Albisteak

Identitatearen bilaketa, bost urtarotan

Osteguna, 2021-07-01

Izarak eleberria argitaratu du Goizane Aizpuruak, Alberdaniaren eskutik. Identitatearen eraikuntzari eta bilaketari erreparatzen dio lanak, hiru pertsonaiaren arteko triangelua ardatz hartuta. Irudia: Alberdania argitaletxea.

«Bizitza arrunta duen bikote arrunt bat osatzen dute Anek eta Xabik. Adiskide min dute biek Elene. Portugalera doaz oporretan, hiruak elkarrekin. Bidaia horren ondorengo urtebetearen buruan ezerk ere ez du lehenean iraungo…».

Horra Goiza Aizpuruaren estreinako eleberriak irakurleari eskaintzen dion amua. Hiru pertsonaien artean harilkatzen dira kontakizunaren korapiloak, baina Ane da protagonista nagusia, haren «eraldaketa» kontatzen baita nobelan. Oporretako azkenaurreko egunean, zerbaitek zalantzan jarraraziko dizkio bere bizitzako erabaki guztiak. Hala, bilaketari ekingo dio, zeinak ez baitu «deus ere ukitu gabe utziko: gorputza, generoa, intimitatea, rolak, harremanak, maitasuna…».

Elenek eta Xabik, nor bere aldetik eta nor bere erara, bilaketa horren erreferentzia-puntu izango dira protagonistarentzat. Elene, esaterako, «ispilu» bat da: Anek beti bizi nahi izan duen bizitzaren isla. Lanbideari dagokion bezainbatean, Elene argazkilaria da (nahiz eta lurrin-denda batean lan eginez ateratzen duen aurrera bizibidea); Ane, berriz, dentista, lanpostu ezarriago eta seguruago bat.

Elene eta Ane «bilaketan instalatuta» bizi direla aipatu du egileak; Xabik, ordea, guztiz bestelako jarrera du: «Gotorleku bat dauka, eta hortik ez da mugituko». Aizpuruaren arabera, ez da kasualitatea bi emakumeak izatea beren burua etengabe zalantzan jartzen dutenak, eta gizona, berriz, bere posizioan lasai dagoena.


Lau urtaro, eta beste bat gehiago

Lau zatitan antolatuta dago narrazioa, urtaroekin bat eginez: udaran hasten da, eta udaberrian bukatzen. Zati bakoitzak urtaroaren aldartearekin bat egiten du, eta «giro» edo «atmosfera» hori sortzeko, Aizpuruak sarrera-modu bat (tipografia desberdina darabilena testu nagusiaren aldean) ipini du kapitulu bakoitzaren hasieran.

Bestalde, liburuak badu koda bat. Txuma Murugarrenen kantuak dioen eran: «Bost dira urtearen aroak: / uda, udazkena, negua, udaberria / eta zerbait hoberen esperoan / ematen den denbora». Aizpuruak azaldu duenez, zain egoten gara batzuetan, erabaki bat hartzeko edo aldaketa bat egiteko une «egokia» noiz iritsiko, eta gauza bera gertatzen zaie liburuko Ane eta Eleneri.


Narratiba poetikoa

Aizpuruaren estiloa nabarmendu du Alberdaniako editore Jorge Gimenez Bechek. «Gezurra dirudi [hauxe izatea egilearen lehen eleberria], apustu zehatz bezain osotua dakarrelako Goizaneren nobelak. Ekoizpen umotua da, zalantzarik gabe, nobela hau, bai formaz, bai idazkeraz umotua. Lorpen harrigarria, lehen eleberri baterako, egilearengan dagoen idazle-senaz pista esanguratsua ematen digun zeinua».

Hain zuzen ere, Aizpuruak kontatu du bere eroso sentitzen dela poesian, eta erronka izan dela berarentzat narrazioa eraikitzea. «Istorioaren eta estetikaren» arteko oreka bilatzen ahalegindu da.

Lehenengo nobela badu ere, aurrez argitaratu ditu beste lan batzuk. Antzerkiaren munduan hasi zen testuaren inguruko esperientzia estetikoa lantzen, Goaz antzerki taldeko kide izan baitzen, eta 2006an idatzi zuen bere lehen antzerki gidoi luzea, talde horrentzat: Kanika zuri-beltzak. Bestalde, 2013an, Irarrazabalgo hormarteratua izeneko kondaira-bildumarako kontakizun bat idatzi zuen, eta 2018an, Afasia Airlines poesia-liburua argitaratu zuen, Pasaia Hiria – Xabier Portugal saria irabazi ondoren. Arte Ederretan lizentziatua da, eta, lanbidez, zaharberritze eta kontserbazioan dihardu.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)