Albisteak

‘Mihia aske’, Elias Canettiren autobiografiaren lehen zatia

Ibon Uribarri Zenekortak ekarri du euskararaAsteartea, 2014-03-04

Elias Canettiren Mihia aske (Literatura Unibertsala, 2014) itzuli du alemanieratik euskarara Ibon Uribarri Zenekortak (argazkikoa). Itzultzailearen esanetan, Elias Canetti ez da oso ezaguna gurean. Eta liburu honen itzulpenak lagundu dezake Canettiren obra zabaltzen. Genero aldetik autobiografian sailkatzekoa ei da Mihia aske liburua. “Alde horretatik ere, interesgarria da horrelako lanak euskarara ekartzea, ez ditugulako horrelako lan asko gurean”, aipatu zuen Ibon Uribarrik hedabideen aurrean egin zuen aurkezpenean.

Canetti euskarara ekarriz, Canetti hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen digu beraz, Mihia aske liburuak. “Bere autobiografiaren lehen partea da hau”, Uribarrik zehaztu zuenez. Bere lehen 16 urteak kontatzen baititu bertan. “Oso pertsonaia interesgarria da eta bere autobiografiaren lehen zati honetan ikusten da hori. Familia sefardi batean jaio zen, Bulgariako hiri batean. Baina 18 urte bete artean, Londres, Zurich eta Vienatik igaro zen. Alemanian eta Austria aldean ere ibili zen 18 urte bete ondoren”. Gerora, Londresen egin zituen urte asko baina azken urteak Suitzan eman zituen. Bertan zendu zen.


Bere obra, alemanieraz

Alemaniako literaturarekin lotzen da Elias Canettiren obra “baina bere hiritartasuna hortik zehar geratzen da nolabait. Ofizialki britainiar bihurtu zen, bizitzako zati handiena Londresen eman zuen”. Judua izanda jatorriz, “alemaniar hizkuntzari eutsi zion Bigarren Mundu Gerraren ondoren. Beste idazle batzuk alemaniera baztertu eta ingelesara pasa ziren baina Canettik alemanierari heldu zion azken momenturaino”. Bere obra guztia alemanez idatzi zuen.

“16 urteak bete zituen artekoak kontatzen dizkigu Mihia aske izenekoan. Bidaia osoa kontatzen digu: umetxo garaia Bulgarian, eta handik Ingalaterrara eginiko bidaia. Aita hilko zaio han, eta Zurichera joango da amarekin. Zurichetik Vienara eta han egingo ditu bere lehen ikasketak”, Ibon Uribarri itzultzaileak aditzera eman zuenez.

Gaztelania, ingelesa, alemaniera... Hizkuntza ezberdinen zertzeladak ageri dira liburuan. Canettik haurtzaroan jaso zuen “giro eleanitz hori islatzen da, beraz, liburu honetan”. Zurichen pasa zituen bere azken urteak eta bertan lurperatu zuten, Zuricheko hilerrian. “Beste idazle ibiltari baten aldamenean dago hilobiratua. James Joyceren aldamenean, hain zuzen”.

 

Erein eta Igelak argitaratu dute elkarrekin Mihia aske liburua, Literatura Unibertsala izeneko bildumaren 160. erreferentzia da hauxe. EIZIE eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesarekin argitara emana.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)