Albisteak

Beatriz Chivite: "Hiriak dira nire musak"

Blas De Otero Poesia Saria irabazi duAsteazkena, 2017-01-11

Blas de Otero Poesia lehiaketako sariak abenduaren erdialdean banatu ziren. Euskarazko lan guztien artean, Beatriz Chivite (Iruñea, 1991) poeta gaztearen Biennale poemarioa gailendu zen. "Gazteok gaur egun daukagun nomada bizimodua" islatu du bere poemetan. "Praktikak eta lana atzerrian bilatu behar ditugu, familia eta adiskideak munduan zehar sakabanatuta dauzkagu, noraezean gabiltza".

Blas de Otero Poesia Lehiaketa Bilbo Udalak antolatzen du. Epaimahaiaren ustez, Beatriz Chiviteren poesiak ekialdeko poesiaren kutsua du. Haikuaren filosofia dario bakartasunaren inguruan moldaturiko testuari. Eguneroko bizitza arrunta islatu du bere poemetan, bizi-esperientziak Veneziako arte, kultura eta lanarekin uztartuz. Blas de Otero lehiaketan sarituak izaten diren liburuak Erein argitaletxearekin plazaratu ohi dira. Beraz, Beatriz Chiviteren poemario honek 2017an zehar ikusiko du argia.

 

Biennale du izena lan sarituak. Poemarioak zenbat du Veneziako Biennaletik?

Beatriz Chivite. Biennale liburua Venezian idatzi nuen, Peggy Guggenheim museoan eta arte biennaleko Estatu Batuetako pabilioian lan egiten aritu nintzen hilabeteetan. Poemarioko hainbat ale, beraz, Veneziari eta arte munduari buruzkoak dira.

Biennale hitzak ‘bi urte’ esan nahi du italieraz, eta poemarioa ere bi urtetan idatzi nuen.

 

Narrazioan, gai jakin bat landu ohi da. Poesian, libreagoa izan ohi da tematika. Poema hauetan zer nolako kezkak edo gogoetak islatu dituzu?

 Beatriz Chivite. Niri ere poesia liburuetan gai bat lantzea gustatzen zait. ‘Metro’ izeneko liburua (2015) Londresko metroan topatzen nituen pertsonaiei buruzkoa da. ‘Biennale’ liburuan aldiz, gazteok gaur egun daukagun nomada bizimodua lantzen dut. Praktikak eta lana atzerrian bilatu behar ditugu, familia eta adiskideak munduan zehar sakabanatuta dauzkagu, noraezean gabiltza.

 

Irratiko elkarrizketa batean entzun genuenez, herrialde ezberdinetan ikasteko eta bizitzeko aukera izan duzu. Esperientzia horiek guztiak, zein neurritan baldintzatu dute zure idazkera?

Beatriz Chivite. Batxilergoa Italian egin nuen, gero Nepalen egon nintzen bolondres gisa, unibertsitate ikasketak Londresen eta Pekinen egin nituen, Venezian aritu nintzen lanean eta masterra Hong Kongen egin nuen. Esperientzia horiek guztiak nire izaera baldintzatu dute. Londresen filologia txinatarra eta ekialdeko artearen historia ikasi nuen, eta nolabait ekialdeko poesiaren eragina nabari da nire olerkietan.

Gainera, hiriak dira nire musak, tokiei buruz edo toki horietan bizitzen diren pertsonei buruz idazten dut gehienetan. Hainbat elkarrizketetan esan dudan bezala, atzerrian bizi naizen bitartean euskara ez galtzeko idazten baitut.


"Langabezian nago eta dirua ere asko eskertzen dut"

Blas de Otero sariak badu beste gauza on bat. Diru ekarpenaz gain, saritutako poemarioa argitara emateko ohitura dute. Zure poemak liburu batean jasota ikustea pozgarria izango da, ezta?

Beatriz Chivite. Noski. Momentu honetan oso zaila da liburuak argitaratzea, eta euskarazko poesia izanik, are gehiago. Beraz, Blas de Otero saria zoragarria da! Orain langabezian nago eta sari ekonomikoa ere asko eskertzen dut.

Argazkia: Bilboko Udala.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)