Erreportajeak

Kontatu ez dena kontatzeko hiru bide

Osteguna, 2018-10-11

Ba al dakizu zerk lotzen dituen Joyce Carol Oates (idazlea), Jana Leo (artista) eta Virginie Despentes (idazlea)? Bada, gai batek: hirurek idatzi dute bortxaketaz. Hirurek kontatu dute bortxaketa, eta nork bere erara egin. Hiruren bideak aurkeztu nahi dizkizuegu erreportaje honetan.

HIK HEUK EGIN BEHARRA

Lerro hauetara ekarriko ditudan hiru autoretik bik beren haragitan bizitako bortxaketa kontatu dute. Eta biak datoz bat: bortxaketaren ostean, bila eta bila ibili ziren liburutegi eta liburu-dendetan, baina ez zuten aurkitu beren esperientziaz argirik eman ziezaiekeen alerik.

Virginie Despentes: “Bortxaketaren ondoko hasierako urteetan, ustekabe triste bat: liburuek ezin izango didate lagundu. Ez zitzaidan inoiz halakorik gertatu. 1984an, esaterako, hilabete batzuetan ospitalean itxi nindutenean, handik atera eta irakurtzen hastea izan zen nire lehen erantzuna. (…) hainbat saiakera psikiatriari buruz, jendea ospitale psikiatrikoetan barneratzeari buruz, zainketari eta nerabezaroari buruz. Hor nituen liburuak, lagunkide, gertakaria gertagarri bihurtzen zuten, esangarri, partekagarri. Espetxea, gaixotasuna, tratu txarrak, drogak, abandonuak, erbesteratzeak, trauma orok du bere literatura. Baina trauma erabakigarri eta funtsezko horrek, alegia, “izaki bat indarrez har dezakegun eta babesik gabe gelditu behar duena”, trauma horrek ez zuen tokirik literaturan. Bortxaketa jasan eta gero, emakume bakar batek ezin izana zuen hitzak erabili gertaera hura eleberri batera eramateko. Deus ere ez, ez bidea erakusteko balio zezakeen, ez lagungarria izan zitekeen ezer. Ez zen esparru sinbolikora igarotzen. Harrigarria da emakumeek ezer ez esatea neskei, ez irakastea horren gaineko inolako jakintzarik, ez bizirauteko jarraibiderik, ez aholku xume eta baliagarririk. Deus ere ez”.

Jana Leo: “Gertatu zitzaidana ulertze aldera, erantzunak bilatu nituen, baina ez nuen aurkitu nire egoera azaltzen zuen libururik: neuk idatzi behar izan nuen neure liburu propioa”.

Toni Morrisonek ere halakoxea omen du aholkua: etxeko apalategian nahi zenituzkeen liburuak idatzi behar zenituzkeela dio. Apalategi horretan lagun egin diezazuketen hiru libururen berri emateko saioa duzu hauxe. 


ErrepoDanele03

OATES: IRUDIMENAREN TRESNAK

Hasteko, fikzioa.

2003an eleberri labur bat publikatu zuen Joyce Carol Oatesek: Rape: A Love Story. [Bortxaketa: Amodio istorio bat]. Izenburutik bertatik, badu mamirik. Hain gordina lehen kolpea, hitza bera, eufemismorik gabe. Eta, gero, ostera, azpititulua. Kontrastea, eta agian nahastea. Ez al du ba esan nahi izango, zera, boteprontoan etorri zaidan hori, tira, bortxaketa eta gero, ba, maitemindu egingo direla biak?

Bada ez. Zorionez. Inondik ere.

Sinopsi subjektibo bat: Uztailaren laua, AEBetan independentzia lortu izana ospatzen duten eguna, XX. mendeko azken hamarkada edo XXI. mendeko lehena, Niagara Falls hiria. Jaiegun handiaren eguzki orduak amaitu dira eta jai-gaua da honezkero, jendea mozkor dago kalean eta etxeetan, dantzan, txapliguek zeruan eztanda. Teena Maguire 40 urte inguruko emakumea badoa etxerantz. Parke zertxobait iluna gurutzatzea erabaki du, etorbide argiztatutik joan beharrean (etorbide argiztatutik joanez gero hamar minutu gehiago tardatuko dituelako eta atseginez begiratu ohi duelako nola islatzen den ilargiaren argi aztia lakuan). Etxera bidean doa, beraz, eta hantxe topatu ditu bost, sei, zazpi gizon gazte, aurrera egin nahi izan du beren txistu eta irain eta barre eta zakarkeriei entzungor eginda, baina gehiago direnez harrapatu dute, eta herrestan eraman egurrezko txabola abandonatu erdi-usteldura, garai batean laku garbiagoan nabigatzen ziren txalupen gordeleku, hara eraman dute eta apurtu diote arropa eta bata bestearen atzetik sartu diote zakila, alutik eta ipurditik eta ahotik, kolpeka etengabe, iletik tiraka, eta han utzi dute, konorterik gabe eta kaskezurra hauts, arnasa xuxurla, odola sudurrean bor-bor, pentsatu baitute hilik behar duela honezkero. Maguire, baina, bizirik dago. Maguire biharamunean iratzarriko da, bendaz josirik, ospitaleko ohean. Maguire ez baitzegoen bakarrik gau hartan, baizik eta 12 urteko alabarekin, zeina txiripaz libratu baitzen (besoa apurtu besterik ez zioten egin). Maguirerekin zegoen alaba eta alabak ez zuen nahi ama hil zedin: laguntza eskatu zuen bortxatzaileak urrundu bezain laster. Eta orduantxe hasiko da Maguireren bigarren infernua.

