Albisteak

“Euskal antzerkiaren memoria historikoa” aztergai Donostian

Astelehena, 2015-04-27

EHAZE-Antzerkizale elkarteak Esperientzixak ekimena antolatu du Donostian seigarren aldiz, apirilaren 30ean 19:00etan Koldo Mitxelena kulturunean. Mahai inguru baten bitartez aztertuko dute “Euskal antzerkiaren memoria historikoa”ren gaia, eta ondoren edukiei loturiko irakurketa dramatizatua egingo dute.

Euskal antzerkiak memoriarik al du?

Nola jasotzen ari da Euskal Herria bere antzerkiaren ondarea?

Ezagutzen dugu gure antzerkiaren historia?

Zer dakigu guk iraganaz? Zer jakingo du etorkizunak gutaz?

Gaia antzerkizaleen artean bolo-bolo dabil aspaldi: gordetzen ari al gara euskal antzerkigintzaren historian gertatu dena, egun gertatzen ari dena? Hutsune handia sumatzen da euskal antzerkigintzaren eremuan maila horretan, eta horrek zailtasunak eragiten ditu belaunaldi berriekiko transmisioan, euskal antzerkiaz egin litezkeen ikerketetan, euskal teatroaz eduki ahaleko ikuspegi globalean.

EHAZEk bere sorreratik nabarmendu izan du euskal teatroari eskainitako dokumentazio zentro baten beharra. Aipatutako hutsune horiek asetzeko, iragana jasoz etorkizunari begiratu ahal izateko. Izan ere, arte eszenikoen eremuan bereziki nabarmena baita horrelako gune baten beharra: antzerkia orain eta hemen emanaldiz-emanaldi gertatzen den zerbait den heinean, askoz zailagoa da plazaratutako lanak gordetzea, gogoetatzea, transmititzea. Beste arte diziplina batzuk euskarria dute xede edo tresna, eta horrek denboran zehar haiengana bueltatzea ahalbidetzen du neurri handi batean (literaturan liburua, pinturan koadroa, musikan diskoa…). Arte eszenikoetan ez da halakorik, erregistratzen dena modu pertsonal-pribatuan egiten da sortzaileen berauen ahalen neurrira, modu sakabanatuan nonalahi ere.

Egoera horri aurre egiteko dokumentazio zentro baten beharra nabarmendu du behin eta berriz EHAZEk, besteak beste iaz Mintzolarekin batera antolatutako Dokumentazioari buruzko jardunaldietan.

esperientzixak-vi-2015-2

Euskal antzerkiaren memoria historikoa gomutagai

Gogoeta ildo beretik dator aurtengo Esperientzixen gaia: “Euskal antzerkiaren memoria historikoa”. Hainbat galdera jarriko dituzte mahai gainean: Euskal antzerkiak memoriarik al du? Ezagutzen dugu gure antzerkiaren historia? Kulturaren beste arlo batzuekin konparatuta, literatura edo bertsolaritzarekin adibidez, zer desberdintasun ikusten daude bilketa horri dagokionez? Nor edo nortzuk hartu beharko luke antzerkiaren memoriaren ardura? Zer ekarpen egiten dio antzerkiaren historiak herri edo gizarte bati? Zer ondorio dakarte euskal antzerkiaren historiaren hutsuneek?

Galdera horiek erantzuten saiatuko dira, mahai-inguruan, Mª Karmen Gil Fombellida, Ixabel Etxeberria, Patri Urkizu. Jaime Valverde izango da moderatzailea.

Mahai-inguruaren ostean, irakurketa dramatizatua eskainiko dute Maite Arrese eta Kepa Errastik. Bi testu dira irakurriko dituztenak:

-Maria Dolores Agirrek 1949n idatzitako bakarrizketa: AUKERAREN MAUKERA, AZKENIAN... OKERRA.

-Urkiagatar Eusebik idatzitako bakarrizketa: 1936ko urtarrilean ANTZERTIn argitaratutako BAKARRIZKETA.

Apirilaren 30ean, 19:00etan, Koldo Mitxelena kulturunean.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)