Albisteak

EHAZEk bere argitalpenak aurkeztuko ditu Tabakaleran

Astelehena, 2017-03-13

EHAZE-antzerkizale elkarteak antzerki bilduma berria jarri du martxan, bi ildorekin: testugintza/dramaturgiak eta saiakera. Dejabu Panpin Laborategiaren Arrastoak eta Karlos del Olmoren Arestiren nazioa, antzerkia izan dira lehenengo tituluak. Liburu hauen aurkezpen bana antolatu dute Donostiako Tabakaleran, martxoaren 16an eta apirilaren 4an hurrenz hurren.

Teatro testugintza anitza dela ikus genezake azken hamarkadetako estreinaldiei arretaz erreparatzen badiegu, baina ez hainbeste argitalpengintzari erreparatuta. Horretan zerikusia izan dezake agian teatrogintzan bertan testuarekiko dagoen maitasun-gorroto harremana, baina baita ere ikuslearen ohitura falta teatroa irakurtzeko, edo teatro liburuak testuinguru komertzial batean erakusleihoetan kokatzeko zailtasuna.

Azkenaldian hainbat ahalegin egon dira jarraikortasunez lan egiten duten argitaletxeen barnean zein kanpoan. Txalapartak, EDO!k eta Elkarrek argitaratu berri dituzte antzerki liburuak. Azkenak, Elkarren eskutik iritsi zaizkigu, ez ohiko moldean, euskarazko testugintzaren izen ezagunen lanak dira biak: Patxo Telleriak ohikoa duen estetika kantagintzarekin uztartu du Tartean Teatroak estreinatu berri duen Ez dok hiru, euskal musikaren benetako istorioa lanean. Arantxa Iturbek ez ohiko moldean eman digu Hika taldeak taularatu duen Koadernoa zuri antzezlaneko istorioa, lehenik teatroa izan dena nobela bilakatuta. Horrez gain, Cafe Bar Bilbaok Lutxo Egiaren Identitarteak testua saritu du, eta sarean dago irakurgai.

Azken Durangoko Azokan teatro munduko jendeak hutsune bat betetzeko asmoz berariaz sortutako bildumaren berri izan genuen. EHAZE-Antzerkizale elkarteak bi ildorekin osatutako teatro bilduma jarri du martxan: batetik Dejabu Panpin Laborategiaren Arrastoak antzezlana argitaratu zuen, testugintzaren arloan. Bertan testua bera plazaratzeaz gain, Antton Lukuren hitzaurrea, antzezlaneko argazkiak eta dramaturgiari zein sormen prozesuari buruzko oharrak eta material osagarriak paratu dituzte. Bestetik, Karlos del Olmok Arestiren nazioa, antzerkia izeneko saiakera plazaratu du, Jon Kortazarren hitzaurrearekin eta Jaime Valverderen hitzostearekin.

ehaze-arrastoak-azalaarestiren nazioa antzerkia

EHAZEren liburuen aurkezpena Tabakaleran

Aipatutako bi liburuak aurkeztuko ditu EHAZEk Donostiako Tabakalerako Kutxa Espazioko plazan, hitzordu hauetan:

-Martxoak 16, 18:30: ARRASTOAK. Solasaldia egingo dute parte hartzaile hauek: Ainara Gurrutxaga (Dejabu, liburuaren egilea), Agus Perez (liburuaren edizioan parte hartzaile) eta Oier Guillan (EHAZE). Solasaldian zehar Dejabuko kideek liburuko pasarteak irakurriko dituzte.

-Apirilak 4, 18:30: ARESTIREN NAZIOA, ANTZERKIA. Solasaldia egingo dute parte hartzaile hauekin: Karlos del Olmo (liburuaren egilea) eta Jaime Valverde (EHAZE). Ondoren Mikel Martinezek Gabriel Arestiren "Euskal Teatro berri baten beharra" hitzaldia dramatizatuko du.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)