Albisteak

Liburu isilak laguntzeko enkantea Galtzagorriren urteurrenean

Ostirala, 2015-10-23

Galtzagorri elkarteak 25 urte bete ditu, eta urteurrenaren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Pasa den astean ipuin kontalarien maratoiarekin abiatu zuten ospakizuna, igande honetan berriz proposamen bikoitzarekin datoz: goizean Marraz(i)Oak topaketetan parte hartu izan duten hainbat egileren lanekin enkante dramatizatua egingo da, arratsaldean berriz urteurreneko festa.

1990eko urriaren 24an hasi zuen ibilbidea Galtzagorri elkarteak, bihar larunbata 25 urte. Urteotan egindako lana ospatu nahi izan dute, hainbat ekitaldi antolatu dituzte horren bueltan. Urriaren 17an egindako ipuin kontalarien maratoia izan zen lehena, zazpi kontalariren saioak eskaini zituzten goiz-arratsalde. Igande honetan izango dira beste bi ekitaldi: goizean enkante dramatizatua Donostiako Arteko arte-galerian 11:00etatik aurrera, arratsaldean festa San Telmo museoan 16:00etatik aurrera.

Enkante solidarioa

Galtzagorrik Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen Marraz(i)Oak topaketetan parte hartu izan duten hainbat artisten lanekin enkantea egingo dute. Diru guztia IBBYk "Silent books" egitasmoaren baitan, Italiako Lampedusa uhartera iristen diren etorkinentzat martxan jarri duen liburutegira bideratuko da. Enkantea antzerkiaren bitartez gidatuko dute Metrokoadroka kolektiboko Ainhoa Alberdi eta Amaia Corral aktoreek.

Marraz(i)Oak topaketetan Euskal Herriko hainbat ilustratzailek egindako lanak aterako dira enkantera, baita topaketa horien gidari izan diren Elena Odriozola, Ignasi Blanch eta Harkaitz Canoren lanak ere.

Enkantera aterako diren beste lanen ilustratzaileak honakoak izango dira: Aitziber Alonso, Maite Azkargorta, Ainara Azpiazu "Axpi", Idoia Beratarbide, Maite Caballero, Begoña Durruty, Unai Fernandez, Maite Gurrutxaga, Iñaki Martiarena "Mattin", Lorena Martinez, Josean Morlesin, Nagore Txintxurreta eta Araitz Urbeltz. 

Urtemuga festa

Igandean bertan arratsaldez ospatuko dute elkartearen urtemuga festa San Telmo Museoan. Elkarteak urte hauetan egindako lanaren zertzelada nagusiak bilduko dituen ikus-entzunezkoa proiektatuko dute. Sarrera doan izango da, baina bakoitzak Haur eta Gazte Literaturako liburu bat ekarri beharko du sarrera gisa, gero beste gonbidatuekin partekatu ahal izateko.

Enkantea_kartela_ona

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)