Erreportajeak

Roberto Bolañoren obrara gerturatzeko hiru modu (gehiago)

Asteazkena, 2018-12-19

Roberto Bolañoren liburuak abiapuntu dituten hiru sormen lan proposatzen dizkizuegu erreportaje honetan. Bolañoren liburuetan murgiltzen hasteko, Bolañoren liburuetan murgiltzen jarraitzeko. (Irudia: Por el olvido liburua).

Heriotza agente komertzial ona da. Finkatu egiten ditu mitoak, babestu idazleak beren burutik, iritzi artikulu ezdeusak idaztetik kasu, ahobero eta egozentriko agertzea ekiditen lagundu, desmitifikaziotik babestu funtsean. Heriotzak, goiztiarra bada batez ere, finkatu egiten du obra baten kalitatea, egilearen zakurkeriak erromantiko bilakatu, detektibe bilakatzen ditu irakurle gosetiak. Heriotza agente komertzial ona da, urrezko bilakatzen ditu argitaragabe utzitako testurik mediokreenak, gutxieneko maila bat ematen die egileak berak arrazoi segur aski arrazoizkoengatik argitaragabe uztea erabakitako hainbat eta hainbat testu. Heriotza agente komertzial ona da, onerako denean: bigarren mailako bilakatzen ditu apurka egilearen argitzalak, bere obra finkatzen du memorian, sasipolemika mediatikoetatik askatu egiten ditu kritikari eta ikerlarien begiradak. Agian askeago bilakatzen da obra bera, egilearen egorik gabe bidea egiteko, edo egilearen egorik gabe ahaztua izateko, kasuan kasu.

Akaso hori geratu zen Bolañoren 2666 nobelarekin. Hil hurren zela utzi zituen guztiz amaitu gabeko nobela berriari buruzko argibideak: Bolañogaizotasunez hiltzear zelarik, seme-alabak izan omen zituen gogoan, haien etorkizuna, eta bere azkeneko lana bost liburukitan argitaratzeko asmoa agertu omen zuen. Liburu bakarrean argitaratu zen azkenean lana, egileak hasieran zituen asmo literarioei jarraika, eta hil ostean bere lanik aztertuena, komentatueta, goraipatuena bilakatu zen, 1998an argitaratriko Los detectives salvajesekin batera.

800px-Roberto_bolaño

Bolañozale basatiak

Ordutik handitzen joan da Bolañoren obraren itzala, oihartzuna, eta hura gurtzeko prest den irakurle, imitatzaile, goresle saldoa. Bolaño narraziogintza garaikide, batzuentzat posmoderno, funtsean kalitatezkoaren erreferentzia nagusietako bat bilakatu da XXI. mendeko literaturan. Etengabeak dira bere obrari egiten zaizkion erreferentziak, publikatzen diren azterketak, omenaldiak, hamaika bider hamaika haien liburuetan Bolañoren aipuren bat sartuko duten egile berriak. Heriotza agente komertzial ona da: Bolaño bizi izandako Blanesen ibilbide turistikoa ere osatu dute haren biografiako arrastoekin.

Zaleak bere bi nobela nagusien arten sumatuko dituzu batez ere, erdibiturik: Zein duzu gogokoen, zein irakurri zenuen lehenbizi, bietako zein berrirakurri duzu: 2666 ala Los detectives salvajes? Los detectives salvajes ala 2666? Eta biderkatuko dira lerro arteko azterketa mitomanoak: zenbat dago autobiografikotik Los detectives salvajesen? Bolañozale puristenek aldarrikatuko dute benetan literaturzalea denak haren ipuingintzan topatuko duela Bolañorik onena. Eta kuriosoena dena, poesia bere obran generorik bazterrekoena izanik ere, berak bere burua poetatzat jo zuen beti bere burua. Ale bakarrean kabitzen da, hala ere, bere obra poetiko osoa, La Universidad desconocida deiturikoan (eta haren osteko Poesia reunida delakoan) topatzen ahal da ia dena.

