Lizar Begoñaren azken sormen-lana: «Kaktus»
Astelehena, 2021-12-20iz. (Bot.) kaktus
Nola jan mila bederatziehun eta hirurogeita hamalaugarren urtean Perecek irentsi zituen elikagai likido eta solidoen inbentarioa? Nola zerrendatu hamar urterekin izandako galderak? Nola galdetu diskrezioz eta hizkuntza arruntean «nor zara zu»? Nola ez izan norbera ez den beste inor? Nola izan Agnès Varda ilea ebaki gabe?
Zergatik ebaki situazio baten tentsioa hitz segida batez? Zergatik hitzez ordezkatu gorputzez egiten daitekeena? Zergatik ekin? Zergatik egin berrogeita bat solairu, eta ehun eta hirurogeita bost metroko kristalezko dorre bat Bilboko Euskadi Plazan? Zergatik Bilboko Euskadi Plazak ez du San Juan Chamulako elizaren antzik? Zergatik antza eta ezberdintasunak sailkatu? Zergatik sailkatzen dira motak?
Noiz esango dugu mota bereko begiak ditugula? Inoiz izango da jende tristearen egun zoriontsurik? Noiz agertuko da zoriontasuna gordin-biluzian? Noiz biluztuko gara egurrezko hanka luzeen gainean brillantinaz beteta eta erreak ege ahoskatuz? Noiz kantatuko zait belarrira Himalaiako balada? Inoiz egon da hemengo hegaztirik Himalaiako mendikatean? Noiz izango gara hegaztiak?
Zer da bizitza eta zer Bizitza? Zer zen bizitza Timothy Treadwellentzat? Zer ikusiko nuke Treadwellen azken grabazioan? Zer da egingo dudan amaiera-mugimendua? Zer mugitzen da ederren Esne Bidean? Zer edertasun du etsipenak eta heriotzak? Zer da lehorte batean etsitzen azkena?
2021eko abenduak 7
Lizar Begoñaren aurreko sormen-lanak