Albisteak

Azkenaldian argitaratu diren poesia liburuak

Asteazkena, 2018-04-25

Azkenaldiko literatur nobedadeen artean hainbat poesia liburu aurkeztu dira, eta aurreikusiak daude gehiago ere. Gaur bertan Izaskun Gracia Quintanak Donostian errezitatuko ditu Ohe hutsetan liburuko poemak, eta Karlos Cid Abasolok Madrilen Keinu konplizeak liburukoak. Jarraian topatuko duzue azkenaldian publikatutako poesia liburuen erreferentzia. (Argazkian: Iñaki Irazu).

Izaskun Gracia Quintanaren Ohe hutsetan (Balea zuria)

ohe hutsetan

Balea Zuriak bigarren poesia liburua plazaratu berri du, lehiaketei loturiko proiektuez aparte. Aurretik ezagutu genuen Luis Garderen Barbaroak baratzean, Kritika Saria jaso berri duena, eta Hitzen Uberanen elkarrizketatu genuena. Ohe hutsetan liburuaren egile den Izaskun Gracia Quintana idazle bilbotarra Alemanian bizi da, eta gaztelaniazko liburu batzuk ere baditu aurretik publikatuta. Alemanian idatzi du liburu hau, hain zuzen ere “Liburu hau Alemanian idatzi dut eta identitatea da gaietako bat. Atzerrian dena desberdina da: jana, ohiturak, jendea agurtzeko modua... zerotik ikasi behar duzu guztia, ume bat bezalakoa zara, baduzu identitatea galtzeko beldurra”.

Atzo bertan Bilboko Biran izan zen liburua aurkezten, gaur bertan (apirilak 25) Donostiako Tobacco Days liburudendan izango da 19:00etan aurkezpen errezitaldia eskaintzen.

Karlos Cid Abasoloren Keinu konplizeak (Susa)

keinu konplizeak

Tarteka narratibara gerturatzen diren poemak, ironia, irakurlearekiko konplizitate landua. “Ametsezko giroarekin hasten da, eta gaur egungo gizakiei eta munduari buruzko begirada ironikoarekin jarraitzen du, literaturaren inguruko zenbait hausnarketarekin bukatzeko.” Itzultzaile ezagutu dugu orain arte Karlos Cid Abasolo, besteak beste (Hasek, Holub, Kundera, Skvorecky ekarri dituena. Hauxe du lehen poesia liburua, urte luzez lantzen eta mamitzen joan dena.

Karlos Cid Abasolo Madrilen bizi da, eta gaur bertan liburu aurkezpen errezitaldia eskainiko du 19:30ean Madrilgo euskal etxean.

Iñaki Irazuren Errukiaren saria (Erein)

errukiaren saria

Bere poemak Jabier Muguruzaren ahotsean ezagutu izan ditugu, eta hauxe du lehen poesia bilduma. Honatx aurkezpenak dioena:

“Estatuko funtzionarioek lanerako duten bulego bat. Lan egin edo ikasi ondoren herrira ekartzen zaituen autobusa. Agure-atsoak arratsean jarrita egoten diren kaleko petrila… Eguneroko bizimodua egiten dugun leku horietan, denon baitakoak diren leku horietan, garatzen dira kontakizun hauek, poema narratiboak, kronikak.

Aldian behin, ordea, bulego horretako mutil gaztea, harrizko petrileko atso hori, autobuseko asentuan doan etxekoandrea, bat-batean, tupustean, beraren minera etortzen da, barruko zauria zabaldu egiten zaio: orduan, min horrek eraginda, boz bat askatzen du isiltasuna urratuz. Urratuz, bai, ezen boz horiek arrakalak dira, eten bat ohiko elekan. Eta boz horiek, ukabil itxi airera bihurtuaren eran harro, xuxurla isilean edo ahora jaio gabe bular barruan itoa izan, gauza bera bilatzen dute: jasoak izatea, entzunak izatea, justizia baten aitorpena, kontsolamena, errukia.

Gazte hori, atso hori, etxekoandre hori… gu denok gara, eta haien bozak aditzean jabetzen gara geure burua ari garela aditzen, guri ere badagozkigula.”

Munduko poesia kaiera berriak: Ezra Pound eta Al Berto.

kaierak 2018

Bi egile berri ekarri dizkigu euskarazko plazara Susa argitaletxeak, Munduko Poesia Kaierak proiektuaren barruan: Luigi Anselmik ekarri du Ezra Pounden lana, Joxemari Sestorainek Al Bertorena.

Ezra Poundena 25. zenbakia bilduman, eta horri loturik gehigarri berezia ere plazaratu dute: egileak 1915ean argitaratutako Cathay liburua osorik, hain zuzen ere.

Ohiko moduan, Susa argitaletxeak osorik eskaintzen dizkigu argitaratzen dituen liburu guztiak sarean.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)