Albisteak

Mariasun Landak "harro" jaso zuen Dabilen Elea saria

Asun Balzola, Joxean Ormazabal eta Xabier Lete izan zituen gogoan Ostirala, 2011-11-11

Euskal Liburuaren Gaua izan zen atzokoa. 2008tik hona, ekitaldi honen baitan banatzen da Dabilen Elea izeneko saria. Euskal liburugintzaren inguruan lanean ari diren eragileek bideratzen duten saria, hain zuzen. Aurten, Mariasun Landa izan da ohore hori izan duena. Lagunez inguratuta, giro ederrean jaso zuen sektoreko jendearen errekonozimendua. Harro zegoela esan zuen eta saria Asun Balzola, Joxean Ormazabal eta Xabier Leteri eskaini zien.

Euskal liburugintzaren inguruan lanean ari diren bost elkarte hauen ekimenez banatzen da Dabilen Elea saria: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkartea.

Donostiako Victoria Eugenia Clubean egin zen sari banaketa. Hasieratik bukaera arte, atsegina izan zen ekitaldia. Lehenik eta behin, sarituaren ekarpena nabarmendu nahi izan zuen Aitziber Alonsok, Galtzagorri elkarteko lehendakariak: "berritzailea izan da Mariasun Landa haur eta gazte literaturaren arloan; oparoa liburuak idazten; hizkuntza askotara itzulia; jende askok irakurria; sari askoren irabazlea eta beste zenbaiten hautagaia; irakurzaletasunaren sustatzaile nekaezina izan da".

Mariasun Landaren mundu miragarria

Galtzagorriko kidearen hitzak entzun ondoren, Mariasun Landaren ipuinen txanda izan zen. Arantxa Urretabizkaia idazleak, IƱaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak eta Antton Olariaga ilustratzaileak Mariasun Landaren hainbat testu irakurri zituzten, bertaratutakoen algarak sorraraziz. Maider Sarasuak eginiko ikusentzunezko eder bat proiektatu zuten ondoren, atzoko sari-banaketarako espreski egina. Mariasun Landaren mundu miragarrira eraman gintuen bideoak. Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatu zuen ekitaldia eta Joxan Goikoetxea musikariak girotu zituen trantsizio guztiak.

"Gure kulturarengatik" harro

Gorazarrearen ondoren, sarituaren txanda iritsi zen. Esker onez jaso zuen saria eta euskaldun izateaz harro zegoela aitortu zuen: "ez nitaz, zuengatik baizik. Euskal Herriarengatik. Herri korapilatsua eta zaila den herri txiki honengatik. Gure kulturarengatik. Eta harro nago 1974an euskalduntzen hasi nintzenetik hona egin dugun bideaz".

Mariasun Landa asko ibiltzen da Euskal Herritik kanpo, "dexente mugitu behar izan naiz, liburuen itzulpenak direla eta abar. Eta horrelakoetan euskaldun denok eramaten dugu plus bat. Une txar batzuk ere pasa behar izan ditut; gutaz duten irudiaren ondorioz, egiten dizkizuten galderei nola erantzun... Kanpora atera behar dugunean, zer erantzun pentsatzen ibili behar izaten dugu. Eta gaur hau sentitu dut: ze gustura esango nioke askori, "etorri hona eta ikusi" nola herri xume batek antolatu dezakeen oso gauza duin eta hunkigarria. Eta harro sentitu naiz".

Hiru lagunei eskainia

Asun Balzola, Joxan Ormazabal eta Xabier Leteren izenak nabarmendu zituen eskerren tartean. Ez zen ekitaldia hor amaitu. Victoria Eugenia Club aretoan jana eta edana partitzen hasi ziren zerbitzariak. Euskal Liburuaren Gaua, beraz, hasi bezala amaitu zen, ospakizun giroan.

Mariasun Landa izan da aurtengo saritua baina aurretik Antton Olariaga (2008), Juan Mari Torrealdai (2009) eta Itxaropena argitaletxea (2010) izan dira sari hau eskuratu dutenak.

Euskal Liburuaren Gauak Kutxa, Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udalaren laguntza izan zuen.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)