Albisteak

Iritsi da Joana Maiz

Asteazkena, 2019-11-13

Joana Maiz izeneko eleberri grafikoa argitaratu dute Yurre Ugartek eta Joseba Larratxek, Harriet argitaletxearen eskutik. Prentsaren aurrean aurkeztu zen orain aste batzuk, eta beste hainbat aurkezpen egingo dituzte hemendik aurrera. Gaur, adibidez, Donostiako Tobacco Days liburu-dendan izango dira Ugarte eta Larratxe, Garbiñe Ubeda lagun.

Iritsi da Joana Maiz. Bi urteko lanaren emaitza. Yurre Ugartek idatzi du gidoia, eta Joseba Larratxe arduratu da narrazio estetikoaz. Aurkeztu dute prentsaren aurrean, aurkeztu dute hurbilekoen aurrean, eta gaur Donostiako Tobacco Days liburu-dendan elkartuko dira bi autoreak, 19etatik aurrera, Garbiñe Ubeda dutela lagun. Aurkezpen gehiago egingo dituzte, besteak beste, Iruñeko Katakraken izango dira hilaren 28an, 19etatik aurrera.

Baina, nor da Joana Maiz? Amu gisa, hementxe daukazue booktrailerra, MICEren musikarekin dotore lagundua.


 

Erresistentzia da bidea

Harriet argitaletxearen eskutik publikatu dute lan hau Larratxek eta Ugartek. Egileen arabera, erresistentziari buruzko kontakizun bat da. Ele bitan atera dute, gaztelaniaz eta euskaraz, baina azken horretan sortu eta garatu da proiektua. Pasa den astean, Usurbileko Kabiene Elkarlan Gunean aurkeztu zuten, lagunartean, gune horretako kide baita Larratxe. Lan-prozesuari buruzko zertzeladak kontatu zituzten, adibidez, nola abiatu zen elkarlana. Joana Maiz da liburuko protagonista nagusia, baina harekin batera agertzen den Lauren Odriozola izan omen zen historiaren abiapuntua. Ugartek adineko emakume bat ezagutu zuen Irungo baratza-inguru batean, lurra lantzen, eta gidoiaren argumentua sortzeko lehen hauspoa izan zen.  Larratxek, bestalde, marrazketa-prozesuari buruzkoak aletu zituen, hiru fasetan osatu baititu irudiak: lehenik arkataz, ondoren tindatzeko prozesua, eta, azkenik, kolorea.

Aurkezpen informalari buruzko bideo bat argitaratu du Noaua aldizkariak.


 

Euskarazko komikigintzak badu pozteko arrazoirik

Azken asteotan, beste bi komiki argitaratu dira euskaraz. Bat, Amets alokatuak, Iñaki Holgado eta Harkaitz Canorena. Orain arte, atalka argitaratu dituzte ametsok Xabiroi aldizkarian, eta, orain, bolumen bakarrean bildu eta argitaratu ditu denak Ikastolen Elkarteak. Bestetik, Buyan kaleratu dute Martin eta Xabier Etxeberria anaiek eta Aritz Trueba marrazkilariak. Zazpi urteko lana izan da komikia osatzea, eta euskaraz ez ezik, ingelesez eta frantsesez ere argitaratuko dute.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)