Erreportajeak

Literatura distopikoaren berpiztea

Ostirala, 2018-12-21

Aspalditik, ez dago utopiarako lekurik gure bizitzan. Mundu berria eta hobea nahi dugu, baina egiten al dugu ezer hori lortzeko? Literatura distopikoak zer gerta litekeen ohartarazten digu, aldaketak egiten hasi ezean.

Azkenaldian, kultura-munduan genero distopikoa berpiztu egin dela entzuten da behin eta berriro. Zinema-aretoetan eskaintzen diren filmen edo telesailen katalogoa ikusi besterik ez dago: Mr. Robot, Black Mirror, Terra Nova, Alphaville, Gatacca, Matrix, Elysium, Equilibrium, What happened to Monday?, The Zero Theorem edota Dark City lanetan, nabaria da joera hori, literaturara ere heldu dena.

Baina zer da, zehazki, literatura distopikoa? Laburbilduta, distopian planteatzen den munduan arrazoibide ideologikoen kontraesanak azken muturreraino eramaten direla esan daiteke. Askotan, pribatutasunik eta askatasunik gabeko etorkizuna irudikatzen dute idazle distopikoek, non elite ahalguztidunek zientzia eta teknologia baliatzen dituzten gizateria esklabo bihurtzeko. Genero honek jardunbide sozial eta politiko problematikoak eskaintzen dizkigu, ez ditzagun jo ziur, natural edota ezinbestekotzat. Hau da, gaur egungo gizarteen oinarri diren ideologiek eta jokamoldeek (sozialismoa, kapitalismoa, estatuen/gobernuen kontrola, kontsumismoa, mendekotasun teknologikoa eta abar) izan dezaketen arriskuaz ohartarazten du.

Nahiz eta distopiak gaur egungo fenomenoa dirudien, literaturaren historian istorio distopiko asko aurki daitezke (Johnathan Swift-en Gulliverren bidaiak (1726), esate baterako). XIX. mendean hazi eta barreiatu zen (Jules Verne-ren Paris au XXe siècle (1863koa, 1994ean argitaratua), dagoeneko generotzat hartuta, baina izen finkorik gabe, eta sozialismoa, sekularismoa eta feminismo goiztiarra orduko lan distopikoen eragingarriak izan ziren.

Azkenean, ofizialki, literatura distopikoa XX. mendeko 20ko hamarkadan jaio zen (Yevgeny Zamyatin-ek We (1921) eleberria argitaratu zuenean, agidanez), orduko une historikoaren eraginez: Lehen Mundu Gerra bukatuta, Alemanian nazismoa sortu zen, erregimen sobietarra zenbait herritan finkatu zen, botere teknologiko berria gero eta handiagoa zen, arrisku nuklearra jadanik latente zegoen… Hori dela eta, ordura arte landutako utopia alde batera utzi eta distopia agertu zen indarrez literaturan, askatasunik gabeko etorkizun alienagarri eta zentzugabearen itxuraz (Franz Kafka-ren Prozesua liburuan (1925) planteatzen den bezala).


“Kezkarik handiena eragiten digu distopia gure errealitatetik gertu egoteak”


Genero honetako zenbait lanetan, azken finean, uneko ordena kritikatu ondoren, idazleek gizarteak irudikatzen dituzte, zeinak aditzera ematen duten amets utopiko batzuk betetzea ezbehar hutsa besterik ez dela. Gizarte horietan, estatuek zientzia erabiltzen dute biztanleak psikologikoki manipulatzeko eta gizarte-egonkortasuna lortzeko.

