Albisteak

Kontraesanei begiratu die Eva Perez-Ponsek bere lehen poema-liburuan

Ostirala, 2020-07-10

Zaharkitze programatua izeneko poema-liburua argitaratu du Eva Perez-Ponsek Erein etxearen eskutik. Lehen liburua du, eta Blas de Otero poesia-saria eskuratu zuen hari esker.

Zaharkitze programatua izeneko poema-liburua argitaratu du Eva Perez-Ponsek Erein etxearen eskutik. Lehen liburua du, eta Blas de Otero poesia-saria eskuratu zuen hari esker. Aurkezpenean adierazi duenez, pertsonen zaurgarritasunari eta kontraesanei erreparatu die poema hauetan.

Inazio Mujika editoreak azpimarratu duenez, autore honen lehen liburua izan arren, «heldutasuna» nabari zaio. Bestalde, liburu honetan «gaur-gaurko» gaiak, formak eta kontatzeko moduak nagusitzen direla nabarmendu du, «perspektiba feminista» batetik idatziak. Pérez-Pons ingeniari da ikasketaz, eta xehetasun horri ere erreparatu dio Mujikak: «euskal poesian filologo asko dago», eta haien poesian nabaritzen da hizkuntzarekiko arreta eta lanketa filologiko hori. Pérez-Ponsen aleetan, berriz, «matematika gehiago dago filologia baino», eta interesgarritzat jo du editoreak alderdi hori.

Perez-Ponsek azaldu duenez, 2016-2017 urteen bueltan hasi zen poemok idazten, «euskarara hurbiltzeko eta buru barruko zurrunbiloei» forma emateko ahalegin gisa. Hasiera batean, poemek egunerokoaren tankera zuten, baina, Blas de Otero lehiaketara aurkezteko asmoarekin batera, gaika antolatu zituen, eta halaxe daude liburuaren ere: bost atalek osatzen dute, eta bakoitzean hamarna poema. Autoreak aipatu du laburrak direla, eta ulertzeko errazak.

Egileak «kontraesanak» bildu ditu liburuan, «eguneroko praktika feministarekin talka egiten dutenak». Poemak idaztea ariketa bat izan da, kontraesan horiek «zerk sortzen dituen aztertzeko». Gorputzak eta zaurgarritasunak toki handia dute liburuan.

Izenburuari tira eginez, sarritan objektuei aplikatzen zaien kontzeptua pertsonoi ere aplikatzen zaigula kontatu du Pérez Ponsek: bizi ditugun garaiotako «prekarizazio», «indibidualismo» eta «produktibismo» handiaren ondorioz, «makina edo automata bihurtu nahi gaituzten honetan, geu ere atzeratuta geratu ahal gara, horrek dakarren guztiarekin, edo gorputzak planto egiten du».

Kontraesanek eta iluntasunak toki nabarmena badute ere, liburuan bada aldarrikapenak eta salaketak egiteko tartea, eta erotismoari eta desirari buruzko poemak daude, orobat. Azken horren harira, egilearen ñabardura: «desira» ez du aurkezten «hutsune baten sinonimo gisa baizik eta aurrera egiteko modu bezala».

Amu gisa, hemen irakur dezakezue liburuko lehen ataleko poema bat.


 

Captura de pantalla 2020-07-09 a las 16.09.18

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    zorionak poetari, aterpe izan dakizun beti poesia, merkatuaren lege basati orotatik babesleku, maitemina eta bizimina goxa dezazun zure benetako barne-hitzekin, eta oroitu poesia ez dela liburuetan bakarrik ageri, edo liburuetan ere badagoela poesiarik.

    Ez adiorik

    Ainara

    2020-07-10 09:03ainara