Albisteak

Xabier Mendiguren: “Ipuin femeninoagoak atera zaizkit”

Asteazkena, 2018-04-18

Xabier Mendigurenek Zu entzuteko gaude (Elkar) narrazio liburua argitaratu berri du. "Zaintza oso presente dago ipuin hauetan baina ez dut zaintzari buruzko liburu bat egin nahi izan", halaxe aitortu zuen aurkezpen ekitaldian. Argazkia: Elkar.

 

Tematika aldetik eta tonu aldetik, hau izango da Xabier Mendigurenek egin duen libururik diferenteena. Orain arte, nagusiki, gorabehera politiko-sozialak edo sentimendu arloko gorabeherak hartu izan ditu hizpide. Bi gaiak nahastu izan ditu inoiz. “Gai klasikoak dira”, prentsaurrekoan aipatu zuenez. “Liburu honetan ez dira gai hauek agertzen. Agertzekotan, hirugarren edo laugarren maila batean agertzen dira”.

Blues kutsua duen narrazio liburua

Honakonan, beste gai batzuk nagusitu zaizkio. “Musikarekin alderatu bagenu, blues musikarekin parekatu daiteke liburu honen tonua. Komediatik baino gehiago, dramatik duena”.


“Ez dut zaintzari buruzko liburu bat egin nahi izan”

Aurkezpenaren amaieran, liburuko azken ipuineko pasarte bat irakurri zuen boz altuan. Eta agurtu aurretik, zaintzari buruzko azalpena zehaztu nahi izan zuen. "Zaintza oso presente dago ipuin hauetan baina ez dut zaintzari buruzko liburu bat egin nahi izan”. Xehetasun gehiagorekin ulertuko duzue hau guztia, ondoko bideoan klik egiten baduzue.


Emakumeen ahotsa da nagusi

Liburuan jaso dituen hiru ipuinetan, emakumeen ahotsa da nagusi. Pertsonaia nagusienak eta baita euren solaskideenak ere. “Istorio femeninoagoak atera zaizkit. Halaxe etorri da, istorioak bururatu ahala”.

Hiru emakume protagonisten bitartez, egungo gizartea astintzen duten hainbat gai eta gaitz jarri ditu erdigunean: bakardadea, menpekotasunak dituztenen zaintza eta horrek ekar dezakeen sakrifizioa, bizitzari zentzurik aurkitu ez eta suizidioaren aukera…

Azalekoak diren arren, narrazio hauetan badira bestelako berrikuntzak ere. Aurreko liburuetan, izenik gabeko kokaguneak baliatzen dituen. “Hemen Donostia da gertalekua eta zenbait leku espresuki azaltzen dira”.


Happening Kultur Etxean

Liburuaren Egunaren bueltan, literatura ziklo bat antolatu dute Donostian. Saioetako batean, Xabier Mendigurenek eta Morau kantariak hartuko dute parte. Zu entzuteko gaude (Elkar) liburuko ipuinak eta Egunsentiak alperrentzat diskoko kantak uztartuko dituzte. Apirilaren 24an asteartea, arratsaldeko 19:00etan, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeko Areto Nagusian.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)