Sinadurak

Ane Zubeldia Magriñaren sormen-lana: «Leku bat, berandu»

Astelehena, 2021-10-11

LEKU BAT, BERANDU

(antzezlan posible baten kimua)

Lekuan ez dago lekua besterik.

“Maitatzea nondik balitz”, Maite Larburu

Hau etxe huts bat da. Etxe bat, oraindik.

Oraindik diot aurki ez delako izango. Ni joaten naizenean desagertu egingo da etxe hau. Horregatik ez dut joan nahi.

Oraindik.

Zuek ez duzue ikusten, ezta? Zuentzako edozer da espazio hau: hondarretan aurki dezakezuen edozein oskol biztanlegabe; habitat hil bat.

Desagertzear den gauza oro mintzo da maskorren antzera: urrunegitik eta berandu.

Zuek ez duzue ikusten, ezta? Ez duzue ulertzen, ezta? Ez duzue maskorrik esku artean.

Nik ikusi egiten dut etxea. Oraindik.

Badakit zehatz-mehatz non zegoen sofa, mahaia, argazki bakoitza. Badakit non zeuden oheak, eta zer forma hartzen zuten etxe honetako biztanleek geletako bakoitzean.

Ikusi egiten dut.

Zuek ez duzue ulertzen, ezta?

Nik ikusi egin dut paretako arrakala luzea hazten.

Legeak dio teilatua duen bitartean badela etxe bat. Baina nik diot hori gezurra dela. Bizirik dagoen bitartean da etxe bat, eta hemen aspaldi ez da inor bizi. Gure amona hil zenetik joan-etorrian ibili gara besteok, sateliteak grabitate zentro baten inguruan bezala. Intermitenteki bizi gara hemen, gau bat edo bi, eta hori ez da nahikoa etxe honentzat. Horregatik joan da husten pixkanaka, guri lekurik ez uzteraino, azkenean.

Ez gaitu bortizki bota, baizik nahigabe. Itsasgorak hondartzan datzana nola.

Oharkabean eta mantso gertatzen diren hausturek min sakon eta arinagoa eragiten dute, atzeraezinak direlako. Zartadurarik sotilena bezala.

Baina guk bat-batean ikusten dugu, ez pixkanaka. Eta etxe hau jada ez da gurea.

Alde egin aurretik nahiko nuke zerbait kontatu leku honi buruz. Baina ezinezkoa da leku bat esatea.

Nik balkoi honetan imajinatzen dut orain amona, hondartzari begira, zain. Damugabe eta indartsu.

Baina etxe bat behar bezala jaso ezin den eran, pertsona bat nekez gorde dezake edozein euskarri estatikok.

Post-mortem, dena da urrunegi eta berandu.

Esan dizuet ez dudala hemendik joan nahi, baina nik badakit jada itxi dudala etxe honetako atea. Argia itzali da. Ni jada eskaileretan behera noa. Banan-banan jaisten ari naiz itsasoko harriak bezain leunduta dauden mailak. Ni jada han nago eta ez hemen. Hau orain etxe huts bat delako. Ez da etxe bat. Etxe hau desagertzen ari da une honetan. Nik jada itxi dut atea. Ni jada han nago eta ez… Paretako arrakala geratzen da bakarrik, tximista geldo baten antzera laguntzen nau beherantz, sotoko ateraino.

Kale arrunt bat da hau, hiri arruntean. Hemen ez dago nire etxea. Espaloia zapaldu bezain pronto arrakala gorantz hasten da berriz, zabaldutako arroila atzera bilduz desagertzen hasten da, osatzen, eta nik dagoeneko ezin dut gelditu.


 Ane Zubeldiaren aurreko sormen-lanak

«Kale bat, zatika»

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)