Albisteak

Maiatz-ek antzerki bilduma abiatu du, Gillom Irigoyenen testuekin

Osteguna, 2019-05-02

1984 eta 1996 urteen artean idatzitako zortzi testu bildu dituzte Garazin antzerki 1 izeneko liburuan. Antzezlanak, tobera, garai baten isla diren gaiak, paisaiak, zirtoak eta pertsonaiak. Guztia, Antton Lukuren hitzaurrearekin eta egilearen beraren testuei buruzko komentarioekin aberastua. (Argazkia: ikus BERRIAn publikatu den artikulua).

Sarritan hitz egin izan da Ipar Euskal Herriko antzerkiaz, bertako euskal kode tradizionalez, azken hamarkadetan antzerki garaikideak izan duen bizi aroaz. Apaizen babespetik garaian garaiko errealitatearen modu bortitzean izatera pasatu zen neurri handi batean 80eko hamarkadan, Hego Euskal Herrian bezala garaiak aldatzen ari ziren seinale. Garai haietako izenak aztertzean berehala azaldu ohi da Gillom Irigoyen. Hiruak bat taldearen etapa berrian, bidelagun izango zituen jokolarien artean gerora ere uzta propioak landu dituzten Mattin Irigoyen anaia, eta Antton Luku.

Lukuk berak idatzi du liburuko hitzaurrea. Ohiko moduan zorrotz, ahoan bilorik gabe, edo bilo gutxirekin, mintzo da antzerki liburuaren zentzuaz; Ipar Euskal Herriko antzerkiaren iraganaz, orainaz, eta balizko etorkizun ezaz; Gillom Irigoyenen lanen irakurketa kritikoa egiten du, onak eta txarrak aletuz. Lukuk berak bere ibilbideko une batean uko egin zion antzerki testuak gehiago paperean paratzeari, oraindik ere zalantzan jartzen du antzerki-liburuaren helburua:

Zergatik balio du duela 35/40 urteko testu ahantzi horiek paperera ekarztea orain? Sortu zituzten arrazoi, barneko min edo testuinguruak aldebat urtuak direlarik? Ulertu behar dea heltzen garela gure biziko gainbeheraren une batera non harriturik gibelera itzulten garen gure buruari galdez zertan deabru denbora hain inuzenteki xahutu dugun. Harrixut bat bilatzen ote dugu ukondo baten bermatzeko, egina salbatzeak laguntzen ahal baligu bezala azken txanparen ematera.

Antzerkia deusek ez duela salbatzen esperientziaz errotik dakigularik. Ez testuek, ez elkarrizketek, ezta bideoek ere, denak itzultzaile traditzaile baizik ez, letren munduak dramaturgoak idazletzat ere ez dauzka. Arras. Alde horretatik ikustaterik ez da igurikatu behar.

Belaunaldi honetakoak beti harea-higikorretan eman dugu gure antzerki denbora, entsegu guzietarik pasatu gara eta pentsatu izan dugu garai batez testuaren argitaratzeak antzerki ikuskizunak laguntzen edo osatzen ahal zuela. Eni ja irakurle bajar baten oharño bat aski izan zitzaidan segurtatzeko kontra efektua ere ukan zezakeela, (arrunt kontrakoa erranarazten zion testuari) ez zirela ez-zaleen eskuetan utzi behar taulagaineko idatziak. Helburua harakiri literarioa ez bada. Antzerkia ikusten da, ez da publikatzen, hori dut urteetan pentsatu. Antzerkiak idazki lokartuak baitira.

Akaso ez du antzerkiak salbaziorik, ezin da inolaz ere behar bezala transmititu, baina antzerkiak akaso balio lezake sorkuntza berrietarako abiapuntu bezala. Liburu honetako hitzaurrea berta izan liteke horren adibide, ezin mamitsuago dator eta Lukuren gogoeta. Agian antzerkiari buruzko liburua da antzerki liburu posible bakarra, taularatutako testua baino gehiago. Eta ez da gutxi.

garazin antzerki

(Argazkia: ikus BERRIAn publikatu den artikulua).

Gillomek testuingurua

Ez da Lukurena liburu honetako zortzi lanak kokatzeko ahalegin bakarra. Gillom Irigoyenek berak sar-hitz laburra paratu du liburuan, eta ostera antzezlan bakoitza testu labur batez kokatzen du, hura sortzera eraman zuten motiboen kronika labur esanguratsuak eskainiz. Haiei esker izango dugu antzezlan bakoitzaren gaiaren testuinguru historikoa, publikoaren erreakzioaren zertzeladak, haietan ikusiko dugu orduko bigarren aroko Hiruak Bat taldearen kronologia. Honatx liburuaren kontrazalak aitortzen diguna, Maiatz argitaletxeko lagunen ahotik, bildumaren etorkizunaz argibideak ere ematen dizkigula:

Garai hartan, Iparraldeko herri antzerkiak loraldi bat bizi izan zuen, Euskal Antzerki Taldeen Biltzarra elkartea, antzerki ikasketak eta Galarrotsak antzerki festibala lekuko.

Liburu hontan dira zazpi antzerki eta tobera bat, Gillom Irigoyen ainiztarrak idatziak. Hiruak Bat antzerki taldeak, bigarren arokoak, eman zituen sei lehenak 1984 eta 1990 urteen artean. Euskara bizi batekin, tokiko eta denbora haietako gertakarien oihartzunak dira.

Liburu honekin abiatzen dugun sailak izanen du jarraipen, Garazi, Baigorri eta oro har Baxenabarre antzerkiaren seaska nagusi bat izan baita.

Kokatze horiek soilik, testuekin bat noski, memoriaren artefaktu baliotsua egiten dute liburua. Akaso hori da liburuak sortzen duen esperantza. Lukuren hitzaurreko hitzak berriz ere ekarriz:

Hizkuntza ez baita hiztegi soil afera da sekretua nola tratatzen duen, erran ezina eta ezin errana. Hor ez dugu eskapurik. Ez da literatura baizik gelditzen. Ez da liburua baizik. Teklatuek kondenatu omen duten arkaismo hori.

Bai baina gazteek ez dute leitzen. Aski ibili naiz zirtzilekin azken urteetan jakiteko edozein lan kolektibo hasi aitzin olioztatu behar den tresna sakelako telefonoa dela. Horrek bizia azken tantaraino edoskitzen diela. Liburuak beharko du beraz aldatu. Martutene hetsi nuen astearte batez eta ondoko ebiakoitzean Kontxan ibiltzean harritu nintzen jende guziak ez baitziren euskaraz ari. Liburua ahalguztiduna da. Euskal Herria askatzen ahal du. Baina gazteek ez dute Martutene irakurriko. Liburuak behar du aldatu irensgarri izateko, bere magia galdu gabe. Challenge.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)