Albisteak

"Arraroa" albuma gailendu da Etxepare sarian

Osteguna, 2017-06-22

Ainara Azpiazu Aduriz eta Paula Estévez Del Diego egileek irabazi dute 2017ko Etxepare saria Arraroa albumarekin. Epaimahaiaren esanetan, "kolore biziek areagotu baino ez dute egiten lanari darion bizipoza”.

Etxepare sarira 26 lan aurkeztu dira aurten. Gaur eman dute erabakiaren berri. Epaimahaiak Arraroa egitasmoa aukeratu du. Ainara Azpiazu Aduriz eta Paula Estévez Del Diegoren lanaren protagonista haur bat da. Gaurko gizartearen aniztasunari erreparatzen dio bere etxeko leihotik. Neskatoak hamabi egoera bitxi aurkezten dizkigu eta modu sinple bezain grafikoan egiten du auzokide bakoitzaren argazkia, biñeta gisa, topikoei ihesi, eta benetako errealitatea agerian utziz.


Umorea lagun

Yolanda Arrieta (idazlea), Maite Gurrutxaga (ilustratzailea) eta Asun Agiriano (album ilustratuan aditua) aritu dira epaile lanetan. Euren esanetan, “egileek modu bikainean elkartu dituzte hitza eta irudia. Testuaren bidez egoerak aurkeztu ahala, irudien bidez egoera horiek bizia hartzen dute, umorea lagun eta detaileei arreta jarrita. Hizkuntza biek originaltasuna, indarra eta askatasuna erakusten dute. Kolore biziek, berriz, areagotu baino ez dute egiten lanari darion bizipoza”.

Epaimahaikideen ustez, “Arraroa lan ausarta eta grafikoki interesgarria da. Album ilustratuaren definizioari trebeki heltzen dio, testua irudiaren bidez osatzen delarik, eta baita alderantziz ere. Tonua album guztian mantentzea lortzen du, liburu orekatua lortuz”.

Album ilustratu honek “estereotipoak alboratzeko proposamen umoretsua eskaintzen digu eta, aldi berean, irakurleoi gogoeta egiteko aukera helarazten”.


5.000 euroko saria

5.000 euro jasoko dituzte eta horretaz gain, Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2017ko udazkenean.


ENARA INSAUSTI OTXOA-ERRARTE

Sari honen sustatzaileak

Etxepare saria Nafarroako 20 toki entitateek, haien euskara zerbitzuen bidez, antolatzen dute. Hona zerrenda: Agoizko Udala, Antsoaingo Udala, Atarrabiako Udala, Barañaingo Udala, Baztango Udala, Berriobeitiko Udala, Berriozarko Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Burlatako UdalaEsteribarko Udala, Garesko Udala, Irantzu Mankomunitatea, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Lizarrako Udala, Malerrekako Mankomunitatea, Sakanako Mankomunitatea, Tafallako Udala, Uharteko Udala, Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak, Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)