Erreportajeak

Rachel Cusk: Nola islatu esperientzia pertsonala subjektibotasunetik abiatu gabe

Ostirala, 2019-06-14

Azkenaldian bolo-bolo dabil auto-fikzioaren gaia hango eta hemengo literatur sistematan. Izendapen hori jarri zaio, baina, sakonean, bada auzi zabalago bat: nola uztartzen diren “irudimena” eta “errealitatea” literaturan; zer toki duen batak eta zein besteak. Auzi horren harira proposamen literario interesgarri bat egin du Rachel Cusk idazleak, Outline trilogiaren bidez. Hari buruzko zertzelada batzuk aletu ditugu erreportaje honetan. Irudia: The New Yorker aldizkaria.

BAT

Pisukideak gustuko du literatura, eta galdetu zidan: “irakurri al dituzu Rachel Cuskenak?” Ezetz nik. Izenik ere ez niola ezagutzen berak aipatu arte. “Bolada-boladan omen dabil”.

Googlen bilatu eta jakin nuen Rachel Cusk jaiotzez kanadiarra dela, baina Ingalaterrara aldatu zela, artean haurra zelarik, eta bertan bizi dela oraindik; jakin nuen, 90eko hamarkadaz geroztik, hainbat eleberri idatzi zituela –sariak irabazi ere bai–, eta ingelesdunek ez-fikzioa deitu ohi dioten generoa ere landua zuela. Jakin nuen Euripidesen Medea obraren bertsio bat idatzi zuela taula gainerako.

Eta, azkenik, jakin nuen zergatik zebilen boladan: Outline izeneko trilogia bat argitaratu duelako eta, bidenabar, buelta eman diolako, edo –esapide literarioago batekin adierazte aldera– beste koska bat estutu duelako azken urteotan literatura globalean nagusitu den auto-fikzioaren joera, eta, are, zalantzan ere zalantzan jarri duelako zer den auto-fikzioa, eta mahai gainean jarri duelako ale bat eta proposamen estetiko eta literario bat, “errealitatearen” eta “irudimenaren” arteko eztabaida amaigabearen harira.


 

BI

2014an publikatu zuen Cusk-ek Outline trilogiako lehen zenbakia: Outline zen hura ere. Eta zer zuen, bada, berezitik?

Hegazkin batean abiatzen da kontakizuna. Narratzailea Greziara doa, Atenasera, eta alboan egokitu zaion bidaidea hizketan hasi zaio, huntaz eta hartaz. Greziarra da gizona, eta deskubrituko dugu bi aldiz egon dela ezkonduta, hiru seme-alaba dituela, alaba Estatu Batuetan bizi dela beste emakume batekin–haren bikotekidearekin–, eta, semea, berriz, ez dela oso ondo moldatzen gizartean; deskubrituko dugu gizonak guraso zorrotz-zorrotz eta aberats-aberatsak izan zituela, senide guztiek ikasi zutela Ingalaterran, itsasontzi txiki bat daukala eta jaioterrira itzultzen den aldiro harekin ateratzen dela nabigatzera. Deskubrituko ditugu gizonak bere bizitzaz dituen teoriak. Narratzaileaz, berriz, ezer gutxi ikasiko dugu: idazketa-tailer bat ematera doala… eta kito.

Idazketa-tailerrak irauten duena, astebete, horixe da kontakizunaren eremua. Eta egunez egun, abuztuko sargoritan, hegazkineko eszena bera jasoko du irakurleak. Narratzaileak hainbat lagunekin egingo du topo –adiskideak, ikasleak, idazle-kideak–, eta gutxi-asko denek hustuko dituzte barrenak harekin. Denetik kontatuko diote: eguneroko gauza txikietatik hasi eta bizitzaren galdera handi-handietara bitartean biltzen diren guztiak. Narratzailea halako filtro bat bilakatuko da irakurlearentzat: jendearen iritziak, hausnarketak eta kezkak iragazi eta helarazten dizkion sare bat. Outline hitzak, besteak beste, silueta esan nahi du ingelesez, eta horixe da, hain justu ere, liburu honetako narratzailea, silueta bat, irakurleak argi-kontrara baizik ikusten ez duen norbait, harekin hitz egiten dutenen negatiboan eraikitzen den norbait.

Publikatu eta sekulako zurrunbiloa piztu zuen Cusken lanak. 2017an argitaratu zuen trilogiako hurrena, Transit, eta urtebete beranduago azkena, Kudos. Arrakasta handitu zaio liburuz liburu.

