Albisteak

“Diruaren tabuarekin apurtu nahi nuen”

Lehen nobela plazaratu du Ana Jakak: Ez zen diruagatik (Elkar)Astelehena, 2014-05-05

Lehen nobela du, baina ez da plazaratu duen lehen liburua hauxe. 2009an gazteleraz idatzitako poesia liburu bikoitza eman zuen argitara, Mero amor / Línea discontinua (Everest). Lan berri honekin jauzi bikoitza egin du, beraz: poesiatik eleberrira igaro da eta gazteleratik euskarara. Ana Jakaren Ez zen diruagatik (Elkar) nobela psikologikoa da, pertsonaien izaeran oinarritua. “Diruaren tabuarekin apurtu nahi nuen”, hala azaldu zuen egileak berak liburuaren aurkezpenean. “Testuinguru batzuetan hala baita oraindik, batez ere adiskideen artean, harreman sentimentaletan...”.

Liburuaren azalean hozkailu bat agertzen da. “Hozkailu hau Olga protagonistaren hozkailua da”, Ana Jakak hedabideen aurrean azaldu zuenez. “Protagonista eta narratzailea da Olga. Bere intimitatea azalduko digu eta ikusiko ditugu bere gabeziak, inolako apaingarririk gabe. Beste pertsonaia batzuk ere topatuko dituzue nobela honetan, eta euren artean sortzen diren harremanak, arazoak eta interesak... Zeren nahiz eta diruagatik ez izan, diruak ere bere garrantzia du”.

Nobelaren lehen hitza sos da. “Lehen unetik presentzia garrantzitsua du diruak. Baina testuinguru ezohiko batean kokatzen da. Nobela honen bitartez, diruaren tabuarekin apurtu nahi nuen. Testuinguru batzuetan hala baita oraindik, batez ere adiskideen artean, harreman sentimentaletan...”.

Ana Jakaren esanetan, gure antolatzeko moduarengatik sortu den tabua da diruarena. “Familia tradizionala, adiministrazioa, lana... horrelako instituzio kontsagratuak indartzeko”.


Kontraesan handiak dituen emakumea

Arestian aipatu bezala, “Olgaren inguruan antolatzen da narrazioa. Kontraesan handiak dituen emakumea da. Indartsua, burujabea dela erakutsi nahi du, baina bestetik oso dependientea da, laguntza sozialetik bizi da”. Diru faltak buruhauste handiak eragiten dizkio. “Bakarrik bizi da, eta pikaroa da. Gizonengan maizago ikusten da baina pertsonaia literario femenino batean ez hainbeste”, Ana Jakak azpimarratu zuenez. “Eta era berean, Olgak baditu ezaugarri femenino tipiko batzuk, intimitateari dagozkionak, gizonekiko dependetzia adibidez”.


“Ez da nobela sentimental bat”

Olga eta beste pertsonaien artean sortzen diren harremanak ere oso atipikoak dira. “Ez da nobela sentimental bat. Maitasuna agertzen da, baina nobela ez doa horretaz. Sentimenduak daude baina egoera errealistetan agertzen dira, makilajerik gabe. Mesfidantzak, gatazkak, harreman interesatuak... Horrelako egoeretan mugitzen dira pertsonaiak”.

Liburu honen bitartez, zera azaldu nahi du Ana Jaka idazleak: “Harremanak egiazkoak badira, gauzak mugitzen dituzte, nahiz eta harreman horiek onenak ez izan. Harremanak dauden tokian aukerak sortzen dira. Alde horretatik, nahiz eta nobela tristea izan daitekeela iruditu, nik uste dut baikortasun puntu bat baduela”.

Krisi ekonomikoaz ez da hitz egiten, baina paisaia sozialean ikusten da pertsonaia batzuk oso egoera prekarioan bizi direla. Jakaren esanetan, “ikusten da bakartuen dauden pertsonak direla krisia gehien pairatzen dutenak”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)