Albisteak

Emakumea eta piztia, elkarren aliatu

Ostirala, 2017-06-16

Kalean da Eskafandra bildumaren bigarren zenbakia: Virginie Despentesen King Kong teoria euskaratu du Itziar Diaz de Ultzurrunek. Orain hamar urte argitaratu zen estreinakoz, baina orduz geroztik erreferentziazko liburu bihurtu da mugimendu feministaren barruan, Frantzian eta handik kanpo.

"Zibilizazioaren aparretatik King Kong bezain aparte daudenentzat" idatzi zuen liburu hauxe Virginie Despentes idazle eta zinemagile frantziarrak orain hamar urte, halaxe dio Irene Arraratsek euskarazko itzulpenaren hitzaurrean (Ipurtzurien kontrakarrean). Hain zuzen ere, liburua hasi orduko, asmoak argi adierazten ditu autoreak: "itsusien baitatik idazten" du, "itsusientzat, atsoentzat, larrua gaizki jotakoentzat", "eskola-umeen meriendako bizkotxoaren" usaina daukatenentzat... denentzat, funtsean; biktimismo-izpirik gabe idatzi ere: "Virginie Despentes izatea kontu interesgarriagoa iruditzen [baitzaio], beste ezer baino".

Akaso lehenagotik ezagutuko dituzue ohar hauetako batzuk, King Kong teoriaren lehen kapitulua oinarri hartuta bakarrizketa osatu baitzuen orain urte batzuk Josune Montonek: King Kong neska. Gero, Genero-ariketak liburuan kaleratu zuen Edo! argitaletxeak pusketa hori. Orain, berriz, liburua osorik itzuli du Itziar Diaz de Ultzurrunek, eta Elkarrek eta Jakinek elkarlanean kaleratu, Eskafandra bildumaren barruan. Pasa den astean aurkeztu zuten Elkarreko editore Antxiñe Mendizabalek eta Eskafandrako kide Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek. "Liburu iniziatikotzat" jo zuten, eta, Eskisabelen esanetan, liburuaren meritu handietako bat da bete-betean eta zorrotz heltzen diola femenitatea eraikitzeko tresna potenteenetako bati: bortxaketari eta bortxatua izateko beldurrari. Gainera, hori guztia idazteko modu zuzen eta punka ere nabarmendu dute.

Nahaste bat dela medio, Itziar Diaz de Ultzurrun itzultzaileak ezin izan zuen aurkezpenera hurbildu, baina atari honetako kideok elkarrizketa egin diogu, eta gaur zortzi argitaratuko dugu.

Virginie Despentes, idazle oparo

Bati baino gehiagori gertatu zaio: dozena bat literatur lan idatzi, eta literaturatik urruntzen den bakar hori oroitu irakurleek. Despentesen kasuan ez da zehatz-mehatz hala, baina egia da King Kong teoria mugarri bat izan zela haren ibilbidean.

Edonola ere, eleberriak idatzi ditu batez ere Despentesek. Estreinakoa, 1993an, Baise-moi, gerora zinemarako egokitu zuena eta Frantziako zine-aretoetan debekatu zutena. Orduz geroztik, arian-arian, hamar eleberri kaleratu ditu. Azkena, aurten, Vernon Subutex trilogiaren hirugarren zenbakia. Jardun oparo horri esker, haren idazletzaren aitortza handitu da. Sariak ere jaso ditu, tartean Renaudot saria, Apocalypse bébé nobelari esker, eta Anaïs-Nin saria, Vernon Subutex 1 lanari esker.

Hiru film zuzendu ditu; Baise-moi eta Bye Bye Blondie eleberrien zinema-egokitzapenak, eta Mutantes (Féminisme Porno Punk) dokumentala.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)