Albisteak

Garazi Ugalderen sormen-lana: «Hazteko moduak»

Astelehena, 2021-12-27

Hona hemen Garazi Ugalde kolaboratzailearen sortako azken sormen-lana: «Hazteko moduak». Maialen Berasategiren eta Leire Bilbaoren poemei tiraka. Aurreko hiruak hemen irakur ditzakezue.

HAZTEKO MODUAK 

                                                                                                                       

«txori narrasti bat jartzen zait sorbaldan

“traidorea, traidorea” karrankaz begi-gorri

nire klasea txikiesten duen topikoa

gizendu dudalako (berriro)».

 

 Maialen Berasategi Catalán 

«Desheredatuaren kantua»

Eskuan beti zerbait, 2021, Balea Zuria

 

karranka

Ahari-talkaren logikan ari gara

orotariko sabaien aurka, sinetsita

joko-zelai hauxe dagokigula,

gurea ere badela plaza.

 

Eta halere atezuan gaude beti

satorren antzo, hanka bat atzerago

bestea baino, garaiz erretiratu behar

bagenu ere lurpera. 

 

Katiuska zulatuekin goaz harri labainez

harri labain, egin alde batera estropezu,

heldu ondokoaren eskuari eta

segi oin bustiekin noranahi.

 

Xeheki aztertzen dugu ingurunea:

hitza hartzeko une doia,  

mihi hozkatuak, aldamenekoaren

eta norberaren nabarmenkeria. 

 

Ez dugu kanpoko epaile eta sikarioen

beharrik. Burujabeak gara horretan,

hara. Autolesioa aurrena, gero

orbanaren azkura.

 

Eta txori narrasti begi-gorri bat

sorbaldan, aldiro, karrankaz.


«Hazten joan diren minekin hazi gara,

harri gaineko lo beroarekin,

ezinen orekan».

 Leire Bilbao

«Ezinen orekan»

Ezkatak, 2006, Susa

 

inurriak

 

Poltsiko bat daramat

irmotasunez gainezka,

bestean harri kozkor baten

neurriko zalantza:

Zenbat ote gaude goxo goxoegi

aurkiaren ifrentzuan?

Zenbati erretzen ote digu

negutegi-efektuak azala?

 

Lurra begietan gotortzen

zaidanean, inurri-koloniak

irudikatzen ditut

zirrikituez jabetzen, 

pitzadurak habitatzen.

Ez dakit zenbat garen, baina

sumatzen zaituztet zirika.

Azkura, geldirik ez gauden seinale.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)