Albisteak

Euskaraz dauzkagu jada Miliauskaite, Holub eta Mallarme

Astelehena, 2016-10-31

Joan zen astean aurkeztu zituzten Munduko Poesia Kaierak bildumako udaberriko aleak: Nijole Miliauskaite, Miroslav Holub eta Stephane Mallarme. Susa argitaletxearen bilduma bat da hori eta munduko poesiaren ondarea euskaraz biltzea du helburu. Aurkezpenean izan ziren bildumaren zuzendaria, Beñat Sarasola, eta hiru itzultzaileak, hurrenez hurren: Leire Bilbao, Karlos Cid eta Josu Landa.

MPK bildumako 16., 17. eta 18. aleak aurkeztu zituen joan zen astean Susa argitaletxeak. Beñat Sarasola bildumaren zuzendariak azpimarratu zuen pozik daudela egindako bideaz, 18 ale ekartzea ez baita langintza makala. Oraindik ere asko falta bada ere, bildumari buruzko balantzea egin eta konturatu ziren poeta gehienek hizkuntza hegemonikoetan idazten zutela. Oraingo labealdi honetan, ordea, 3tik 2 dira hizkuntza txikiagoetako autoreak, hain zuzen Miliauskaite (lituaniera) eta Holub (txekiera).

NIJOLE MILIAUSKAITE

Poeta lituaniarra, 1950-2002. Ez da Lituaniako poetarik ezagunena, hala ere, bizi zela hainbat sari jaso zituen Nijole Miliauskaitek, eta azken urteotan franko hauspotu da bere lana, eta hainbat hizkuntzara itzuli (tartean, gaztelaniara). Leire Bilbao aritu da itzultzaile lanetan eta poetaren estiloari eta lanari buruzko zenbait alderdi azpimarratu zituen aurkezpenean. Besteak beste, makramea eginez bezala idazten zuela: hitz bakoitzari korapiloa egin, josi, eta hortik abiatuta eraikitzen zuen poema. Halaxe, modei jarraitu ez, baina luze irauten duten aleak sortzen zituen. Eguneroko gauzei buruz idazten zuen, modu leunean eta handikeriarik gabe idatzi ere; hala ere, bere poemen bidez, ezinegona eta egunerokoaren azpikoa islatzen zituen.

Bilbaoren arabera, ez du Miliauskaite euskaratu emakumea delako bakarrik, baina horregatik ere bai; ez hizkuntza gutxi batean idazten duelako bakarrik, baina horregatik ere bai. Izugarri gozatu du poetaren lana itzultzen eta, gainera, Bilbaoren iritziz, poeta bat itzultzea da hura ezagutzeko modurik onena. Gozamena opa die irakurleei ere.

STEPHANE MALLARME

Poeta frantsesa, 1842-1898. Klasikotzat jo zuen Josu Landa itzultzaileak Stephane Mallarme poeta. Izan ere, klasikoak badira ondorengo idazle belaunaldiengan eragina handia izan dutenak, bada, orduan, dudarik gabe sartu behar dugu talde horretan Mallarme, itzal luzea izan baitu, besteak beste, orotariko -istengan. Zailtzat jo ohi da Mallarmeren poesia eta, besteak beste, horregatik ez zen ekarriko lehenago euskarara. Mallarmeren testuak oso daude lotuta frantses hizkuntzarekin, adibidez, hitz homofonoek jolasten dute etengabe. Landak, hala ere, uste du itzulpenak berritu egin behar direla. Beraz, hauxe da berak 2016an egin duen itzulpena, baina etor daitezke, 20 urte barru, Mallarmeren beste itzulpena batzuk.

Azkenik, Landak eskerrak bidali zizkion Frantziako Reáu espetxean preso dagoen Marixol Iparragirreri, hark lan zorrotz eta handia egin baitu poemak zuzentzeko.

MIROSLAV HOLUB

Poeta txekiarra, 1923-1998. Ez da txekieraz idazten duten poeten artean ospetsuena, hala ere, herrialdean bertan ezagunagoak direnen artean, Holub itzuli dute gehien beste hizkuntzetara, 40 hizkuntzatik gora. Poetengan sarri elkartzen ez diren bi ezaugarriren jabe zen, gainera, Miroslav Holub: batetik, poesia idazten zuen, bai; bestetik, zientzialari zen ofizioz (medikua eta inmunologoa). Itzultzaile ere aritu zen, polonieratik eta ingelesetik. Karlos Cid itzultzailearen esanetan, zientzia agertzen da Holuben poemetan, baina ez da egia absolutu bat, ezpada gizakiari buruz hitz egiteko tresna, literatura bera bezala. Holuben poesian garrantzia handia du intra-historiak, hots, eguneroko gertaerek. Ciden ustetan, eguneroko gertakari batzuk goi-mailako gertaerak baino inportanteagoak izan daitezke.

Bide luzea egin du itzulpen honek guganaino iritsi orduko. Orain 30 urte, Pragan bizi zela hasi zen Cid Holuben poemak itzultzen. Orduan, argitaratzeko biderik topatu ez, eta gordeta eduki ditu, MPK bildumara ekartzeko aukera sortu arte.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)