Albisteak

Nahia Zubeldia: "Hutsunerik maite ez duen mundu presatu honetan, zaila da sortzeko behar den denbora atzematea"

Osteguna, 2020-07-16

Nahia Zubeldia sortzaile, musikari eta itzultzailea hautatua izan da Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen duten euskal idazle egonaldiaren hamargarren edizioan parte hartzeko. 2020ko azaroaren 23an hasi eta hilabete batez, Hendaiako Nekatoenea baserrian egonen da olerki bilduma bat lantzeko. Aurtengo deialdiakĀ Getariako Elkano 500 Fundazioaren partaidetza izan du, eta egilearen lanak modu batera edo bestera, itsas bidaia harekin izango du zerikusia. Proiektuaren nondik norakoak kontatu dizkigu elkarrizketa honetan Nahia Zubeldiak berak.

Zure proiektua izan da hautatua Nekatoenean gauzatua izateko, aurtengo udazkenean. Zertan oinarritzen da, funtsean, egin gura duzun lana?

Olerki bilduma bat sortu nahi nuke, itsasoaren aurpegi gazi-gozoez. 1519an Elkanok mundu bira hasi zuenetik 2020ra, itsasoa eta bere erronkak errotik aldatu dira. Garaian, itsasoak euskaldunei mundua zabaldu zien. Egun, mundu zabala ttipi bilakatu da, eta ondorioak garbi agertzen ari zaizkigu. Itsasoak baditu milaka aurpegi. Funtsean, egun batetik bestera, kasik segundo batetik bestera ere aldatzen zaio bisaia, begiratzen duenak xerkatzen duenaren arabera. Horrekin jostatu nahi nuke olerkiak sortzeko. Eta gero, bilduma ene gustukoa ateratzen bada, Lumirekin musikaz biziarazteko ideia ere banuke.

Aurretik musikari loturik ezagutu dizkizugu, batez ere, hitzak: olerkia sarri idatzi izan duzu orain arte?

Ez, olerkirik ez dut sekula argitaratu, eta idatzi ditudan gehien-gehienak musikarekin lotuak izan dira. Guti batzuk baditut, kantatu ez ditudanak, baina horiek barnekoegiak edo dira, ez dira argitaratzeko sortuak, eta itzalean egonen dira.

Hain justu, hori da Nekatoenerako ene buruari eman diodan erronka beldurgarria: nahiz eta gerora musikaz biziarazi, poema horiek musikaren aitzakiaz libratuta idazten saiatzea.

Elkanoren mundu birarekin lotu da aurtengo deialdia, oso gai zehatza, ertz askotakoa izan daitekeena: zuretzat muga da, ala erronka? Nondik helduko diozu horri?

Hertsadurak maite ditut; gehien-gehienetan, lagungarri zaizkit. Bidea urratzen dute. Noski, gaia inspiragarria izan behar da, baina hemen hala da: ziburutarra izanki, itsasoa beti izan zait inspiragarri eta erakargarri. Haurtzaroan osabarekin itsasontziz franko ibilia naiz, eta helduaroan ere Hendaiatik Galiziarako bidea egin dut belaontziz. Hartara, Getariara portutik sartua naiz, ni ere!

Bestalde, Elkano fundaziokoek argi azaldu didate xedea ez dela, berez, Elkano gizona goraipatzea, heroi gisa hartzea. Helburua ezagutza hedatzea eta sorkuntza bultzatzea dute. Beraz, noski, saiatuko naiz mundu bira hartako garaiko giroan murgiltzen, gizon horren larruan sartzen, abiapuntu gisa edo, baina ez da Elkanori buruzko olerki bilduma izanen.

Idazketa, musika, itzulpengintza... sorkuntza dira guztiak? Espero duzu batak bestea kutsatzea lan berri honetan?

Idazketa eta musika sorkuntzak dira, bai, bistan da. Itzulpengintza ere, hein batean, itzultzaile bakoitzak bere kolorea ematen baitio, nahi ala ez, testu itzuliari.

Iaz boz kordetan arazoak ukan nituen. Ezusteko latz horrek musika sorkuntzarako gogoa eta inspirazioa arrunt moztu zizkidan, eta ez naiz oraino sendatu. Sorkuntzaren oldea idazketatik berriz abiatzea amestu dezakedan oparirik ederrena litzateke.

Sortzaileek sarritan izaten dute prozesuaren garrantzia aldarri, eta horiek baldintza onetan egin ahal izateko laguntzak eta ekimenak. Zuk denbora bat hartu ahal izango duzu Nekatoenean horretara bakarrik egoteko. Garrantzitsua da hori? Zer nolako balioa dute horrelako laguntzek?

Balio izigarria dute horrelako laguntzek! Hutsunerik maite ez duen mundu presatu honetan, zaila da sortzeko behar den denbora atzematea. Etxealdia gertatu zelarik, lagun musikariak sortzeko denbora ukaiteaz kontent ikusi nituen. Nik itzulpen lan andana nuen, eta betebehar profesionalei seme-alaben ikastolako lanak gehitu zitzaizkien... Ez nuen batere sorkuntzarako tokirik atzeman. Beraz, egiazko etxealdia azaro-abenduan eginen dut nik! CPIE, EKE, EIE eta Elkano fundazioa ezin gehiago eskertzekoak dira: inspirazioa ez da nahi delarik pizten, basa aberea da, nahi duelarik iratzartzen dena. Baina baldintza batzuek lagun dezakete, eta ez dakit gure erlaitz bazterrean hilabetez geldi egotea baino baldintza hoberik baden, itsasoaz idazteko!

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)