Euskal Herrira etorrita, Ibon Sarasolak oparitu zigun 2666 nobelako pasarte bat, euskaraz ezagutu dugun Bolañoren testu bakarra (Armiarma.eus-en dago irakurgai). Euskal mitomanoentzat bada datu kurioso bat: idazle gisa biziraun nahian zebilela, idazketa bestelako lan bitxiekin konbinatuz (camping bateko gaueko zaindari, kasu), hainbat literatur lehiaketetara bidali zituen bere testuak, eta baita irabazi ere: Los perros románticos poesia bildumagatik Irun-Hiria saria jaso zuen 1994an, Sensini ipuinagatik berriz Donostia-Hiria saria 1997an. Emausen eta bestelako bigarren eskuko liburu-dendetan adi ibiliz gero, topatuko duzue edizio haietako alerik. Erreferentziak tarteka azaleratzen dira: Beñat Sarasola idazleak Bolaño aipatu du Gaztezulo aldizkariaren 200. alean, bere erreferentzia kuttunen artean.

Bolañoren obran murgiltzeko hiru modu (gehiago)

Gehiago izan daitezke, zalantzarik gabe ehunka edo milaka bai, Bolañoren obran murgiltzeko zeharbideak. Jarraian hiru aipatuko dizkizuegu:

ARGAZKI INSTALAZIO BAT: Underbelly

Picture 015

Martxoa bitarte dago ikusgai Tabakaleran L’Intrus erakusketa kolektiboa. “Arrotza”ren gaia ardatz hainbat artistek egindako lanak topatzen ahal dira bertan, euskarri mota ezberdinetan: bideoa, soinu-eskultura, argazkia, arte instalazioa, performancea... Haien artean bada Underbelly izeneko argazki instalazio bat. Bertan gorpuak daude erretratatuak, periferietan, ez ohiko testuinguru ilunetan, hilik bezala. Bezala, ez delako hala. Lara Tabet egileak berak obraren aurkezpenean aipatzen du Roberto Bolañoren 2666 nobelan inspiratua dagoela: liburuan kontatzen den Santa Teresa hiriko 112 emakumeen hilketan eta haiek argitzeko ikerketa polizial antzuan. Honela deskribatu du obra Natasha Marie Llorensek:

“Autoaren argiek iluntasuna zulatzen dute, baina badirudi ez duela ikusten zementuzko oinarriaren beheko aldean desegiten ari den lur gorabeheratsua. Aldamioz eta eraikuntza-sarez inguraturiko eraikin batzuk hondoko itzalei gailentzen zaizkie, leiho guztiak ilunpetan daudela. Argazkiak espazio-bolumen ugari ditu; bolumen horiek elkarren ondoan badaude ere, elkarrekin zerikusirik ez dutela dirudi. Badirudi ez direla besteak barne hartzen duen indarkeriaren jakitun. Adibidez, argazkian kolore gorriko lur horren jatorria bilatu ondoren baino ez du ikuslearen begiak ikusiko emakume gazte baten gorpua, haren izter irmoak kaleko argiaren dirdai motelaren argitan. Soina gerritik bihurritzen du, eta badirudi aurpegi osoa ezpondan sartua duela. Badirudi arrastaka lurrera itzultzen ari zen unean hil dela; kamerak desagertu aurreko instantean harrapatu duen ezezagun bat da.”

Jakina denez, fikziozko Santa Teresak Ciudad Juarez erreala du oinarri.

KOMIKI BAT: Por el olvido

Azken urteetan sona handia lortu duen Paula Bonet ilustratzaileak eta Aitor Saraiba artista bilbotarrak elkarrekin publikatu zuten iaz Por el olvido (Lunwerg) liburu artistikoa, lehenak ilustratua eta bigarrenak idatzia. Liburua Roberto Bolañori egindako omenaldi bat da funtsean, egileek haren obrari dioten miresmena -eta tarteka obsesioa- da narrazioaren eta irudi askoren ardatza. Bolañoren erretratua bainoago, balizko Bolañozale baten erretratua da bertakoa, haren liburuak konpultsiboki irensteak sortzen duen zirrararen deskribapena, batez ere Los detectives salvajes nobelaren oinarrian dagoenari buruz gehiago jakin nahia. Non gurutzatzen dira, lan honen kasuan, autobiografia eta fikzioa? Los detectives salvajes nobelan bere gazte garaiko akorduak izan omen zituen oinarri Bolañok, gazte eta poeta zireneko garaiak, adiskidetasuna, bidaiak, abentura, lagunekin sortutako “Infrarealismo” mugimendu poetikoari omenaldia. Alter ego moduan aurkeztu zituen, beste izenez mozorroturik, bera eta bere gertuko hainbat lagun.

