Albisteak

Gorka Setienen irudiak eta testuak Hernanin

Igandea, 2012-03-11

Gorka Setienek irudi eta testuz osatutako ERRE PRODUKZIOAK erakusketa jarri du Hernaniko Biteri kultur etxean. Martxoaren 20a bitarte bertaratzen denak eskuz egindako irudi inprimatuak eta hormari itsatsitako testuak topatuko ditu, hainbat poemarekin batera.


Artea da bizitza artea baino inportanteagoa dela erakusten duen jende jarduera, lelo hori topatuko du bisitariak sartu orduko hormari itsatita. Gorka Setien erakusketaren egileak Hitzen Uberani azaldu dionez hori bera izan liteke erakusketaren leloa. Badira esaldi gehiago ere, eta haiekin batera irudi iradokitzaile ugari. Setienek dioenez 'hausnarketa bat egin nahi izan dut bizitza kuartelero honetara nola iritsi garen bilatzeko, eta bilaketa pertsonal honen emaitzetako batek dio emakumeak eta umeak suntsitzea duela helburu patriarkatuak hasiera hasieratik'.



Eskuz egindako irudi inprimatuak dira erakusketan ikus daitezkeenak, eta hitzaren presentzia ez da hormetako esaldietara mugatzen 'mahai batean poema batzuk paratu ditut jendeak har ditzan. Testutxo hauek lantzen hasi naizen hurrengo liburuaren aurrerapena ere badira'. Gorka Setienek 2008an kaleratu zuen aurreko poesia liburua, Ertzetako komunukazioak, autoedizioaren bidetik.

Erakusketan har daitezkeen testuetako bat ekarri nahi izan dugu Uberanera, bertara joateko amu gisa:

zertarako da poeta bat
ez bada matxinadaren hitz bilakatzen

poetak egin behar luke lurrean eseri
eta jainkoak hil
mendeku hartu

haragi adimentsua sentittu
goxo eta zalantzarik gabe
maitasunaren alde egin

izpiritualtasunari barre egin behar lioke
poetak, zertarako balio du poeta batek bestela?

Oraingoz Gorka Setienek ez du erakusketa leku gehiagotan jartzeko asmorik. Martxoaren 20a bitarte ikus daiteke Hernanin, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara.

Egilearen uberari jarraituta:

Ainhoa Unanueri elkarrizketa

Nagore Legarretaren 'Edipotoa' liburua

Gorka Bereziartuak egindako elkarrizketa (2008)

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)