Kezkarik handiena eragiten digu distopia gure errealitatetik gertu egoteak. Hau da, zenbat eta onargarriagoa, are eta deserosoagoa eta hurbilagoa izango da distopia, eta are eta eragin handiago izango du irakurleengan. Zerbaitegatik dira krisi handiak distopiaren eragile edo inspirazio-iturri nagusiak. Adibidez, Karel Čapek-en Arrabioen gerra (1936) argitaratu zen nazionalsozialismoa eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna gero eta boteretsuagoak ziren garaian; 1984 (George Orwell, 1948) eta Fahrenheit 451 (Ray Bradbury, 1953) Bigarren Mundu Gerraren ondoren idatzi ziren; 70eko hamarkadako petrolio-krisiaren eraginez, ingurumenarekin loturiko kezkak planteatzen zituzten zientzia-fikzioko zenbait eleberri argitaratu ziren, Munduaren izena Basoa da (Ursula K. Le Guin, 1976), kasu. Gaur egun, badirudi etorkizun kezkagarrirantz egiten ari garela, hauexen eraginez: irailaren 11ko atentatuak, mundu-mailako krisi ekonomikoa, bideozaintza, komunikabideen boterea, gainpopulazioa, elikagairik eza, muturreko neoliberalismoa, suntsipen ekologikoa eta hainbeste herrialdetako gatazkak.

Egia esan, Will Self-ek (Great Apes, 1997) dioen bezala, utopiak eta distopiak unean uneko larritasunei eta neurosiei buruz hitz egiten dute, baina ez dute adierazten etorkizuna zuzentzeko edo hobetzeko nahia. Historian atzera begiratuta, arrazoia eman behar diogu, agian, XX. mendeko eragin handiko distopia asko bete egin baitira. Badirudi etorkizunean zer gerta daitekeen jakitea ez dela nahikoa horri dagokionez zerbait egiteko.

Distopia jorratzen duten liburuetan, garrantzi handia dute bai propaganda politikoaren, komunikabideen eta erlijioaren botereak bai zer egiten duten gobernuek botere horrekin biztanleen otzantasuna ziurtatzeko eta sistema ez aldatzeko (George Orwell-en Abereen etxaldea (1945) eleberrian bezala, non animaliek bete beharreko aginduak etengabe berridazten duten). Komunikabideen agintearekin batera, bestalde, oso garrantzitsuak dira biztanleak entretenitzeko eta alienatzeko bideak, esaterako, telebista, Internet, drogak eta kontsumismoa.


Azpigenero distopikoak

Distopiaren baitan, bi azpigenero nagusi daude: distopia nabariak, non argi dagoen gizartean (edo munduan) arazo bat dagoela (Katharine Burdekin-en Swastika Night (1930) edo Karin Tidbeck-en Amatka (2012), esate baterako), eta sasiutopiak, non egoera distopikoa ez den itxurazkoa, Behartsuak (Ursula K. LeGuin, 1974) edo Bai mundu berria (Aldous Huxley, 1932) liburuetan gertatzen den bezala. Bigarren azpigenero horretan, istorioetako unerik gorena ez da distopia aurkitzea, baizik eta konturatzea distopiaren krudelkeria dela, bereziki, munduak irautea ahalbidetzen duena (adibidez, Harry Harrison-en Make Room! Make Room! (1966) eleberrian, jendeak giza okela jakinaren gainean egon barik jaten du, elikagai-eskasia dela eta).

Azpigenero bi horiez gain, badaude beste batzuk. Horietako bat fikzio ekotopikoa da (climate fiction edo cli-fi, 2006an izendatua), eta ingurumenaren kontserbazioari edo suntsipenari buruzko istorioak eskaintzen dizkigu (Susan M. Gaines-en Carbon Dreams (2000), adibidez). Bitxia badirudi ere, ekologiaren aurkako distopiak ere badaude; horietan, gobernuek gehiegi babesten dute natura, edo egungo teknologia galdu duen gizartea bizirik irauten saiatzen da (Russel Hoban-en Riddley Walker (1980) liburuan gertatzen den legez).