Mitomania biderkatzen ahal du horrek. Baina nobela hura On the road gaurkotu bat baino gehiago zen, oroz gain literatura basa delako: bere fragmentazioan esperimentala, garaikidea. Nobelaren hastapeneko kontakizun lineala apurtu eta liburuaren bigarren zati luzean lekukoen bitartez kontatuko ditu egileak protagonista nagusien ibilerak, zurrumurruen bitartez, begiztatze ahulen bitartez, istorio propioak dituzten bitartekarien bitartez, hirugarren ataleko epilogora iritsi arte.

Honatx Por el olvido liburuaren pasarte bat. Bertan egileak kontatzen du Bolañori buruzko liburu bat idaztea izan zuela behinola xede, baina ezintasuna sumatu zuela behin eta berriz:

“Idazlearen bizitzan sakon murgildu nintzenean leku zingiratsu batera heldu nintzen, eta orduan kontutu nintzen liburu hura publikatzea akats larria izango zela. Nicanor Parrarekin izandako amets bat oroitu nuen, zeinean baso bateko zuhaitzen artetik azaldu eta honakoa esaten zidan: “Bolañori buruzko egia bere liburuetan dago soilik”. Orduan jakin nuen nire proiektuak ez zuela zentzurik, nik Bolaño bere liburuetan nahiago nuela, Bolaño bere lumarekin ments nuen libreta merke batean poemak idazten, edo bere ordenagailu zaharrean nobela bat tekleatzen walkmanean musika entzun bitartean. Nahiago nuen Bolañok berak irakurri zituen gauzak, neurri batean denak garelako irakurtzen ditugun liburuak”.

SAIAKERA BAT: Cuerpos ajenos

Cuerpos ajenos. Ensayos sobre ética de la representación

Ez da berez Bolañori buruzkoa Jose A. Sanchez ikerlariaren Cuerpos ajenos (La Uña Rota) saiakera, baina liburuko argumentazioen zati oso handi batek 2666 nobela eta Angelica Liddell teatrogilearen La casa de la fuerza (La Uña rota) antzezlanak parez pare jartzen ditu, gorputza, artea eta politikari buruzko bre tesien ildoan. Jose A. Sanchez egile ezaguna da arte eszeniko garaikideen azterketagintzan eta XX. mendeko abangoardien erkaketan, berea da besteak beste “Dramatugias de la imagen” liburua. Lehen kolpean arrotza izan daiteke Bolaño eta Liddellen arteko parekatze hori gogoeta sakon eta zabalago baten abiapuntu bilakatzen da Cuerpos ajenos liburuan.

Gogoeta funtsean honakoa da: bi egileek hartu zituzten inspirazio iturri gisa Ciudad Juarezeko hilketak sormen lan propio bat egiteko. Zilegi da hori? Are gehiago, posible da hori? Posible du artista batek bere “gorputza jarri” besteen minari buruz mintzo denean? Inpostura bat da? Pose bat? Oportunismoa? Zer dago Ciudad Juarez hautatu izanaren oinarrian Bolañoren kasuan, zer Liddellenean? Azken honek dio La casa de la fuerza eguneroko matxismoen inguruko gogoeta dela, eta Ciudad Juarezek ondo adierazten duela kanpotik koloretsua den eta barrutik ustela dagoen egungo munduaren izaera. Baina, hala ere, bata zein bestearen kasuan, zilegi da sormenaren bitartez horrelako kasu batez apropiatzea? Honatx Sanchezek galdetzen duena:

“Zergatik ez aktuatu, gaizkiaren kontra hura errepresentatu beharrean, biktimen mina errepresentatu beharrean? Errepresentazioak, hilketen inguruko isiltasunaren kontra egin dezake, bai, baina ez ote du horrekin batera hilketa horien potentzial sinbolikoa indartzen?”

Ikerlariaren ustez idazle gutxi murgildu dira “azal eta gorputz” bere lanen idazketan. Defendatu egiten du hala ere Bolaño eta Liddellen hautua. Nahiz eta Bolañorena ez zen izan prosa “militante” baten eredu, Sanchezen ustez “bere militantzia idazketara ia inhumanoki entregatzean oinarritzen da, literaturan sutsuki sinesten zuelako. Bolañok gorputza jartzen zuen idazketan, literatura ez zelako berarentzat fantasia, hitzekiko borroka baizik, hitzek errealitateari hozka egin eta haiekin izerdi eta odol egiten zuen idazleak”.

Edozein aitzakia da ona irakurtzen hasteko.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)