Albisteak

Iparragirre sariak plazaratu ditu Bermingham argitaletxeak

Asteazkena, 2012-03-07

2011ko Iparragirre sariak argitaratu berri ditu Bermingham argitaletxeak Zumarragako eta Urretxuko udaletxeekin elkarlanean. Bi liburu plazaratu dira: poesia eta narratiba lanak biltzen dituena batetik, bertso-paperaren arlokoak bestetik. Sarituen artean, Aitor Albistur-en testuak irakurri ahal daitezke liburu bietan.

(marrazkia: Concetta Probanza)

2011ko Iparragirre sarietan poesiaren alorrean Aitor Albistur-en (Errenteria/Orereta, 1976) Sonetozko taupadak izan da lan saritua, narratiban Eskutik izenekoa, Karmele Mitxelena Etxebesterena (Oiartzun, 1988). Patxi Ezkiaga idazleak egin ditu bi lanen hitzaurreak.

Bertso-paper lehiaketaren kasuan, hauek izan dira lan sarituak: Hiltzera kondenatua Aitor Albistur Pulidorena (Errenteria/Orereta, 1976), Ai ama! IƱigo Legorburu Arregirena (Errenteria/Orereta, 1976), Txirrist-festa Jexux Mari Alberdi Sasietarena (Urretxu, 1956), Txorradak besteik ez Mikel Iturriotz Etxanizena (Urretxu, 1995). Gorka Azkaratek, bildumaren zuzendariak, idatzi du hitzaurrea.

Aitor Albistur-en testuak irakurri ditzakegu liburu bietan: poesiaren kasuan hainbat gai jorratu ditu egileak sonetoak egiteko erronka bere gain hartuta, bertso-paperen kasuan hiltzera kondenatua dagoenaren azalean sartu da. Irakurketarako amu gisa, 'Aurrerakoia' izeneko sonetoa ekarri dizuegu bertara:

AURRERAKOIA

gizakiontzat sorpresaz josia
dago mundua. Hainbat aldaketa
gertatzen da, sarri nahi dugu eta
erabateko metamorfosia

batzutan monotonia dosia
amesten dugu, bestetan apeta
eskuraezin bilaketa.
Hau da izatearen diglosia!

aldaketekiko dugun jarrera
da guztia alda dezakeena.
Hori bai, onera edo txarrera

mundu moderno honetan barrena
aurrerakoiena ez da aurrera
besterik gabe egiten duena

            Aitor Albistur, Sonetozko taupadak


Bermingham-en lan gehiago

Iparragirre eta Pasaia Hiria sariez gain, Bermingham argitaletxeak beste poesia lan bat ere jarri berri du irakurleen eskura: Patxi Ezkiagak idatzitako Oteiza, profetaren 14 hitz. Bertan egilea isiltasunetik, barrura begirako gogoetatik abiatu da Bibliatik hartutako hainbat esaldiren eskutik, bulkada honi segika:

'Oteizak ondotxo zekien hitza ez dela esana idazki sakratuetan bakarrik: lehenik eta behin, kreazioan esaten dela; historian, modu existentzialago batean; artelanetan, modu imajinagarriago batean; eta giza esperientzian, modu pertsonalago eta zuzenago batean. Oteizak Jainkoaren Hitzaren dimentsio ezberdinak milaka formatan irakur daitezkeela esan zigun'.

Albiste honen uberan:

Otamotz

Elkarrizketa Aitor Albistur-i Argian (2010)

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)