Sinadurak

«Saiatu naiz zaurian gatzik ez botatzen»

Asteartea, 2021-12-28

Ekainean argitaratu zenuen Epizentroa, helduentzat idatzi duzun estreinako liburua. Nolakoa izan da argitalpena eta argitalpen ostea?

Liburua bukatzea eta argitaratzea bera, egin dudan bide guzti hori, oso-oso pozgarria izan da niretzat. Argitaratu zenean oso gustura nengoen egindako lanarekin, norberak izaten du sentsazio hori, «dena eman dut», eta horrek bakarrik sekulako satisfakzioa sortzen du. Bestalde, lehenengo liburuarekin, ez dakizu irakurriko duten bostek edo milak, ona edo txarra komentatuko duten, eta nire kasuan oso harrera ona izan du liburuak, berehala bigarren edizioa atera zuten, eta liburua kaleratu zenetik tantaka-tantaka feedbacka jasotzen ari naiz leku pila batetik: elkarrizketa bat, irakurle-talde bat, irakurle batek gelditzen nau kalean… Sentitzen ari naiz jendeari gustatu zaiola liburua; ikusten da salmentetan eta ikusten dut goxotasun horretan ere bai.

Noiz hasi zinen ipuin hauek idazten? 

Idatzi nuen lehendabizi ipuin bat, eta horixe aurkeztu nuen Eusko Jaurlaritzako beka batera.

Zer ipuin da?

«Lan-istripua», baina hasierako bertsio haren esentzia gorde dut soilik; nondik hitz egin nahi nuen eta zertaz hitz egin nahi nuen, hori mantendu du bakarrik. Ez pertsonaiek, ez gertakariek ez daukate zerikusirik berriarekin, ezta izenburuak ere.

Ipuin hori izan zen bizitzan idatzi dudan lehenengo ipuina helduentzat. Gero beka eman zidaten, eta lehendik banituen ideiak garatzen hasi nintzen. Izan da ipuin bat bukatu, pixka bat apartatu, eta hurrengoarekin hasi. Katean egindako lana izan da, zazpira iritsi nintzen arte: ez dakit zergatik, nik uste nekea ere bai, honaino esan nuen; ezin nuen nire burua gehiago zukutu.

Osatu zela sentitu zenuen?

Liburu hau idazten, maila pertsonalean bide bat egin dudala sentitzen dut: sartu nahi nuen lekutaraino sartu naiz.

Zuretzat zein izaten da ipuin bat idazteko abiapuntua?

Nire aurreneko lana izan da gauza desberdinak probatzea. Ipuinek gauza komunak dituzte, baina oso desberdinak dira aldi berean. Eta ipuinen abiapuntua ere oso desberdina izan da. Kasu batzuetan, «Lan-istripua»n adibidez, esentzia hori neukan: egoera formal edo administratibo batean botere-harreman bat dagoenean, zer pieza mugitzen diren, edo zer gertatzen den ikusi nahi nuen, eta ez botere-harreman bat gizon-emakumeen artean edo ohituta gauden horietatik, baizik eta bizitzak jartzen dizkigun beste egoera batzuetatik; nola jar zaitezkeen toki batean zein bestean, eta nola uler dezakezun dena.

Ipuin horren kasuan informazio-faltarekin loturik dago botere-harremana. Bi pertsonaien artean lotura bat dago: bietako batek oso ondo daki zer den, eta gainera zauri bat dauka horren harira, baina besteak ez dauka ideiarik ere ez. 

Bai, eta mendekuaren kontua, askotan zenbateraino eta noraino luzatzen ditugun mendekuak, merezi duten, ez duten merezi, aportatzen dizuten benetan, hori egin eta gero zer… Abiapuntua hori izan zen. Aldiz, «Itsaso zuria» ipuinaren kasuan, ari nintzen hondartzatik paseatzen; udazkena zen, hotza egiten zuen, eta bat-batean etorri zitzaidan irudi bat: emakume bat biluzik sartzen uretan. Eta hortik hasi nintzen tiraka, ipuina sortu arte. «Cuisine et Santé», berriz, han nengoela okurritu zitzaidan; ikusi nuen Maximen antza zeukan tipo bat, eta hari begira hasi nintzen, nahiz eta gero ez den pertsonaia bera. Zetorrenari heldu diot.

«Itsaso zuria» haur batek kontatzen du; ez da txiki-txikia baina ez da nerabea. Iruditu zait ahotsa oso ondo landuta dagoela. Ikuspegia ere bai. 

Umearen ahotsera errebotez heldu nintzen. Emakumearen irudiarekin hasi nintzen, eta hasi nintzen bere historia kontatzen hirugarren pertsonan. Berehala ikusi nuen familia bat zela: ama, aita eta alaba. Amari segitu nion lehenik, baina arreta handia jartzen nuen ea zergatik egin zuen etab., eta konturatu nintzen horrek ez ninduela asetzen. Orduan hasi nintzen bikotekideari jarraiki, eta amaitzen nuen berriro puntu berean. Aparte utzi nuen ipuina, eta bat-batean etorri zitzaidan agian umeak konta zezakeela: berdin du zer gertatzen den, baina zerbait gertatzen den horretan nolako dardara eta lurrikara sortzen duen inguruan. Eta haurrak ere nola tratatzen ditugun hor, bikotekideak zer rol hartzen duen… Berdin du zer gertatzen zaion emakumeari.

