Albisteak

Zauri Bolodia, krisian dagoen aktore baten egunerokoa

Asteartea, 2018-04-10

Zauri Bolodia pertsonaia baten izena da. Oier Guillanen alter egoa. Idazlea eta aktorea atzera begira jarri da eta bere egunerokoetan topatu dituen hausnarketekin osatu du Zauri Bolodia (Txalaparta) liburua. Hitzek beste diote Idoia Beratarbide ilustratzailearen irudiek.

Hogeita hamar urteetako krisialdian sinesten ez duen arren, ezin uka dezake bere buruari nahi baino gehiagotan galdetzen diola zertan ari ote den. Undergroundean hasi eta idealista porrokatua den Zauri Bolodia pertsonaia apurka-apurka profesionalizatu da; bide horretan etorriko zaizkio nekea, desengainua, prekaritatearen zama eta, azkenik, bere burua berrasmatu beharra. Zauri Bolodia liburuaren idazketa prozesuan, “pertsonaren mundua eduki dut buruan. Antzerki liburu bat egin nahi nuen baina pertsonaren ikuspegitik. Pertsonaiaren azpian dagoen aktorearen azpian dagoen pertsona azalerazi nahi nuen. Beti ere, antzerkiaren testuinguru batean”.


Prekarietatearen zama

Zauri Bolodia, hortaz, aktore baten izena da eta bere bizitzako hamahiru urteren zertzeladak jaso ditu liburu honetan. “Zertzelada horiek sormen prozesuarekin dute zerikusia”, Oier Guillanek azaldu duenez. “Bilakaera bat emango da hamahiru urte horietan. Barne-borrokak eta kontraesanak ikusiko ditugu eta prekarietatearen zama gero eta nabarmenagoa izango da”. Metrokoadroka Sormen Laborategiko kidearen esanetan, “horrek ekarriko du liburuaren hasieran pertsonaia bat izatea, eta amaieran beste bat”.


Pertsonaia, idazlearen alter egoa

Eguneroko itxura duen nobela honetan, Zauri Bolodia Oier Guillanen alter egoa dela esan daiteke. Kulturari buruzko hausnarketa ugari topatuko du irakurleak: amateurismoa vs profesionaltasuna, hizkuntza eta politika, gutik nira doan bidaia, generoa, sorkuntza prozesua...


Bilakaera, hitzez eta irudiz

Urteka antolatuta dago liburua eta atal bakoitzak ilustrazio bat du. Guztira hamahiru irudi eta liburuko azala osatu ditu Idoia Beratarbidek. Urtez urte, “protagonista une eta egoera ezberdinetan dago baina pertsona berdina izaten jarraitzen du”. Ilustratzailearen erronkarik handiena, hain zuzen, horixe izan da: bilakaera hori irudikatzea.


“Zinikoak gara benetako azken idealistak"

Liburuaren hitzaurrean, Madame Slipek dio: “Zinikoak gara benetako azken idealistak. Ziniko gara gauzak benetan inporta zaizkigulako, edo hori uste dugu guk, sekretuan, barne-barnean. Benetako ziniko batentzat, ez dago gauza amorragarriagorik ustezko idealista mediokre bat baino”. Gure kulturaren eta sorkuntzaren gaineko idazlan zorrotz, kritiko eta autokritiko bat osatu Oier Guillanek.

Prentsaurrekoaren amaieran, liburuaren pasarte bat irakurri zuen. Hemen duzue Zauri Bolodia (Txalaparta) nobelan topatuko duzuen lagin modukoa:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)