Albisteak

Dinosauroen akabantza, Hiroshiman barrena

Astelehena, 2021-06-21

Iridioaren mintzoa kaleratu du Kepa Altonagak, azken urteotan ibilitako dibulgazio-bideari jarraipena emanez. Oraingo honetan, meteorito-inpaktuaren teoria aztertu du, bai eta horren bultzatzaile Luis Alvarezen historia ere.

 

Zientziari eta hizkuntzari buruzko saiakera dibulgatibo eta literarioen bidea oparo jorratu du Kepa Altonagak; horren erakusgarri dira, besteak beste, Patagoniara Hazparnen barrena (Pamiela, 2018) eta Duvoisin kapitainaren malura (Pamiela, 2019), zeinetan aztertu baititu, hurrenez hurren, Lotilandiako herri birlandatuaren historia eta Duvoisin kapitainaren ibilbidea.


Otzara barren handiko bat

Oraingoan, Iridioaren mintzoa kaleratu du, Pamielaren eskutik hori ere, meteoritoa eta dinosauroen akabantza gaitzat hartuz, azpi-izenburuak argi uzten duenez. Aurrekoen aldean, liburu honek badu berezitasun bat: ez da euskaldunik agertzen bertan. Liburuko pertsonaia nagusia, hain zuzen ere, Luis Alvarez zientzialari estatubatuarra dugu, 1968an Fisikako Nobel saria irabaziko zuena.

Altonagak adierazi duenez, «pozgarria» suertatzen zaio liburua aurkeztea, aurreko urterako atera nahi izan zuten arren, ezin izan baitute lehenago eman, pandemiaren egoera tarteko. Izenburuaren teknikotasuna dela-eta, uste du agian irakurleek erreparoa senti dezaketela liburura hurbiltzeko garaian, baina Pamielako editore Jose Angel Irigarayk azaldu duenez, eta Altonagaren obrak ezagutzen dituzten irakurleek ondotxo dakitenez, bere «estilo propioa»rekin ondu du obra, eta irakurleak «erraz» egingo du bidaia, Altonagak «gure koordenatuetara, gure parametroetara» ekarri baititu kontakizuna eta gogoeta.

Autorearen esanetan, «otzara barren handiko» bat dugu liburu hau: meteoritoaren inpaktuaren hipotesia da otzararen karela, baina beste hainbat zumitzek osatzen dute. Hala, kontakizuna ez da lineala; han eta hemen dabil joan-etorrian.


Zientzialari gaiztoaren atzetik

Eta nor zen, bada, Luis Alvarez? Altonagaren thriller honetan, «zientzialari gaiztoa» genuke. 1980an, meteorito-inpaktuaren hipotesia plazaratu zuen Alvarezek, eta gaur arte dirauen kontrobertsia zientifikoa piztu: meteorito batek suntsitu omen zituen dinosauroak orain dela 65 milioi urte.

«Iridio elementu kimikoaren kontzentrazio anomalo batean oinarrituta dagoen arren, hipotesia oso sinplea da ulertzeko. Puntu bi ditu. Lehenaren arabera, meteorito gigaerraldoi batek jo zuen Lurra. Bigarrenak dioenez, inpaktu osteko ingurune-baldintza gaiztoek eragin zuten suntsipen masiboa, supituki. Paleontologoen iritziz ostera, dinosauroak ordurako suntsituak zeuden, milioika urteko gainbehera gradual baten ondotik».

Eztabaida horren gakoak aletu aurretik, halere, eta liburuaren izaera ez-linealari men eginez, Hiroshimatik pasatzen da Altonagaren kontakizuna. Izan ere, Alvarezek, bere teoria sonatuaz gainera, bonba nuklearraren ostekoak ere aztertu baitzituen. Egileak lehen pertsonan kontatzen ditu kontu hauek guztiak, kronologia pertsonal bati eutsiz.


Albiste honen uberan

Kepa Altonagari elkarrizketa Irakurrieranen

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)