Sinadurak

Euskal teatroa(k) VII: "Begiradak gehituz"

Ostirala, 2020-07-03

Euskal teatroak asko dira, eta ez zaizkit guztiak lerro hauetan kabitzen. Ezinezkoa zait nire publiko begiradatik guztiari so egitea. Begirada azalekoegi bat luzatuz, kasu, ezin da ulertu azken urteetako euskal teatroa Artedrama, Dejabu eta Axut taldeen ekoizpen partekatuen olaturik gabe. Igor Elortza eta Unai Iturriaga idazkera zehatz eta zirtzilekin, ia beti. Azkenaldiko Zaldi urdinaren fenomenoa datorkit burura. Niretzat gozamen estetiko handia izan zen; ez kasualitatez, Gure bide galduak eta Arrastoak bezalako obretako lan fisikoa ekarri dit gogora Ainara Gurrutxaga zuzendari-orde izan duen lanak. Francoren bilobari gutuna lanaren harira “katarsiaren” teatroa aipatu izan da; zein neurritan ekarri du olatua une historiko honetan publikoaren parte batean dagoen katarsi beharrak, bulkada erritualak? Zein neurritan antzerki moldeak berak? Agian benetan ez dio axolarik horrek, nire ustez garrantzia itzela dauka euskara hutsez sortutako ekoizpen batek tamainako arrakasta izateak, euskara hutsez lan egitea erabaki duten hiru konpainiaren eskutik, aurretik emanda zetozen euskarazko teatroarekiko aurreiritzi (interesatu) komertzial oro ezbaian jartzea lortu baitute. Ezagutu nahi nuke haiek prozesuaren zein emanaldien barrutik bizi izandakoa, nolabait idatzia gera dadila. Ximun Fuchsek Berrian idatzitako artikuluek eman ditzakete bere zuzendari ikuspegiaz pistak.

Nire begirada iristen ez den beste leku bat: nola bizi dira egun ibilbide luzeagoko konpainiak? Tartean edo Hika Teatroa bezalako proiektuak datozkit gogora, Simplicissimus eta Zaparrada estreinatu berri hurrenez hurren, lerro hauek idazteko orduan; belaunaldi horretako gehiago ere badira (barkatuko al didazue guztiak ez aipatzea...!), baina euskarari dagokionez haiek izan dira niretzat erreferentzia: euskarazko sormen prozesuak bultzatzen, nahiz eta gero batzuetan erdarazko bertsioa egin, euskara dute oinarri hastapenean. Gutxi izan dira belaunaldi horretan bide hori hartu dutenak: euskaraz sortu eta gero batzuetan itzuli, eta ez kontrakoa. Nola bizi dute haiek euskarazko zirkuitua?

Berdin geratzen zait urrunagoak zaizkidan, baina kuriositatea pizten didaten, ekimenekin. Euskarak egun zaila dauka euskal hiriburuetan programatua izatea; euskara hutsezko programazioak behar lirateke haietan guztietan, egun existitzen ez dena. Bilbon eta Gasteizen, kasu, bada antzoki handien aldetik bertako sortzaileekin dialogo minimo bat, dakitenentzat ez-nahikoa seguru, baina tarteka ekoizpenen bat eta euskarazko bertsioa duen estreinaldiren bat ekartzen duena. Gogora etortzen zait, kasu, Khea Ziaterrek Macbeth estreinatu zuenean oholtza gainean belaunaldi-kide dudan jendarte handi bat elkarrekin ikusi nuenekoa. Zer-nola bizi da ekoizpen mota horietatik, euskarazko adarrean?

Martxoan, euskara hutsez lan egitea erabaki duen Atx Teatroa konpainiako lagunek jaso behar zuten Donostia Antzerki Saria, Zazpiak bat lanarekin. Irailean eskainiko dute, azkenean. Konpainia independente baten ahaleginari saria. Antzokietarako formatua gerrillako formatu txikiarekin uztartuz ibilbidea egonkortzea lortu duen taldea. Bueltan ekarriko al ditu hain lanak, laster, oholtzak?

Horiez gain gehiago dira sakonean entzun nahi nituzkeen, euskaraz ere taularatzen diren konpainia independente belaunaldi-kideak: Rouge Elea, Pez Limbo, Kabia... Idatziz entzun nahi nituzke guztiak. Euskal teatroak asko dira, eta ez dira guztiak lerro hauetan kabitzen. Horregatik, bertatik gonbidatzen ditut haiek guztiak beren begirada esperientziaren azaltzera eta transmititzera.

Jakin nahi dut, ezagutu nahi dut, eztabaidatu nahi dut.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)