Albisteak

Beltzaren mintzo ugariak Nafarroatik Guatemalara

Asteartea, 2019-02-19

Kezko bola batek itoak birikak izeneko eleberria argitaratu du Miel Anjel Elustondok Txalaparta argitaletxearen eskutik. Hilbeltza bekaren lehen edizioa irabazi zuen Elustondok, eta horren emaitza dugu lana. Pasa den astean aurkeztu zuten nobela, Donostian

Irakurleak aspaldiko ezaguna du Miel Anjel Elustondo. Besteak beste, bi liburu idatzi ditu: Western Basque Festival (Susa, 2007) eta William A. Douglass, Mr. Basque (Pamiela, 2011); eta Jim Thompsonen hiru eleberri euskaratu: Hiltzailea nire baitan, Amorruaren ume eta Litxarreroak (hiruak Igelak argitaratuak). Gainera, argazkilari-lanetan ere badabil, Zaldi Ero izenaren pean. Fikziozko lehen lana du hauxe, eta Hilbeltza bekaren hauspoari esker publikatu du.

Literatura beltza, patologia sozialak islatzeko aproposa

Txalaparta argitaletxeko editore Garazi Arrulak laburbildu zituen Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak eleberriaren nondik norakoak: “Eleberri honetan, Guatemala Nafarroarekin lotzen da, Baztango ibarrarekin, eta Nafarroatik badoa norbait hara eta handik badatoz zenbaitzu hona. Dirua, boterea, ohorea galtzen dira eleberrian, baita senideak eta iparra ere baten batek. Azken urteotan Nafarroa astindu duten ustelkeria eta gertakari ilun ugari agertzen dira eleberri honetan fikziozko garai eta istorioari erreferentzia erreal eta identifikagarriak lotuz. Horrela, Aroztegia edo CAN auzia han-hemenka agertuko zaizkie pertsonaiei eta noski irakurleei, nola agertuko diren ere odol eta hizkuntza atxikimenduaren lorratzak”.

Arrulak azpimarratu zuen, izan ere, testuinguru sozialak eragin agerikoa duela sorkuntzan, eta are gehiago literatura beltzean: “Gure argitaletxean ondo ezaguna dugun Daniel Chavarria zenak zioen patologia sozialetik eratorritako dramak azaleratzeko, genero aproposena zela literatura beltza”. Kasu honetan, beltza hainbat koloreren nahasketa dela argitu zuen editoreak, eta Elustondoren nobelak beltz horren argi-itzal ugariak ekarri dizkigula bere eleberrian.

“Gauza askok eraman naute liburu hau idaztera”

Hasi orduko, autoreak adierazi zigun urduri eta nahastuta sentitu dela liburua aurkeztu ataritan, bere fantasmekin dantzan egin beharra egokitu zaio-eta. Nabarmendu zuen, gainera, hainbat faktorek eraman zutela liburu hau idaztera. Batetik, Jim Thompson autoreak eta Igela argitaletxearen Sail Beltzak: “Nik Sail Beltzeko liburu guztiak irakurtzen nituen, argitaratzen ziren aldiro, eta gainera gehiago eskatu ere bai Olarra eta Urteagari [Xabier Olarra eta Joseba Urteaga dira Igela argitaletxekoe editoreak]. Halako batean, gure arteko komentarioetan beti gogoratzen nuenez Thompson, azkenean hura itzultzea tokatu zitzaidan”.

Ondoren, Jim Thompsonen itzulpenei tiraka, Hilbeltza astera iritsi zen Elustondo, eta horixe izan da liburua idaztera akuilatu duen beste faktore bat, urtez urte han izan baita, aldez edo moldez, eta bertako jendea ezagutu baitu. Egitasmoa hazi eta beka martxan jarri zutenean, konfiantzazko lagunek animatu zuten Elustondo deialdian parte hartzera.

Azkenik, Lolita Chavez aktibista guatemalarra ezagutu zuen Elustondok: “Tartean suertatu zitzaidan Lolita Chavez entrebistatzea, Guatemalako militantea, Jaurlaritzak saritu zuena eta Bilbo aldean bizitzen zegoena urtebeteko egonaldian, eta haren bidez sartu nintzen ni Guatemalan, edo Guatemala sartu zitzaidan barruraino, berak kontatutakoak eta harrezkero irakurri ditudanak. Oso barrura sartu zitzaidan eta ez dakit zergatik. Liburura ekarri nuen mozorrotuta, ezkutatuta, baina nolabait hor dago”.

Elustondo bi pertsonaia nabarmendu zituen Elustondo. Ñaña, batetik: “Thompsonek badu erokeria puntu bat eta nire pertsonaietako batek ere badu erokeria puntu bat, Ñañak, edo delirio neurri bat, hein batean behintzat. Uste nuen delirioa zela, baina gero konturatu naiz ezetz, hemendik kanpoko jendeak beste modu batera bizi duela mundua, eta guk ikusten ez ditugun gauzak ikusten dituela”.

Pertsonaia hori eraikitzeko lanetan, Elustondori garrantzitsua suertatu zaio beste liburu bat, Argia munduaren ertzean, Wade Davisek idatzi eta Iñaki Iñurrietak itzulia: “Hor konprenitu nuen lehendik ere banekiena, mundua oso diferentea dela, eta ez dagoela gure esku. Guk hemen era batera ulertzen ditugun gauzak beste era batera dira hemendik 10.000 kilometrora, hori ikusi izan dut, bizi izan dut, esperimentatu dut eta Ñaña horren ondorio da”. Helena dugu liburuko beste protagonista: “Helena da beste protagonista, edo lehena. Nik ez neukan gogoan baina hazi egin da nobelan zehar, eta gehiago lantzeko bidea eman du, hor sartu da eta bere bidea egin du”.

Hilbeltza bekaren hirugarren edizioa, martxan

Arrulak gogora ekarri zuenez, martxan da Hilbeltza bekaren hirugarren edizioa. Aurten narratibazko sorkuntza lan bat sortzen laguntzeko beka emango da. Arrulak aukera aprobetxatu nahi izan zuen “literatura beltzaren zale eta idazle diren horiek animatzeko parte hartzera, maiatzaren 10era arte izanen baitute epea”. Hain zuzen ere, orain gutxi bildu genituen deialdiaren nondik norakoak albiste honetan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)