Albisteak

Txillardegiren omenez

Asteazkena, 2014-01-15

Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”ren omenezko ekitaldia egin zuten atzo Donostiako Lasala plazan, haren heriotzaren bigarren urteurrenean. Udal Liburutegi nagusia Txillardegi Liburutegia izendatzeko eskaera berretsi zuten ekimena bultzatu duten kideek, bai eta hori lortu arte lanean jarraituko dutela gogoratu ere.

Senideak, lagunak, idazleak. Txillardegiren etxea izandakoaren aurrean egin zioten idazleari, politikariari, hizkuntzalariari omenaldia. Plaza Lasalako lehoiaren irudia hartu zuten ardatz eta babes ekitaldian, Txillardegiren beraren hitzak gogoan hartuta:

Denborak ez du inor eta ezer barkatzen.

Zer egin ote zuen gaizki, esate baterako, Lehorreko Atearen gainean lehoi harroxko urdinak, bere sona txoil galtzeko?

Urte askoan izan zen hau ere Donostiako bandera bezalakoa: ate nagusi hartako apaingarri, sartu eta ateratzen ziren donostiarren zelatari, harresiko iturri bakarraren zaindari…

Gaur, ordea, zer zaintzen du gizajoak?

Txantxetan harturik edo, marroiez margotu dute, eta antzinako donostiarrek berek, piztuko balira, ez lukete ezagutuko.

Donostia nola txartu den ikusi ez dezan, agian, ez dute toki gailenean jarri.

Gauza askori buruz hitz egin ahal baleza zokoratu honek…

Ez, halere. Lasala enparantzatxoan duzue, bakar-bakarrik, Donostia zaharraren azken lekuko gisa. Eta hau behintzat balekite donostiarrek! Baina ezta berau ere.

Zer arraio egiten duk hik hor, lehoitxo kaxkar horrek?

Eta Avenidarako bideari darraio donostiarrak, besterik gabe…

(Donostia eta Antigua 1829an. Txillardegi, 1956).

(Hemen irakurri dezakezue jatorrizko testua osorik).

Euriaren erruz, halakoa baita herri hau, ezin izan zituzten hitz horiek jaso dituzten plakak zintzilikatu. Aurrerago zintzilikatuko dituztela esan zuten. Antzeko zer edo zer gertatu da Udal Liburutegi Nagusia Txillardegi Liburutegia izendatzeko asmoarekin. Atzera bota zuen udal batzarrak, PP, PSE-EE ea EAJk kontra bozkatuta. Fito Rodriguez ekimeneko partaideak erabaki hori salatu zuen ekimenaren izenean, eta Txillardegi Liburutegia izena aldarrikatzen jarraituko dutela esan zuen.

Bien artean, Koldo Izagirreren poesia eta Jose Auxtin Arrietaren prosa gertuarekin izendatu zuten atzoko saioa Txillardegi eta haren obraren gorazarrez.

Koldo Izagirre

Joxe Auxtin Arrieta

Lore sorta eskaini zitzaion ekitaldiaren amaieran

Albiste honen uberan:

Naiz: Txillardegiren hitzak biltzen dituen oroigarria jarri dute Lasala plazako lehoiaren eskulturan

Irutxuloko Hitza: Txillardegi idazle donostiarra omendu dute

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)