“Zientzia-fikzioa eta surrealismoa ihesbidea izan dira, betidanik, erregimen diktatorialetan bizi diren idazleentzat”


Ekialde Ertaineko distopiak

Zientzia-fikzioa eta surrealismoa ihesbidea izan dira, betidanik, erregimen diktatorialetan bizi diren idazleentzat (Hego Amerikako edo Europako literaturan adibide ugari dago; pare bat jartzearren: Carlos Gagini-ren La caída del águila (1920) eta Alexander Bogdánov-en Estrella roja (1908). Hala, ez da harritzekoa egun narratiba distopiko eta surrealistaren beste bolada bat izatea, hauxe Ekialde Ertaineko idazleek eragina. Nahiz eta hango literaturan lehendik ere heldu izan zaien gai distopikoei, azken urteotan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira, Arabiar Udaberriaren bukaera mingotsaren ondorioz. Egipto, Tunisia, Libia eta beste herrialde batzuetako idazleek zientzia-fikzioa eta fantasia lantzen dituzte beren errealitate politiko iluna erakusteko, sexualitatearen edo ateismoaren moduko gai polemikoei buruz idazteko, edo gertaera historiko mingarriak aditzera emateko.

Hau da, Ekialde Ertaineko literaturan generorik goraipatuena olerkigintza izan bada ere, gaur egungo idazleak saiakuntzak egiten ari dira beste genero- eta estilo-sorta askorekin, eta, hala jorratzen hasiak dira komikiak eta eleberri grafikoa, beldurrezko eleberriak eta zientzia-fikzioko lan alegorikoak ere, besteak beste. Hori gertatzen da, alde batetik, generoak irudikatzen dituelako idazleek errepresioarengatik eta indarkeriarengatik sentitzen duten desilusioa eta, oro har, biztanleriaren frustrazioa; beste alde batetik, giro futurista horiei esker, idazleek politikari, erlijioari edo gizarteari buruz disidente eman gabe hitz egin dezaketelako.


Leni Zumas: «Munduari ikuspuntu feministatik begiratzen diogunean, distopia batean bizi garela konturatzen gara»


Horregatik, matxinadak gertatu eta ondorengo hiletan, demokraziaren eta askatasun handiagoaren zantzuak ezerezean geldituko zirela ikusten zenean, zenbait nobelagilek beren beldurrak eta frustrazioak izugarrizko istorio apokaliptiko ilunetan islatu zituzten (Nael Eltoukhyr-en Women of Karantina: A Novel (2014) liburuan, esate baterako, edo Mohammed Rabie-ren Otared (2016) eleberrian).

Iraultzatik igarotako urteetan, gain behera etorri da baikortasuna eta adierazpen-askatasuna (baita artistikoa ere) indarra erabiliz zapaldu da –Egipton, adibidez, gobernuak arte-aretoak itxi, eta liburu polemikoen ale guztiak konfiskatu dizkie argitaletxeei, beste neurri errepresibo batzuen artean. Beraz, espetxeratzeak eta zigorrak direla eta, askok susmatzen dute genero hau garatu eta hazi egingo dela zentsurari izkin egiteko eta, aldi berean, autozentsura saihesteko.


Distopia feminista

Literatura distopikoaren baitan, distopia feminista ere boladan dago (halere, ez da oraingo kontua; izan ere duela hamarkada askotatik erabili izan dute Ursula K. Le Guin, Octavia Butler eta Angela Carter idazleek, besteren artean, genero-identitateari eta bere mugei buruz hitz egiteko). Azpigenero horretako liburu futuristetan mahaigaineratzen dira misoginia, genero-indarkeria, ugalketa-eskubideen galera, erakundeturik dagoen sexismo eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko alde hedatu baino hedatuagoari buruzko galdera polemikoak, Naomi Alderman-en The Power (2016) edo Christina Dalcheren Vox (2018) liburuetan, esaterako.

Istorio gehienak etorkizunean gertatzen badira ere, oraingo haserrea eta nekea (genero rolak aldatzeko eta ez aldatzeko sorturiko borroka edo MeToo mugimenduaren emaitza kontraesanezkoak direla eta) bideratzeko erak baino ez dira. Istorio distopiko feminista anitz tirabira ugariko unetan sortu dira, non gero eta emakume gehiagok parte hartzen duten politikan, salatzen dituzten sexu-abusua eta sexu-jazarpena, eta borrokatzen diren gizarteak arrunt bilakaturiko sexismoaren aurka.

