Albisteak

Danele Sarriugartek "Azala erre" nobela aurkeztu du

Asteazkena, 2018-03-14

Danele Sarriugarte idazleak Azala erre nobela aurkeztu zuen atzo, Elkar argitaletxearen eskutik. Bi artista dira protagonista, artea ikusteko bi modu, eta haien tartean kabitzen diren hitzak: arrakasta, porrota, egoa, dirua... Datorren asteartean Loraldiaren egitarauaren barruan aurkeztuko du liburua Bilbon, Kattalin Minerrekin batera. Jarraian ikus dezakezue Donostiko aurkezpena osorik.

"Orduantxe abiatu zen dena, Mirenek ahaztu zuenean zergatik maite izan zuen argazkiak egitea, zertarako egin izan zituen, Miren hasi zenean argazkiak egiten soilik asetzeko besteak, soilik jarraitzeko nor izaten: hamabost atsegin dut, hogeita sei bertxio. Agerraldi publiko bakoitza epaiketa bat, erregu bat: zer egin behar dut, zein izan, ez nazazun ahaztu, maita nazazun oraindik".

azala-erre_txalaparta_eus

Sare sozialen sasoian, ikuskizunaren gizarte post-industrialean, bi artista, Miren eta Jon, eta artea ulertzeko modu bi, talkan. Artistaren galderak XXI. mendearen aurrean: zenbat da obra eta zenbat artistaren marka? Zer gertatzen da pertsonaia guztiz jabetzen denean pertsonaz? Nola kudeatu arrakasta eta nola porrota? Adiskidetasuna eta inbidia, itxura eta itxurakeria, konpromisoa eta kontraesanak, sobreak eta txekeak: horiek guztiak dira Danele Sarriugarteren bigarren nobelaren ardatzak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)