Bigarren eleberria Ingalaterran kokatua dago, Londresen, narratzailea bizi den tokian. Liburu horretan jakingo dugu, behingoz, nola deitzen den: Faye. Izenburuak dioen bezala, trantsizio bat kontatzen da bertan, narratzailea eta haren bi semeak etxez aldatu baitira –bikotea banatu aurretik, mendialdean bizi ziren–. Etxe-aldaketa eta etxea egokitzeko egin beharrekoak ez dira lantegi samurra, eta susmatu dezakegu bolada zail bat bizi duela narratzaileak, baina, berriro ere, hark ez digu zuzenean halakorik kontatuko; bidean topatzen dituenekiko elkarrizketek iradokiko digute iradoki beharrekoa. Bestalde, Brexit-aren prozesuak leku nabarmena du bigarren eleberrian.

Azken zenbakian, atzerrira bidean dago Faye, beste behin ere: literatur jaialdi batera joan da. Liburu honek badu lehenengoaren antzik, eta, hainbat zentzutan, trilogiaren zirkulua ixten du: besteak beste, lehenengo liburuan ezagututako zenbait pertsonaia eta egoera agertuko zaizkigu, berriturik. Bi liburuak hasten dira hegazkin batean, eta itsasoan amaitzen. Oso ezberdin, ordea. Horri, baina, artikuluaren bukaeran heldu nahi nioke berriz, eta, hori baino lehen, Cusken narratibari buruzko pare bat kontu aipatu nahi nituzke.


 

HIRU

Cusken obran, formak badu garrantzirik. Cuskek hainbat bide ibili ditu, eta beste hainbat urratu, emakumeen esperientzia egoki islatu nahian. Bere lehen eleberrietan, non, nolabait esatearren, normalean fikziotzat ulertzen duguna erabiltzen baitzuen, feminitatea eta satira soziala landu zituen. Ondoren, baina, iruditu baitzitzaion nobelaren egiturak berak arazo formalak ekartzen zizkiola emakumeen esperientziak islatu nahi zituen bati, ez-fikzioari heldu zion, eta garaitsu horretan argitaratu zituen, lehenago ere esan dugun eran, memoria gisako hiru liburu: ama bihurtzeari buruz bata, Italiara egindako bidaia bati buruz hurrengoa eta senarrarekiko dibortzioaz azkena.

Banaketari buruzkoak zurrunbilo izugarria zabaldu omen zuen prentsan, kritiketan eta baita idazlearen beraren inguruan ere.

Horren ostean, beraz, hausnarketa-prozesu luze bati ekin zion Cuskek, kontatzeko forma berri baten bila. Helburua, argi: esperientzia pertsonalak erakutsi nahi zituen, eta ez subjektibotasunez eta hitzez hitz, ezpada konbentzio narratiboetatik kanpo. Proiektu horren emaitza izan zen Outline trilogia.

Aurreko atalean saiatu naiz azaltzen zer duen berritik eta berezitik Cusken azkenaldiko proposamenak. Eta pentsatu dut Googlen haren izena berriro sartu eta autoreari berari ematea hitza. Hirugarren emaitzak piztu dit arreta: New Yorker aldizkarian 2018ko azaroan Cuski egindako elkarrizketa bat da. Elkarrizketa-egilearen galderak luzeak dira –Alexandra Schwartz du izena–, eta nabari da zorrotz irakurri dituela liburuak eta berdin hausnartu duela horien inguruan.

Halako batean, estilo-aldaketaz galdetu dio kazetariak idazleari: “Liburu hauek baino lehen, zenbait nobela idatziak zenituen, estilo konbentzionalago bati segika: bazen argumentu bat, baziren pertsonaiak, eta haiei gauza zehatzak gertatzen zitzaizkien. Zergatik eta nola ekin zenion idazteko estilo berri honi?”.

Cuskek, berriz, hala erantzun:

Nire ustez, idazteko arazo guztiak, funtsean, bizitzeko arazoak dira. Eta sormeneko arazo guztiak bizitzako arazoak dira. (…) Nik neuk egindako bidearen ondorioz, zenbait egitura hautsi zitzaizkidan eta konturatu nintzen zaharrak zirela. Adibidez, gaur kotxean pasa naiz Brooklyneko zubitik, eta akordatu naiz hainbat artikulu irakurri ditudala Estatu Batuetako errepide eta zubien inguruan: ez omen daude oso sasoi onean (…). Luzaroan egon dira hemen, baina horrek ez du esan nahi hemen egongo direnik betirako. Halako sentipen bat da: konturatzen zara norberaren kontzientzia, norberaren indibidualtasuna dirudien hori, bada, egiatan, egitura zahar eta agian zaharkituen gainean dagoela eraikia. (…)

Nire esperientzian, hizkuntzaren egiturak, esaldiaren egiturak, esaldiak berak badu halako oinarri bat, inork aztertzen ez duena. Jendeak esaldiak erabiltzen ditu (…) hor daudelako (…). Aipatzen dudan oinarri hori, ez da gauza txarra hori probatzea. Identitate pertsonala bertan behera uztea da, faltsuki hala ere, eta faltsua den identitate pertsonal bat babestea. Eta hori kenduz gero, izateak ez du halako muntarik, beste gauza batzuen neurria aldatzen da eta orobat aldatzen da gauza horien arteko harremana eta gauza horiek zurekiko duten harremana.

