Albisteak

Kalean dira Aleka eta Lisipe bildumetako izenburu berriak

Asteartea, 2020-10-20

Pasa den astean bi saiakera aurkeztu ziren: Iñaki Petxarromanen Ezezagunerako bidaia eta Marina Sagastizabalen Hiruki gatazkatsua. Aleka (Elkar, Jakin eta Berria) eta Lisipe (Susa) bildumei dagozkie, hurrenez hurren.

Udazkenarekin batera nobedade ugari iritsi dira gure apaletara, baina denak ez dira literaturari lotuak. Pasa den astean, esaterako, pentsamenduaren arloko bi izenburu kaleratu ziren. Klima-larrialdiari lotua bata, zaintza-lanek kapitalismoan duten antolaketari buruzkoa bestea, biak ala biak tresna baliagarriak izan daitezke gaur egungo egoeraren berri izan eta hartaz hausnartzeko.


 

Gure planeta (eta gu guztiok) klimaren kinkan

Ezezagunerako bidaia izeneko saiakera aurkeztu du Iñaki Petxarroman kazetariak, Aleka bilduman (Elkar, Jakin eta Berriak koordinatzen dute bilduma hori; egunkari horretako kazetaria da Petxarroman). Klimaren eta ekologiaren krisia landu ditu autoreak, hainbat aditurekin hitz eginda.

Hala dio liburuaren sinopsiak: «Planeta ezezagunerako bidaia baterantz abiatu da, eta, harekin batera, bertan bizi garen guztiok. Bidaia atzera-bueltarik gabea da, baina oraindik garaiz gaude, neurri batean behintzat, bidean izango diren astinduak gutxitzeko eta ahal den modurik onenean egokitzeko. Zientzialariek, ordea, argi dioskute: gehienez ere hamarkada bat dugu gu guztiok garraiatzen gaituen ontziaren norabideari lema kolpe sendo bat emateko».

Etzi, hilaren 22an, aurkezpen zabalago bat egingo dute liburuaren harira, «Klima eta ekologia krisian» izenburuarekin. Martin Ugalde foroan izango da, 19etatik aurrera. Bertan izango dira Iñaki Antiguedad eta Ane Zabaleta EHUko irakasleak, hidrologian adituak; Ibai Rico eta Eñaut Izagirre glaziologoak; Naima el-Bani paleozeanografoa; Unai Pascual ekonomialaria eta Elisa Saenz de Murieta, kostaldeetako klima-aldaketetan aditua. Solasaldia bertatik bertara entzun nahi duenak, aldez aurretik izena eman beharko du, helbide honetara idatzita: martinugalde@kulturparkea.eus. Etxetik ikusi nahi duenak zuzenean ikusteko aukera izango du, Berria.eus webgunean.


 

Bizitza ala kapitala

Marina Sagastizabalek, bestalde, Hiruki gatazkatsua izeneko saiakera kaleratu du Lisipe bilduman [liburua osorik irakurri daiteke hemen]. Euskal Herriko pentsamendu feminista garaikideari eskainitako bilduma bat da hori –Susak argitaratzen du–, eta, hain zuzen, feminismoek luzaroan eztabaidagai izandako gai bati heldu dio Sagastizabalek: zaintza-lanei.

Zehatzago esateko, hiru dimentsioren arteko loturari erreparatu dio. Hala azaltzen du egileak berak liburuaren sarreran: «eguneroko bizitzari lotutako hausnarketa da honakoa, gure egunerokoan gurutzatzen diren hiru dimentsioren artikulazioan oinarritzen baita: etxeko eta zaintza lanak, ordaindutako lana eta parte hartze soziopolitikoa. Hain zuzen ere, hiru eremu hauek gure bizitza zikloetan nola zeharkatzen gaituzten ikusiko dugu; hiruren denborak nola uztartzen diren, edo talka egiten duten; gure bizitzetatik bertatik zer-nolako estrategiak garatzen ditugun aztertuko dugu hiru denbora hauekin malabarak egiteko; halaber, bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka gorpuzten dutenen esperientziak ezagutu eta beste mundu bat amesteko abiapuntu izango dugu».

Sagastizabalek, lehenago, tesia egin zuen gai horien bueltan; liburu honen bidez, baina, bere «ikerketaren ideia nagusiak» laburbiltzen saiatu da, «hitz soil eta gertuko»en bitartez.

Bestalde, bildumaren editore Jule Goikoetxea arabera, Sagastizabalen liburuak «azkenaldian puri-purian dabilen gai baten inguruan hitz egiten digu: bizitza ala kapitala», eta, halaber, galderak sorrarazten ditu, hala nola: «Zer ondorio ditu gure bizitza kapitalaren arabera antolatzeak? Are gehiago, zer ondorio ditu emakumeentzat haien lanaren herena eta, kasu askotan, erdia musu-truk izateak? Zergatik egiten dute emakumeek lana dohainik? Zergatik dituzte gizonek baino diru sarrera gutxiago nahiz eta lan handiagoa egin? Zergatik da emakumeen parte hartzea politikan murritzagoa, esporadikoagoa, motzagoa eta gogorragoa? Zergatik hezten dituzte haiek seme-alabak? Emakumeek egiten dutena pribatizatu egiten da edo pribatuki egin beharrekoa emakumeek egiten dute? Zer da zeren ondorio? Nori egiten dio mesede sistema honek? Sistema bakarra al da?».

unnamed

 

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)