Konturatu nintzenean umearen ahotsa aukeratu nuela, esan nuen, bua! Zerbaitetan kakaztekotan, aukera asko daude ahots horretan kakazteko. Lan handia egin behar izan nuen hizkuntza soiltzen, gauzak adierazteko moduan… Nik bentaja daukat etxean dauzkadala umeak eta asko fijatu nintzen nola adierazten dituzten gauzak, zer esaten duten, zerk ematen dien arreta… Ariketa zaila izan da eta lan asko eskatu dit baina, aldi berean, oso gustura egin dut, niretzat ipuin hori oso berezia da.

Baduzu ipuin faboritorik? 

Ba ez dakit… «Itsaso zuria»ren kasuan gertatzen zaidana da Josetxoren pertsonaia oso berezia dela niretzat. Pertsonaia den-denak fikziozkoak dira, beti oinarritu arren batean edo bestean, baina Josetxo benetan existitzen da eta Josetxo deitzen da gainera; nire lagun bat da: gizon bat, artzaina. Ipuin horrekiko badaukat horrelako atxikimendu berezi bat, gainera ikusi dut jendeak maite duela pertsonaia hori, eta ilusioa egiten dit.

Ipuinetan gauza gogor batzuk gertatzen dira, baina ez dira lehertzen ipuinean, ondotik pasatzen dira. 

Bai. «Itsaso zuria»n ikuspegia aldatzearen kontua horrekin lotuta zegoen, ez nuen hatza zaurian sartu nahi. Ez nion irakurleari sufriarazi nahi eta nik ez ere nuen sufritu nahi idaztean. Momentu batzuetan, irakurtzean, sufrimendua sortzen didate gauza batzuek, baina sufrikario bihurtzen diren liburu horiek ez ditut disfrutatzen. Eiderren [Rodriguez] liburua irakurri dut eta gogorra iruditu zait, baina berak oso ondo egiten du, sentsazioa ez da hatza zaurian sartzen ari denik. Ni saiatu naiz zaurian gatzik ez botatzen. Azken batean, hori egin dut ziur aski niri literatura mota hori gustatzen zaidalako.

Begiak zabalduko zaizkizue irakurtzen ari naiz oraintxe, eta Irati Jimenezek dio drama badaukagula, baina falta zaigula esperantza, gizadiaren ontasunarekiko eta gauzak ere ondo atera daitezkeelako esperantza hori. Nik uste dut egon behar duela oreka bat, nahiz eta drama bat gertatu, bukaeran sentsazioak ez du izan behar hau dena kaka bat da, baizik eta goazen aurrera, lurrikarak edo gauza gogorrak gertatu arren.

Iruditu zait oso ondo lortu duzula, bereziki «Epizentroa» ipuinean, informazioaren dosifikazioa, eta tentsioaren eraikuntza. Amaieran, edalontzia lehertzen entzungo duzula dirudi. 

Informazioa dosifikatzea klabea izan da. Ipuinak ez dira luzeak orokorrean, eta mantendu nahi nuen tentsio-giro hori, intriga inkluso. Horretarako, hor dagoena baino askoz gehiago idatzi nuen hasieran, eta gero kentzen joan nintzen, eta erabaki nuen zenbateraino eman behar nion irakurleari, eta zer puntutan, berak eraiki zezan eta aldi berean intriga hori manten zedin. Lan asko eman didan ariketa bat izan da.

Landuta dagoela nabaritzen da. 

Bai, hori ez da horrela ateratzen hasieratik. Gero, edalontziarena esan duzu, eta esan behar dut tentsioa sortzerakoan oso bisuala naizela, irudiak ikusten ditut. Ondoren ariketa zaila izaten da ikusten duzun hori hitzez jartzea, baina hain garbi ikusten duzunean edalontzi hori adibidez, entzuteraino ia, ariketa zaila izan arren oso polita da, saiatzea ipuinera eramaten ikusi duzun hori, irudi potente bat zure iritziz, eta lan pila bat egin ondoren lortzen duzunean, oso sentsazio ona da.

Egoeren eta gaien aldetik dibertsitatea dago liburuan. Zer harreman duzu ipuinetan agertzen diren gaiekiko? 

Konturatu naiz gauza batzuez hitz egin nahi nuela, baina horiek idatzi ahala. Ez da etortzen zaidala irudi bat eta pentsatzen dudala idatzi nahi dut ez dakit zertaz. Hasten nintzen irudi horri tiraka eta ikusten nuen nora iritsi nahi nuen edo nondik abiatu nahi nuen eta zer zen hor azpian zegoena. Orduan deskubritu ditut egonezina sortzen zidaten gaiak, edo momenturen batean deserosotasuna eragin didatenak, edo niretzat lurrikarak izan zirenak. Hor barruan nituen, kasurik egin gabe, eta liburu hau idatzi ahala joan dira ateratzen. Atera ahala heldu eta landu egin ditut. Gero konturatu naiz gai batzuk errepikatu egiten zirela. Horregatik esaten dut asko ikasi dudala idazten, baina oso bide polita izan da niretzat pertsonalki ere, gai potente asko atera ditut-eta barrenetik; idatzi ditut, eta berriro barneratu, baina beste begirada batekin, eta lasaiago, orokorrean.

