Albisteak

Iñigo Errasti itzultzailea: "Oso obra modernoa da Frankenstein"

Literatura Unibertsala bilduman plazaratu berri izan daAsteazkena, 2014-03-05

Frankenstein obra plazaratu eta berehala egin zen ezagun. Baina ospea, mito bihurtu zuen ospea, antzerkiari eta zinemari esker erdietsi zuen. “XIX. mende hasieran sortu zenetik mitoa handiagotzen joan zen, eta gaur egungo gai askorekin lotura zuzena duela esan daiteke”. Zientziarekin eta zientziaren aurrerapenarekin zein arriskuekin loturik jarraitzen duelako Frankensteinen mitoak. Iñigo Errasti itzultzaileak ekarri du euskarara (argazkikoa), Literatura Unibertsala bildumaren bitartez. Aurkezpen ekitaldian Errastik berak eman zituen obrari buruzko hainbat azalpen.

Mary Shelleyk obra hau lehen aldiz idatzi zuenetik, beste bi edizio egin zituen artean bizirik zela. “Lehen ediziotik hirugarren ediziora gainera, antzerkirako egokitzapen bat egin zuen. Eta liburuak arrakasta handia izan zuen arren, antzerkiratzeak eman zion benetan gaur egun duen ezagutza. Egokitzapen horretan, aldaketa batzuk eman ziren istorioan. Antzerkian esate baterako, hitza kendu zioten munstroari. Baina nobelan munstroak hitz egiten du. Atzerkira egokitu zutenean, dramatizazio prozesuan, Frankenstein mutu utzi zuten. Eta harrez gero, bai antzerkian eta bai zineman ere, ia beti mutu geratu da”.

Frankenstein aipatu eta filmeko Boris Karloff datorkigu burura, munstro bihurtuta. “Baina nobelan munstroak bilakera bat izango du. Egiten dutenean ona da munstroa, baina obrak aurrera egin ahala, dohakabe bihurtuko da”.

Mitotzat jotzen da Mary Shelleyk idatzi zuen pertsonaia, baina oraindik “oso modernoa dela esan daiteke. Zientziarekin eta zientziaren aurrerapenarekin zein arriskuekin loturik jarraitzen duelako Frankensteinen mitoak”.


Bizitza gorabeheratsua

Mary Shelley oso gaztea zen obra idatzi zuenean, baina ez zen edonor. “Oso bizitza gorabeheratsua izan zuen. Aita eta ama ezagunak ziren kultura zein literatura arloetan. Ama feminismoaren aitzindari izan zen, baina Mary jaio eta hamaika egunera hil zen. Zama hori eraman zuen gainean beti. Aita, aldiz, filosofo erradikal oso ezaguna izan zen. Eta aitaren eta alabaren arteko harremana oso tirabiratsua izan zen. Aitak tarteka bazterrean utzi zuen alaba. Hori igarri daiteke nobela honen pasarte batzuetan”, Iñigo Errastiren ustez.

Aitaren famari esker ezagutu zuen Percy Bysshe Shelley poeta, gerora bere bikote izango zena.



Zientziarekin interesatuta

Iñigo Errastiren esanetan, “ez da nobela gotiko puro bat. Nahiz eta halakotzat jo izan den”. Eta ez du kasualitatez idatziko Mary Shelleyk horrelako obra bat: “oso pertsona jantzia zen Shelley. Hezkuntza ona jaso zuen eta irakurzale amorratua zen”. Zientziaren aurerrapenean interes handia izan zuten berak eta bere senarrak, “eta hortik ateratzen da mito hau”.

 

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)