Oatesen eleberriak bikain irudikatzen duenez, bortxaketak salatzeko ausardia duten emakumeek eta haren ingurukoek, sarritan, sufrikario erantsi bat eraman behar dute salaketaren ostean. Eleberrian, hiriko komunikabideek titular sentsazionalistak argitaratuko dituzte Maguirek edan zuenari, jantzita zeramanari, hartu zuen bideari eta senarra hil zenetik izandako mutil-lagun kopuruari buruz. Mehatxuak idatziko dizkiote, margo beltzez, etxeko atarian. Eta abokatuak akusatuen aurkako froga genetiko guztiz ukaezinak aurkeztu arren, zalantzan jarriko dute emakumearen hitza epaiketan.

Mahai gainean jartzen du Oatesek auzia, ausart: justizia kamutsaren aurrean zer egin? Fikzioaren eremuan dabilenez, heroien eta elipsien lurraldean, irtenbide zorioneko bat dakarkio protagonistari. Bortxatzaileak banan-banan doaz erortzen, esku ikusezin batek bultzatuta bezala: batek bere buruaz beste egiten du. Beste bat tiroz hiltzen du zerbitzuz kanpo zegoen polizia batek. Bik, ustez, Kanadara egiten dute ihes, baina ez dira sekula itzuliko. Ez da amaituko Maguireren bizitza. Lortuko du, azkenean, aurrera egitea. Bai eta alabak ere.

Baina… zer gertatzen da justizia-egile anonimorik apenas dagoenean?


ErrepoDanele04

LEO: EGITURA SALATU

“Arkitektoa eta filosofoa naizenez, ni bortxatu ostean sortu nuen testuak biak uztartu ditu azkenean: eleberri existentziala eta hiriko bizimoduari buruzko saiakera. Errealitateak gainditu egin du fikzioa, eta pentsaezina gertatu da: bortxaketa erabili dute higiezinen arloan mobbing-a egiteko”. Horra hor Violación Nueva York liburuari buruzko zenbait zertzelada argigarri, Jana Leo autoreak berak emanak.

2001ean bortxatu zuten Leo, etxean zela, New Yorken. Gizon batek atea jo zuen, eguerdi partean, pistola eskuan, eta dirua eskatu zion lehenik. Leok gainean zeukan guztia eskaini zion –20 dolar–, baina azkenean gauza materialik lapurtu gabe alde egin zuen gizonak, bi ordu beranduago. Urtarrilaren 25ean gertatu zen, eta sei urte iraun zituen, gero, bide judizial eta dokumentalak.

2009an argitaratu zuen Leok Rape New York eta 2017an itzuli zuen gaztelaniara (madrildarra da). Liburuak xehe biltzen ditu bortxaketa gertatu osteko guztiak, baina testua idatzi ez ezik, bestelako arte-adierazpenak ere erabili zituen autoreak bere kasuaz hitz egiteko. Erakusketa bat antolatu zuen New Yorkeko galeria batean, eta hantxe ipini zuen bortxaketaz geroztik bildutako artxiboa: poliziaren txostenak, argazkiak eta beste hainbat agiri.

Leoren kontakizunean azpimarratzekoa da, bortxatzailea bera salatzeaz gainera, eraikinaren jabea ere salatu zuela. Zergatik? “Atariko sarraila izorraturik zegoen duela zenbait egunetik eta orain banekien berriro gertatu ahal zitzaidala. Etxe-jabeari eskatu nion konpontzeko, eta harri eta zur geratu nintzen haren erantzunarekin: “Zer uste duzu, Park Avenuen bizi zarela?”. Horixe esan zidan, nahiz eta bazekien zer gertatu zitzaidan. Horrek piztu zuen dena, izugarri haserretu nintzen. Handik joan nendila, horixe nahi zuen etxe-jabeak benetan. Izan ere, norbaitek eraikina utzi aldiro, etxe-jabeak prezioa igo zezakeen, eta %20 gehiago irabazi. Urte hartan, adibidez, 100.000 dolarreko etekina atera zion eraikinari”.

