Albisteak

Eider Eibarrek “Barrukoa” liburua aurkeztuko du gaur Gasteizen

Ostirala, 2015-06-12

Eider Eibar ilustratzaileak Barrukoa lana aurkeztuko du gaur Gasteizko Zuloa liburu-dendan Argitaletxea EDO!ren eskutik. Liburu-dendan bertan libururako sortutako ilustrazioekin erakusketa osatu du egileak, eta irailaren 5era bitarte ikus daiteke.

Gaur 20:30ean aurkeztuko du Zuloan Eider Eibarrek bere lan berria, Argitaletxea EDO!ren eskutik. Eider Eibar ilustratzaile ezaguna dugu euskal liburugintzan, idazle ugariren lanei irudien bidezko forma eman izan die, haur eta gazte literaturan gehien bat. Barrukoa lanarekin beste urrats bat eman du, eta liburuaren alde guztiak hartu ditu bere gain, hitzik gabeko istorio bat kontatzeko.

Irailaren 5era arte Gasteizko Zuloa liburu-dendan dago BARRUKOA KANPOTIK erakusketa ikusgai. Ondoren, Durangoko Arteka liburu-dendan ikusi ahal izango dira Eider Eibarren BARRUKOAtik sortutako ilustrazio, zirriborro eta bestelako arte lanak.

Barrukoa_wapp

Honela azaldu dizkigute argitaletxeko kideek liburuaren nondik norakoak:

BARRUKOAren barrukoa

BARRUKOA Eider Eibarrek bakarka argitaratu duen aurreneko liburua da. Aurrez, haur literaturako makina bat liburutarako marrazkiak egiten aritu da, beti ere beste idazleek sortutako kontakizunetako testuak ilustratzen. Oraingoan, ordea, irudiekin bakarrik osatu du kontatu nahi zuen istorioa, testurik gabe, eta aspaldidanik buru barruan izan dituen irudiak kanporatu eta guztiei zentzu eta hari narratibo bat eman die.

BARRUKOA bidaia bat da finean, barrura begira egindako esplorazio edo miaketa. Neskato bat dakusagu lehendabiziko orrialdeetan. Bere gurditxoko arkatz eta margoekin lurra marrazten hasiko da eta halako batean, ezustean, burua sartuko du bere marrazkietan, ostrukek burua lur azpian sartzen duten gisara. Ez, ordea, bere burua ezkutatzeko asmoz, arakatzeko intentzioz baizik.

Eta burua BARRUKOAn sartzearekin batera, eroriko bat izango du neskatoak, Aliziak untxiaren gordelekuan izaten duenaren antzekoa, baina marrazkien barrualdera jauzi eginez eta, hein batean, baita marrazkilariaren baitara ere. Hori bai, ikusi egin beharko da nola aterako den neskatoa barrutik kanpora…

Izan ere, xehetasunez gainezka egiten duten ilustrazioek osatzen dute BARRUKOA eta kontatzen duten istorioaz gain, ilustrazio bakoitzak bere izaera propioa duela ere esan daiteke.

Hori horrela, BARRUKOA liburuaren harira BARRUKOA KANPOTIK erakusketa ere prestatu du Eider Eibarrek. Ikusgai jarri ditu liburuko marrazki bakoitzera iristeko emandako pausoak eta, beraz, BARRUKOA liburuko ilustrazio orijinalak erakustearekin batera, bozeto, zirriborro, saiakera eta alde batera utzitako materiala ere aurkeztu du.

eider

EGILEAREN HITZAK:

Pasa den astean horma pintura elegante batzuk margotu nituen eta orain barruko liburu hau aurkeztera nator. Lehenago animazioa ikasi nuen Bartzelonan eta horren aurretik Arte Ederrak Leioan. Eskerrik asko hamabost urte hauetan zuen unibertsoen parte izaten utzi didazuen idazle guztiei, ohore handia da beti.

Eider Eibar

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)