Albisteak

Joxemari Iturralderen ia ehun haiku

Osteguna, 2021-07-15

Udaberria sutan: Ia ehun haiku liburua argitaratu du Joxemari Iturraldek, Pamiela etxearen eskutik. Azken hamarraldietan idatzitako hiru mila eta piko haikuen hautaketa bat da.

Udaberria sutan: Ia ehun haiku liburua argitaratu du Joxemari Iturraldek, Pamiela etxearen eskutik, eta orain bi aste aurkeztu zuen, Donostiako Liburu Azokaren harira. Ibilbide oparoa egin du Iturraldek euskal literaturan: Pott bandan hasi zen, eta harrezkero hainbat generotako liburuak argitaratu ditu. Nolanahi ere, ezagutzen ez genion alderdi bat ekarri du oraingoan: bere estreinako poema-liburua argitaratu du, haikuz osatua hain zuzen ere.

Joxe Anjel Irigarai Pamielako editoreak esan duenez, irakurleoi «berezia» iruditzen bazaigu ere, Iturraldek aspaldi-aspalditik idazten ditu halako poemak: bi milatik gora dauzka bilduak, eta hemen argitaratu dituenak –laurogeita hemeretzi dira– «sekulako hautaketa» baten ondorio dira.


Kultura bakoitzak badu bere poesia-moldea

Oda greziarrak, soneto italiarrak… eta japoniar haikuak. Iturralderen esanetan, kultura bakoitzaren ezaugarriek badute eragina hango literatur moldean. Halaxe da haikuaren kasuan ere. Octavio Pazek, haikuei eta oro har japoniar poesiari buruz hitz egitean, bi ezaugarri azpimarratzen zituen: trinkotasuna eta amaitu gabeko izaera (edo inperfekzioa).

«Poema japoniar batek oso hitz gutxirekin esaten du intentsitate handiko zerbait»; kultura hispanoan, ordea, kontrakoa da: anplifikatzeko joera dago, Pazen arabera betiere. Bestalde, japoniarrek sinesten dute munduko gauzak iheskorrak direla, eta ezaugarri hori harrapatzen saiatzen dira haikuen bidez, efimerotasunean datzalakoan «edertasuna».

Matsuo Baxo jotzen du haikuen fundatzailetzat; XVII. mendean eratu omen zituen. Haren lan batzuk euskaraz irakur daitezke: Lau bidaia liburuan (Igela, 1990; itzultzailea: Joseba Urteaga) eta Senez aldizkariko artikulu honetan (egilea: Ibon Uribarri).


Nola idatzi haikuak?

Argi dago, beraz, haikuak ezin direla hola eta hola idatzi. Iturraldek, behintzat, haikuen idazketarako hiru arau funtsezkoak bete ditu bere poema guztietan. Lehenik, neurria: 5 / 7 / 5 silabako aleak dira denak. Bigarrenik, errimarik eza. Azkenik, poema guztietan agerrarazi du kigo deritzon elementua, urtaroa adierazten duen hitza.

«Kigo hitzak gogorarazten digu naturaren parte garela». Oso modu zehatzean erabiltzen dute japoniarrek. Haikuan «liztorra agertuz gero, irakurle japoniarrak berehala ulertzen zuen udaberriaz ari zela poeta». Ondoren, kigoak bazuen bigarren geruza bat. Oreinaren adibidea azaldu du Iturraldek. Lehen geruzan, udazkena adierazten du; bigarren geruzan, berriz, gurasoek beren seme-alabekiko duten maitasuna, animalia horrek «mimo handiz zaintzen omen baititu bere kumeak». Iturralderen arabera, kigoren berezko esanahiak galtzen joan dira gure kulturan, baina hala ere berak araua errespetatu du aldiro.


Aspaldi idatzikoak argitaratzeko garaia

Soldaduskan hasi zen Iturralde haikuak idazten, egoera hartan zaila baitzen poema luzeagoak idaztea, eta «efektu baltsamikoa» izan zuten egilearengan. Garai hartako bizpahiru ale bildu ditu liburuan. Mila eta bat haiku izeneko argitalpena ere prest dauka, euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako poemekin.

Bestalde, han-hemen egindako literatur lantegietan asko landu ditu haikuak ikasleekin, jendeak poesiara erakartzeko modu aproposa direlakoan. Esaterako, Oñatiko udal liburutegiko idazketa-tailerrean halakoak franko egin dituzte, eta, dena ondo bidean, liburu bat argitaratuko dute udazkenean.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)