Albisteak

'Muga' antologia, espazio poetiko komun baten erakusgarri

Astelehena, 2016-04-18

Antologia elebidun bat da Muga, Gallo de Oro argitaletxeak argitara eman berri duen liburua. Poemak jatorriz euskaraz idatzita daude, eta gaztelerara itzulita. Pentsamendua eta Poesia jardunaldiak antolatzen dituzten poeten lanak batu dituzte antologia honetan: Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi idazleen poemak. Aurreko ostiralean egin zen aurkezpen ekitaldia eta datozen egunetan errezitaldiak eskainiko dituzte. Lehena, apirilaren 28an Donostiako Garoa dendan.

Antologia honetan agertzen diren lau poetek Pentsamendua eta Poesia jardunaldien sustatzaileak dira. 2008ko azaroan antolatu zituzten lehen aldiz jardunaldi horiek Donostian eta Durangon. Geroztik, urtez urte ospatu dira bi jardunaldiak, bai Durangokoa bai Donostiakoa, eta urtero manifestu bana argitaratu dute (http://pentsamenduarenpoesia.blogspot.com blogean jasota daude guztiak).


Hizkuntzen arteko zubiak eraikitzen

Jardunaldiotan hainbat alorretako poetek eta pentsalariek parte hartu dute, bai euskaraz idazten dutenak bai katalanez, galegoz edota gazteleraz idazten dutenak ere. Jardunaldien helburu nagusietako bat hizkuntzen arteko zubiak eraikitzea izan da (hortik “Muga” izenburuarena), eta, hitzaren bidez, espazio poetiko komun bat sortzea. Antologian agertzen diren poetez gain, asko izan dira zortzi urte hauetan jardunaldietan bidaide izan diren poetak eta pentsalariak: Chantal Maillard, Francisco Jarauta, Víctor Gómez Pin, Manuel Cruz, Jorge Riechmann, Gabriel Insausti, Juan Carlos Mestre, Miguel Anxo Fernán-Vello, Olvido García, Joan Margarit, Jorge G. Aranguren, Anjel Lertxundi, Karmelo C. Iribarren, Juan Kruz Igerabide,  Eva Veiga, Antonio Carvajal, Manuel Rivas, Antonio Hernández, Raquel Lanseros, Iñaki Urdanibia, Bernardo Atxaga...


“Nor bere ahotsarekin”

LauPoetak

Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok, Pello Otxotekok eta Aritz Gorrotxategik (antologia honetako poetek) ibilbide poetiko ezberdin eta propioak garatu dituzte, “nor bere ahotsarekin eta ageriko konplizitatearekin, eta giza-ezagutza bilatzen duen poesia baten koordenadak jarraitzen saiatu dira”, Muga liburuaren aurkezpen gutunean aditzera eman dutenez.

Ibilbide labur baina emankor horrek bultzatuta, lau euskal idazleek bere zeregin poetikoaren lagin bat bildu dute antologia honetan. Poemez gain, liburuak Jon Kortazarren hitzaurre bat eta Juan Carlos Mestre poetaren hitzondo bat dauzka. Liburuan agertzen diren ilustrazioak, berriz, Imanol Larrinagarenak dira.


Muga

Muga liburuaren aurkezpen ekitaldiak

Apirilaren 28an osteguna, errezitaldi bat egingo dute Donostiako Garoan, arratsaldeko 19:00etan.
Apirilaren 22an ostirala, Madrilgo Muga liburudendan aurkezpena.
Apirilaren 23an larunbata, Madrilgo Nakaman liburudendan aurkezpena.
Maiatzaren 3an asteartea, aurkezpen ekitaldia Bidebarrieta liburutegian.
Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)