Albisteak

“Idazleak ez ezik, euskal sortzaile andana izanen dugu (H)ilbeltzan”

Osteguna, 2017-01-12

Datorren astelehenean hasiko da (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren inguruan Baztanen ospatuko den literatur astea. Protagonista nagusiak idazleak izango diren arren, bestelako kultur espresioetarako leku ere izango da egitarauan. Antolatzaileek aurtengo edizioaren inguruko xehetasunak eman dizkigute.

 

Maiz, abiatzea bera baino zailagoa izaten da mantentzea. Duela pare bat urte hasitakoari eutsi egin diozue beste behin ere. Nobela Beltzaren Astea egonkortu egin den seinale al da?

Aurten dugu 3. edizioa, eta egia erran urtetik urtera egitarau gero zabalagoa eta eskaintza anitzagoa dugu. Zenbait ekitaldi urtetik urtera errepikatzen ditugu, idazleekin solasaldiak, mahai ingurua, gau susmagarria... Baina aitzineko urtetik berrikuntzen bat sartzen saiatzen gara.

Egonkortasun horren seinale da, jendeak dagoeneko (H)ilbeltza adituta lotura zuzena egiten duela Baztanen antolatzen den euskal nobela beltzaren astearekin, hori seinale ona da. Taldea ere handitzen ari da, eta gogotsu gaude.

 

Aurtengo edizioa sustatzeko, "Zure izena, gure izana: Izan (H)ilbeltza" izeneko kanpaina abiarazi zenuten. Pozik al zaudete izan zuen harrerarekin?

Bai, arras-arras kontent gaude, aski balorazio positiboa egiten dugu, 77 ekarpen izan dira eta 5.000 euro pasa lortu ditugu.

Aurten izan da lehenbiziko aldia holako kanpaina bat abiatu duguna, eta emaitza ezin hobea izan da. Ekarpena egiten zuen norbanako edo elkarteak, bere izena paratzeko aukera zuen, eta trukean izena ageri den kartela eskuratuko dute.

 Hilbeltza3

Patxi Larrion idazlea, Ernesto Prat eta Maitane Maritorena (H)ilbeltza ekimeneko kideak eta Eneko Aizpurua idazlea.


"Zazpi idazle izanen ditugu orotarat"

Kontzertua, antzerki saioa, bertso trama... Aurtengo egitaraua oparoa da. Dena den, idazlea da Nobela Beltzaren Asteko protagonista nagusia. Euskal nobela beltzak 2016 urtean eman duenaren isla izango al da?

Bai, gonbidatu andana izanen ditugu, nagusiki idazleak izanen dira, eta batez ere 2016ko uzta izanen da zuek erran bezala. Ditugun ekitaldi guztiak kontuan hartuta zazpi idazle izanen ditugu orotarat: Patxi Larrion Feriatzaileak liburua aurkeztera etorriko da, Patziku Perurena Hilen xarma liburuaz arituko da, Eneko Aizpurua Lehertu da festa, Itxaro Borda Ultimes déchets, Miren Gorrotxategi 33 ezkil eta Ander Odriozola Freeport... Horiek izanen ditugun idazleak beren liburu kontu solaserat etorriko direnak, baina horiez gain Miel Angel  Elustondok Gotzon Garate oroimenean solasaldia eskainiko du ‘Beltz guztiak ez dira bele’ izenburupean.

Aipatutako zazpi idazleez gain  bideo emankizuna izanen da Euskal Harriaren ABDak, laburmetraia ilun aukeratuak Beñat Iturriotz, Santi Leone,eta Ane Urkiola etorriko zaizkigu aurkeztera, mahaingurua ere izanen dugu Fikziorako argudioak, politikaren trama beltzetik izenburupean arituko dira Iratxe Fresneda eta Gorka Bereziartua (moderatzailea Mikel Soto izango da). Markos Untzetak Dix eta biok kontzertua eskainiko du, bertso trama izanen dugu Andoni Egaña, Julio Soto, Onintza Enbeitia eta Alaia Martin bertsolariekin...

Ikusten duzuenez agenda bete-betea dugu. Idazleak ez ezik, euskal sortzaile andana izanen dugu gurean.


euskalnobelabeltza02

(H)ILBELTZA, euskal nobela beltzaren astea 2017

Baztan, urtarrilaren 16tik 22ra

 

Urtarrilaren 16a astelehena, 19:30

Arizkungo liburutegi beltzan

IDAZLEEKIN SOLASEAN: Patxi Larrion, Feriatzaileak liburuari buruz solasean.

 

Urtarrilak 18a asteazkena, 19:00

Anizko elkartean

SOLASALDIA: Beltz guztiak ez dira bele(Gotzon Garate oroimenean).

M.A. Elustondo.

 

Urtarrilak 19a ortzeguna, 19:00

Berroetako Gure Ametsa elkartean.

SOLASALDIA: Patziku hil arte solasean. Patxiku Perurena Hilen xarma liburuaren inguruan.

 

Urtarrilak 20a ortzirala, 19:00

Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean

BIDEO EMANKIZUNA: Euskal Harriaren ABDak, laburmetraia ilun aukeratuak.

Beñat Iturriotz, Santi Leone, Ane Urkiola.

 

Urtarrilak 21a larunbata

Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, 11:00

MAHAI INGURUA: Fikziorako argudioak, politikaren trama beltzetik.

Iratxe Fresneda,Gorka Bereziartua. Moderatzailea: Mikel Soto.

 

BAZKARIA: eguerdiko 14:00etan Erratzuko Etxeleberteko txokoa elkartean.

 

Ondotik, elkartean berean: LIBURU AURKEZPENAK

Lehertu da festa, Eneko Aizpurua.

Ultimes déchets, Itxaro Borda.

33 ezkil, Miren Gorrotxategi.

Freeport, Ander Odriozola.

 

Ondotik, Erratzuko ostatuetan barna:

SUSMAGARRIEN GAUA.

 

Erratzuko Etxeleberteko txokoa elkartean:

KONTZERTUA 21:00etan, Dix eta biok. Markos Untzetaren eskutik.

 

Urtarrilak 22, igandea

Lekarozko Plazan, 11:30

IPUIN KONTAKETA TEATRALIZATUA.

 

Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean,19:00

BERTSO TRAMA: Andoni Egaña, Julio Soto, Onintza Enbeitia, Alaia Martin

Gai jartzailea: Josu Goikoetxea (Baztango Udalaren laguntzarekin).

 

 

Antolatzailea: (H)ilbeltza.

Lagundu dute: Baztango Udala,Ttipi-ttapa, Xorroxin irratia, Xaloa telebista, Karrikiri, Argia, Berria, Erratzuko Kultur Elkartea, Etxeleberteko Txokoa elkartea (Erratzu), Mendiarte Kultur Elkartea (Aniz), Anizko Herria, Lekarozko Herria, Lekarozko Gazteak, Arizkungo Gazteak, Elizondoko Herria, Berroetako Gure Ametsa Elkartea.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)