Liburuaren hasieran bi aipu daude. Adrienne Richen Emakumeagandik jaioak (Txalaparta, 2020; itzultzailea: Maialen Berasategi) liburukoa da bat: «Mendez mende, emakumeei nolabaiteko posesio deabruzko bat iruditu zaizkie beren bulkada aktibo sortzaileak; baina gizonek ere hein berean identifikatu eta zigortu dituzte bulkada horiek deabruzkoa balira bezala». Irakurri nuenean, pentsatu nuen agian presentzia handiagoa izango zuela ipuinetan. «Epizentroa» ipuinarekin zuzenean lotu dut, baina besteekin ez hainbeste, eta jakin-mina piztu dit. 

Bi motiborengatik dago hor. Liburuari dagokionez, egia da agian «Epizentroa»n nabarmenagoa dela, baina besteetan ere bai; bulkada sortzaileaz hitz egiten du aipu horrek, eta nik agian ez dut bulkada sortzailearen inguruan hainbeste fokua jarri, baina igual bai erabakien inguruan, eta erabaki horiek ejekutatzearen inguruan. Erabaki bat hartzen duzunean zerbait aldatzeko egiten duzu, eta egoera berri bat sortzen ari zara erabakiak ejekutatuz, eta iruditzen zait askotan, eta historian, emakumeok ez dugula aukerarik izan hori egiteko, eta emakume bezala agian sentitu izan dut badakidala zer egin beharko nukeen baina igual ez naiz gai izan erabaki hori gero ejekutatzeko.

Bestalde, aipua irakurri nuenean, azpimarratu egin nuen segituan, eduki nuelako hor momentu bat nire buruari ere baimena eman behar izan niona helduentzako literatura idazteko. Idatzi nituen bi ipuin haurrentzat, baina etengabe ari nintzen pentsatzen, nola idatziko dut helduentzat? Ez dakit eta. Baneukan bulkada bat, eta neuk frenatzen nuen, zerbaitegatik, noski, baina neuk frenatzen nuen. Aipu horrek laguntzen dit esaten: aurrera.

Lagunak izan dituzu inguruan hau idazten ari zinen bitartean. 

Beti esaten da idazleen lana oso bakartia dela, baina hemen ezinbestekoa da jendea edukitzea inguruan, prozesuaren etapa desberdinetan, eta ezaugarri desberdinetako jendea ahal baldin bada, zeren azkenean bakoitzak bere ikuspuntua ematen dizu, baina gero zuk hartu behar dituzu horren gaineko erabakiak, eta nik zorionez ikusi dut jende eskuzabal asko dagoela Euskal Herrian, adierazten zaiguna baino gehiago, eta laguntzeko prest dagoen jende asko daukadala inguruan. Batzuk hasieratik egon dira, prozesu osoan, baina, adibidez, zirriborro-fasean editore bati pasa nizkion ipuinak, eta hark pauta batzuk eman zizkidan: eszenak eta gertakariak pixka bat rebajatzeko esan zidan, konfiantza edukitzeko nire buruan; ez da gertakari handi bat egon behar ipuina ona izan dadin, gauza txikiek balio dute. Eta hori sekulako aholkua izan zen niretzat.

Berridazketa-fasean beste aholku on bat eman zidaten: aurkitu behar nuen nire ipuinaren kolorea edo gaia, eta horrekin joan behar nintzen hitzak, adjektiboak edo elementuak zehazten, kolore-paleta bat sortzeko. Hartzen nuen ipuin bat eta esaten nuen: ipuin honen kolorea edo gaia da kulunka, eta orduan hitz-familia bat egiten nuen, horrekin zerikusia zeukana: materialak, elementuak, adjektiboak, testurak, aditzak… Gero istorioa errepasatzen nuen eta hitz pila bat aldatzen nituen, denek kulunka sortzeko.

Bai interesgarria, ez nuen inoiz entzun. 

Niretzat sekulakoa izan da. Oso ariketa polita; frikia, baina ederra.

Ez dakit orain beste zerbaitekin ari zaren. 

Pixka bat hiperaktiboa naiz; Eusko Jaurlaritzako beste beka bat eskatu nuen, gazteentzako eleberri beltz bat idazteko, eta horrekin ari naiz orain: negu bukaerarako aurkeztu behar dut. Beste proiektu batean ere sartu naiz, eta album ilustratu bat egin dugu, udaberrian aurkeztuko dena; gainera, Epizentroaren itzulpena egiten ari da Irati Iturritza, eta hori gainbegiratzen ari naiz. Gero, buruan ditut ipuinak izan daitezkeen gauza batzuk. Oso gustura ari naiz.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)