Albisteak

Thomas Bernhard, ahotsen imitatzailea

Astelehena, 2014-01-20

Narrazioa, teatroa eta poesia landu zituen Thomas Bernhardek, baina bere ibilbidean badira  sailkatzen zailak diren testuak ere. Haien artean da Der Stimmenimitator, ahotsen imitatzailea.

Gutxi da Thomas Bernharden obratik euskarari ekarria izan dena: 2009an Alferrikaldua itzuli zuen Ibon Aranberrik, Alberdania-Elkar argitaletxeen eskutik Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Itzulpegintza eta Bernhard hizpide, honakoa idatzi zuen Beñat Sarasolak 2009an:

“Bernharden literaturak, beste zenbait autore garaikidek bezalatsu (Samuel Beckett, Jaques Derrida, Helene Cixous…), itzulpengarritasuna —eta komunikazioa oro har— kolokan jartzen ditu bere idazmoldearen bidez. Hitz joko, neologismo eta abarrekin, adierazlea-adierazia bikotearen erlazio klasikoa irauli egiten du, adieraziari lehentasuna kenduz nolabait. Horren ondorioetako bat da, hain zuzen ere, itzulpena, funtsean adieraziekin lan egiten duen heinean, kinka larrian ipintzen duela.”

Lehenago Sotoa liburu autobiografikoko pasarte bat azaldu zen euskaraturik Korrok aldizkariaren 11. alean. Bere autobiografia oso garrantzitsua da bere obraren barruan, bost liburutan banatuta plazaratu zuen: Jatorria; Sotoa; Arnasa; Hotza eta Umea. Fikzio zantzuak ere tartekatu zituen lan horietan, nolanahi ere.

Otsailean jaio, otsailean hil

Otsailean jaio zen Bernhard Heerlenen (Herbehereak) herrian 1931an, otsailean hil Gmunden (Austria) delakoan 1989an. Bere biografiak pisu nabarmena izan zuen bere obran, besteak beste, gaztetatik pairatu zuen biriketako gaixotasunak biziki eragin ziolarik. Gazte samar hil bazen ere, obra zabala utzi zuen idatzia: 19 nobela, 17 teatro lan, eta liburu labur zein autobiografiko ugari.

Nolabaiteko lan periferiko horien artean koka genezake gazteleraz Alfaguarak argitaratu duena berriki: El imitador de voces (Der Stimmenimitator) izeneko lana eta hiru antzezlanekin osatutako edizioa: El ignorante y la demente, La partida de caza eta La fuerza de la costumbre.

Zaila da El imitador de voces genero bakarrean kokatzen. Bernharden narratiban ohikoak diren ezaugarrietatik urrun (puntu eta aparterik gabeko -eta batzuetan punturik gabeko- parrafo luzeak...), 104 narrazio laburrek osatzen dute liburua. Hala ere, Bernharden idazkietan suma daitezkeen gordinkeria eta umore beltza topatuko ditugu bertan ere, sotilki, kazetaritza kutsuko prosan datozen kontakizunak direlako gehienak. Narratzaile den ahotsak hainbat pasadizo, kontu bitxi-esanguratsuak eta sasi-kronika jasoko ditu orriotan oharkabean bezala. Konturatzerako, irakurleak egilearen egiten duen gizartearen erretratua jasoko du horren bitartez, zertzeladekin, pasadizo inpresionistekin, umore zorrotzez lerro artean. Ageriko gaia ez bada ere, zirto gupidagabeak edukiko ditu idazle eta oro har artistentzat, baina baita ere, kasu, estatu egiturentzat.

Bernhard irakurtzeko moduak

Gazteleraz Hiru argitaletxeari zor diogu Bernharden teatro lan ugariren argitaratzea: haien artean dira besteak beste Ante la jubilación/Minetti/Ritter, Dene, Voss (2000), Isabel II/Tres dramolette (2005) eta Immanuel Kant/Comida alemana (2005) (ikusi guztiak hemen). Miguel Saenzek itzuli ditu gaztelerara Hiruk argitaratutako lanak, zein Alfaguarak kaleratu berri dituenak. Honakoa idatzi zuen Saenzek 2000. urtean Hirurekin argitaratutako sortari, antzerkiaz mintzo:

“Bernhard-en testuek interpretazio asko egiteko bidea ematen dute: ez dute puntuazio markarik, bere bertsoak (ez dira bertsoak, baina hitz hori datorkigu berehala testu hauek ikusita) batzuetan aukeran aurrekoarekin edo ondorengoarekin irakurtzen ahal dira, zenbaitetan kriptiko suerta daitezke, edo anbiguoak bederen... baina haren esaldien musikaltasunak, haien kateaketa gupidagabeak eta diskurtsotik eratortzen den indarrak irakurleak -irakurle onak- testu hauen aurrean aktoreek sentitzen duten erakarpen bera sentitzea dakar, aktore onek bederen”.

Urteko bigarrena gertu dugun honetan, Itxaro Bordak 2009ko otsailaren 12ko “Biran” ekarri dugu gogora:

Gmuden

Austriako Gmuden hirian zendu zen Thomas Bernhard, 1989ko otsailaren 12an. Hogei urte bakartasun pasatu dira. Schnitzler, Musil eta Zweigen lekukoa eskuratu eta are urrunago eman zuen Bernhardek, Austriaren oinarri burgesa kritikatuz, herriaren gibelalde katoliko-faxista kitzikatuz, kontseziorik egin gabe sekula. Erran dezagun idazle medisant hauen ildoak dagoeneko Elfriede Jelinek ezagunak ederki ereiten dituela, politika, zentzu orokorrean pornografiaren mailan jarriz.

TBk nobela parrasta bat idatzi zuen, azpititulu luzeekiko titulu laburrekoak, hatsa bahitzen zihoakion neurrian irakurlea gatibatzen zuten perpaus etengabeak harilkatuz, biriketarik eri baitzen, haur hotzean amak eta aitonak altxaturikoa. Pertsonaia berezia zen, aldi berean salbaia eta ongi ikasia, koinata planttako airerik ez zeukan arren, atera berri den eta saritua izan zenetan eskainiriko mintzaldiak biltzen dituen Meine preise obran agertzen zaigunez.

Vienan nengoen ekaina usantsu batez Grinzingeko hilerrira luzatu nituen urratsak, 21. taldean, 6. lerroan dagoen hobiaren harrian arrosa baten pausatzeko. Hedwig Stavianicek eta bere senarraren saihetsean ehortzia izan zen.

Egun doluz dagoke Heldenplatz.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)