Azken finean, emakumezko idazleak jabetu dira sexuen arteko ekitatea lortzeko prozesua gelditu egin dela (edo, agian, atzera egin duela), eta horregatik, egoera horrek sortutako beldurra eta ardurak planteatzen dituzte beren lanetan. Leni Zumasek (Red Clocks, 2018) argi eta garbi esan zuen: «Munduari ikuspuntu feministatik begiratzen diogunean, distopia batean bizi garela konturatzen gara».

Beste azpigenero batzuekin gertatzen den bezala, zientzia-fikzioa eta distopia erabiltzen dira kasu honetan gaur egungo ardurak etorkizunean proiektatzeko, iraganari buruz hausnartu bitartean; beste alde batetik, zigor gisa ere baliatzen dira sarri, Hazards of Time Travel (Joyce Carol Oates, 2018) lanean bezala.

Era kontsekuentean, azpigenero honetan gero eta gehiago lantzen da emakumeen ugalkortasuna. Bereziki, nola mugatzen duen gizarteak emakumezkoen balioa eta zer gerta litekeen, gobernuek haurdunaldiak eta jaiotzak kontrolatuz gero. Margaret Atwood-en The Handmaid's Tale (1985) eleberria da horren adibiderik onena, baina beste asko ere badaude; baten bat aipatzearren, Louise Erdrich-en Future Home of the Lionig God (2017), non sexismoak eragindako arazoak eta arrazakeriak sortutakoak larriki bat egiten duten.


“Generoak gaur egungo gizarteen oinarri diren ideologiek eta jokamoldeek izan dezaketen arriskuaz ohartarazten du”


Dena den, distopia feministaren barruan beste banaketa bat egin daiteke: mendebaldearen eta ekialdearen artekoa. Mendebaldeko idazleak mintzatzen dira genero-ekitatea lortzeko edo horretan egindako aurrerapena ez galtzeko borrokari buruz; Asiakoek (Txinako Maggie Shen King-en An Excess Male, 2017) eta Ekialde Ertainekoek (Pakistango Bina Shah-ren Before She Sleeps, 2018), berriz, emakumeek beren herrialdeetan bizi duten zapalkuntza salatzen dute.


Euskal distopia

Euskal literaturari dagokionez, genero hau ez da asko landu, zoritxarrez. Iñaki Zubeldiaren Euskaldun bat Marten lehenengo zientzia-fikzioko euskal liburutzat har dezakegu, baina ez da lan distopikoa. 1982an argitaratu zenetik, generoari heldu dioten liburu bakan batzuk baino ez dira argitaratu, Maddi Peloten Teleamarauna (1987), kasurako.

Hala eta guztiz ere, badirudi egoera aldatzear dagoela, XXI. mendea hasi zenetik zientzia-fikzio distopikoak eta distopiak gero eta gehiago daudelako (nahiz eta, egia esan, oraindik ez barra-barra) euskal literaturan. Azkenaldian, eleberri distopiko hauek argitaratu dira euskal literaturaren esparruan: Asel Luzarragaren Karonte (2005), Fernando Morilloren Gloria Mundi (2004), Harkaitz Canoren Belarraren ahoa (2005), Iban Zalduaren eta Julen Ribasen Azken garaipenak (2011) –azken bi horiek, zehazki, ukroniak dira–, Maite Darcelesen Bihotzean daramagun mundua (2018) eta Garazi Albizuaren Izadia (2018).


Argazki-oinak:

1 Ursula K. Le Guin-en Behartsuak (ingelesezko argitalpena).

2 Maite Darceles-en Bihotzean daramagun mundua (Alberdania).

3 Karin Tidbeck-en Amatka (gaztelaniazko argitalpena).

4 Franz Kafka-ren Prozesua (alemanezko argitalpena).

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)