Sinadurak

Euskal teatroa(k) II: "Euskal dramaturgia... berriak?"

Ostirala, 2020-07-03

(Argazkian: Antzerkiola Imaginarioaren "8 Olivetti poetiko").

Teatroan lanean hasi nintzenean oso argi nuen bidea: euskaraz sortu erdaraz zirrara eragiten zidan teatro mota, geure beharretara ekarrita. Eskemak apurtzera, neure buruari “Hau antzerkia al da?” etengabe galdetzera eta ikusitakoak burutik kendu ezinik egunak eta gauak egotera bultzatzen ninduen teatroa euskaraz ere ikusi nahi nuen. Niretzat, modernitatea eta zirrara ziren era horretako lanak, inguruan topatzen ez nuena. Tabernetan, gaztetxeetan gehien jota, ia inoiz ez euskaraz. Beste teatro mota batzuk ziren 90eko hamarkadan antzokiak zapaltzen zituztenak; kariñoz oroitzen ditut orduan ikusitakoak, baina ez ziren nire gazte sukarrak desio zuena.

“Dramaturgia berriak” etiketaren zakuan gorde izan dira azken urteetan historikoki jada zaharrak diren kontuak: Dadaisten, XX. mende hasierako abangoardien, absurdoaren teatroaren, 60. hamarkadatako happening eta performanceen erraietan dagoeneko existitzen ziren ezaugarriak. Nahastu itzazu haiek guztiak Kantor, Grotowski edo Brecht bezalako izenekin. Bilatu itzazu sutsuki mende hasieratik egon diren emakume sortzaile, gorputz ez-binario, itzalean geratu diren arren historian gero eta ozenago beren lekua eta memoria aldarrikatzen duten jokolari iraultzaileekin. Harrituko zara dramaturgia berriak zeinen zaharrak diren ikustean. Eta, hala ere, dramaturgia zahar-berriek topatzen dituzte eboluzionatzeko bide ber-berriak -antzerki testualak egiten duen bezala, bidenabar-, eta badatoz orain ere plazara haiekin batera ezin-ikusiak, sasieskandaluak, “Hau ez da teatroa!” dioten ahots marrantatuak. Edo, are, “Hau ez da EUSKAL teatroa!” da nik entzun izan nuena. Eta hori bera zen euskarari guk egin nahi genion ekarpena. Historikoki kulturgintzan beste eragin batzuk gure egin baditugu, musikan kasu, zergatik teatroan ez?

Nire ingurukoak antzerkian hasi ginenean, Ur Teatroaren garaia zen Errenteria/Oreretan, markatu egin gintuen talde hark. Beren Shakespeare-ren egokitzapen fisikoak. Urrunera joan gabe, Irungo Legaleon-T. izan zen beste teatro bat posible dela erakutsi zigun taldea -orain L’Alacran taldetik jarraitzen digute ekartzen inspirazioa-. Euskaraz Antzerkiola Imaginarioak ekarri zuen eztanda, euskaraz beste teatro bat posible zeneko aldarria egi bilakatua, garaikidetasuna eta zauden kulturan sakon erroturiko estetika propio baten bilaketa uztargarriak direneko oihua. Desegin zen proiektu hura, baina haren arrastoa belaunaldi oso batean txertatu dela esango nuke, gaurdaino. Urte batzuk beranduago, Antton Lukuk zuzendutako Fauxtok eragin zigun kra! berri bat.

Orduz geroztik “dramaturgia berri”etako proiektuetan murgildu gara, euskaraz, publiko ez masiboentzat lan eginez, baina konplize ugarirekin, etengabe saretzen, beste taldeekin, gure emanaldiak antolatzera animatu diren programatzaile publiko eta pribatuekin, ofizialekin eta ez-ofizialekin. Publikoarekin berarekin. Eta zenbat poz, eta zenbat borroka. Eta zenbat aurkikuntza kreatibo, eta zenbat gogo partekatzeko.

Ezin uka gutxi ginela basamortu ulergaitz horretako biztanleak, edo hala sentitu izan genuela. Baina, azkenaldian, guztiz aldatu zait begirada: topatu ditut haien proiektuak egonkortzen ari diren belaunaldi-kideak. Eta are gehiago, nire gozamenerako dramaturgia berrien ezagutza sakon, intuitibo eta oso zabal batekin euskaraz proiektuak taularatzen ari diren belaunaldi berriak topatzen ari naiz.

Zenbat urterekin aurre-jubilatu zaitezke antzerkian? Kar-kar...

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)