Laburbilduz, New Yorkeko gentrifikazio-prozesua salatu zuen Leok. Eta zer da hori? Bada halaxe azaldu zuen Ibai Atutxa literatur ikertzaileak Argiako elkarrizketa batean –New Yorken bizi izandakoa da Atutxa bera–: “New Yorken, gerraurreko etxe batean bizi nintzen, ordaindu nezakeen toki batean. Halako etxeek alokairu mota finko bat daukate: alokairuaren urteko igoera ez du merkatuak erabakitzen, esan ohi den bezala, baizik eta hiriak edo estatuak. Beraz, oso gutxi igotzen da eta jendea geratu daiteke luzaroan etxebizitza horietan. Nire blokeko biztanle gehienek 30 urte inguru zeramaten han, edadetuak ziren, eta Karibe ingurukoak. Gehienak emakumeak eta gehienak beltzak. Hiru urtez bizi izan nintzen han, eta hasieran eta amaieran blokera sartzen eta irteten ziren gorputzak asko aldatu ziren. Zergatik? Ba justu auzoko zona bat oso cool bilakatu zelako, eta orduan jendea hasi zen ni bizi nintzen inguru horretara etortzen, eta han bizi zen jendea botatzen. Bizilagun bat joaten denean, alokairuaren prezioa pixka bat igotzen da, legeak baimendu adina, eta beste norbait sartzen da. Nire espeziea ez da halako etxe batean bizi 30 urtez, askok urtebete baino ez dute egiten. Orduan, pixkana-pixkana, prezioa badoa gorantz, eta kopuru jakin batera iristean, apartamentua merkatura askatzen da. Eta akabo”.

Leok salatu zuen prozesu horren eragileetako bat zela bera bizi zen etxeko jabea, eta segurtasun eza eta beldurra ereiten zituela etekin ekonomikoak handitu nahian. Epaitegiek berretsi zioten ustea.


ErrepoDanele02

DESPENTES: PUNKA IPARRORRATZ

Amaitzeko, euskaraz daukagun liburu bat: Virginie Despentesen King kong teoria (Itziar Diaz de Ultzurrunek itzulia eta Elkarrek eta Jakinek lankidetzan argitaratua).

Punkaren abaroan koskortu zen Despentes. Hala, erreportajearen hasieran aipatu dugun lema zaharrari jaramon egin, eta berak sortu zuen inoiz faltan sentitu zuena: bortxaketari buruzko narratibak. 1994an argitaratu zuen Despentesek Baise-moi opera prima: bortxaz eta umiliazioez nazka-nazka eginda dauden bi emakumeren mendeku-gosea eta ekina. Filma etorri zen gero, eta sona, eta polemika. Azkenik, debekua. “Debekatu beharra dago-eta hiru aktoresa pornok eta puta ohi batek bortxaketari buruzko film bat egin dezaten. Aurrekontu txikikoa bada ere; are generoko film bat edo parodia bat bada ere. Garrantzitsua da. Irudi luke Estatuko segurtasuna ere jartzen ari garela mehatxupean. Ezin da talde-bortxaketa bati buruzko filmik egin ez badira neskak agertzen negar batean eta sudurretik mukia dariela mendekatuko dituzten gizasemeen sorbalden gainean”.

Despentesek berak aitortua, filmaren inguruko zalaparta guztiak eragin handia izan zuen beraren gainean: “Ez zen ohartuki erabakitako zeozer izan. Biziraupen sozialerako kalkulu gisako bat baizik. Guztia: nire gorputzaren mugimenduak mugatzea, keinu leunak lehenestea. Ahoskera mantsotzea. Beldurra ematen ez duena hobestea. Ilehori bihurtzea. Hortzak konpontzea. Bikotea osatzea ni baino zaharragoa, aberatsagoa eta ospetsuagoa zen gizon batekin. Ume bat izateko gogoa. Besteek egiten dutena egitea. Filmaren iskanbilaren ondotik. Haien dekoratuarekin bat etorri nahi izatea apur bat. Denbora lasai hartzea. Edateari uztea. (…) Ahal izan nuen guztia egin nuen ez nabarmentzeko… Baina ez zen bilakaera neutro bat izan. Nik baimendutako ahultze-bide bat izan zen”. Atzera punka agertu arte. Courtney Love, zehazki. Idazten jarraitu zuen orduan Despentesek, eta beste bost eleberri publikatu 2006ra bitarte.

2006an, ordea, zer? Bada, mugarri bat. Saiakera autobiografikoa dela dio wikipediak. Transfeminismoaren manifestua, berriz, kontrazal batzuek. King kong teoria. Fikzioari ez baizik testigantzaren eta hausnarketaren bideari heldu zion idazleak bere bortxaketa kontatzeko. Talde-bortxaketa bat, lagun batekin autostop egiten ari zela, gazte. Liburuak beste hamaika gai zeharkatzen ditu zorrotz, baina hori du abiapuntu. Nola egin zion aurre Despentesek bortxaketari, emakumeoi ustez sekula gerta dakigukeen gauzarik okerrenari. Zer egin zuen desizozteko. Bizirik jarraitzeko.


BIZIRIK

Horrexek lotzen baititu gaurko hiru protagonistak: bizirik jarraitu zutela denek. Teenak, Janak eta Virginiek, nork bere gisara; nor bere tresnekin.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)