Idaztean, beti ibili naiz neure bizitzaren ildotik oso hurbil, ez ditut gauzak hutsetik asmatu eta ez zaizkit askorik interesatu ez arku narratiboa ez fantasia. Hau guztia bizitzarekin eta pentsamenduarekin loturiko arazo bat zen. Neure kautan galdetzen nuen: Zergatik gertatzen dira halako gauzak halabeharrez? Halako egitura batzuetan sartzen zara, bertan bizi zara, porrot egiten dute edo zuk zeuk uzten dituzu. Zergatik, baina? Horrek hautsi zuen nire estiloa.


LAU

Bigarren atalean solte utzitako hari bati heldu nahi nioke orain. Dagoeneko asmatuko zenuten, baina esango dut: Cusken trilogia liburutegian hartu eta segidan irakurri nuen; irentsi. Esan moduan, narratzaileak ez du inongo ikuspuntu argirik agertzen, gauzak besterik gabe gertatzen zaizkiola dirudi, eta berak gertatu ahala onartu egiten dituela, ekintza handirik gabe. Halako jarrera pasibo bat dario, itxuraz behintzat, edo hori iristen zaigu irakurleoi.

Hortaz, trilogiaren muina edo mezuak edo proposamenak zeintzuk diren galdetuz gero, inoiz baino gehiago, irakurleak hainbat gauza aipa ditzake: batzuk aipatuko lituzkete ezkon-bizitzari eta seme-alabekiko harremanari buruz egiten diren askotariko hausnarketak, beste batzuek, ordea, literaturaren industriaren itzalak, pertsonaia batek baino gehiagok kritikatzen baitu literatura guztiz merkantilizatu dela eta galdu egin dituela bere sortzezko helburu gorenak: liburuak produktu direla orain, eta ez besterik. Azkenik, beste batzuek nabarmenduko lukete trilogia honetan bikain islatzen dela gure garai indibidualista, jendeak ez baitu inongo interesik besteek kontatzen dioten horretan, eta nork berea azaltzea (eta saltzea) beste helbururik ez baitute.


 

BOST

Nik neuk, horretaz guztiaz gainera, beste gai bat azpimarratu nahi nuke. Fayek, bidean, askotariko pertsonak topatzen ditu: zahar, gazte, gizon, emakume, idazle, iturgin, herrikide, atzerritar… Ildo batzuk behin baino gehiagotan agertzen dira. Emakume artistek, adibidez, behin baino gehiagotan hartzen dute hitza, beren esperientziez ari: askok arrakasta izan dute, baina mugak ere aipatzen dituzte, eta zailtasunak. Narratzailea bera idazlea da, eta emakumea. Berak ezer aipatu ez arren, behin baino gehiagotan ikus dezakegu zer-nolako jarrerak dauzkaten beste idazleek, antolatzaileek eta kazetariek haren lanaren aurrean.

Berak ezer aipatu ez arren, trilogiaren azken zenbakiko azken eszenan aurkitu dut nik Fayeren (eta Cusken) iritzia, artearen munduan dabiltzan emakumeen egoerari buruz.

Faye hotelera bidean doa, parte hartzen ari den literatur jaialdia dela-eta editorearekin, itzultzailearekin eta hainbat kazetarirekin goiza pasa ostean. Halako batean hondartza batera iritsi da. Gizona besterik ez dago han. Biluzik daude denak, batzuk zirrika ari dira, beste batzuk beren kasara, eguzkia hartzen eta itsasoaz gozatzen. Sargori dago, Fayek bide luzea egin du oinez, eta hondartzan geratzea erabaki du. Arropak erantzi, kaira hurbildu eta badoa uretara. Halako batean, hondartzan zetzan gizonetako bat altxa –“gizon handi-handi bat”, “tripa biribil-biribilekoa eta urdaiazpikoak lako izterrak” dituena– eta kai-muturrera hurbildu da. Zakila atera –“zakil lodia”–, eta irribarrez beti –“iseka eginez bezala”–, txiza egiten hasi da, Faye bainua hartzen ari den tokirantz destatuz. Txiza-turrusta sendoa da, eta gizona pozarren ari da, azken tanta hustu arte Fayeri zuzenean begira. Fayek, berriz, begiradari eutsi –“gizonaren begi alai eta krudelei”–, eta zain geratu da, hark noiz amaituko.

Fayek itsasoa du euskarri, hark beheratzen eta goratzen du, itotzen utzi gabe.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)