude Standing diskoan publikatua:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)