Albisteak

Aitor Albistur-en idatzizko taupadak

'Sonetozko taupadak' eta 'Hiltzera kondenatua' lanak kaleratu berri ditu Asteartea, 2012-03-20

Aitor Albistur (Errenteria/Orereta, 1976) bertsolaritzan murgildua ezagutu dugu, ARGIAn kolaboratzaile, hitzekin lanean sarri. Bere poemak eta bertsoak jaso ditu berriki Bermingham argitaletxeak, Iparragirre saria jaso ostean: Sonetozko taupadak poesiaren arloan, Hiltzera kondenatua bertso-paper lehiaketan.


Bertsoaren munduari loturik ezagutu zaitugu, berriki jaso dituzun sarien artean dago Iparragirre saria bertso-paper arloan. Zer ematen dizu bertsoa paperean jasotzeak, bertsoa helarazteko beste moduek ematen ez dizutena?

Denbora, nahi adina. Bat-batean ari zarenean uneak balio du, baldintza jakin batzuetan. Testuinguru jakin batean, entzule mota bati, gai baten bueltan unean sortutakoa kantatzen duzu, atzera jotzeko aukerarik gabe. Paperak aukera hori ematen dizu, nahi beste, behar beste edo ahal beste aukera, ahalik eta bertso borobilenak osatzeko. Bat-batean egin ezin diren filigranak egin ditzakezu idatzian. Maiz esaten dut sorta bat idaztea perfekzioaren bila alferrik egindako bidaia bat dela, beti baitago hobe daitekeen zerbait.

Bertsolaritzaren zuzeneko ikusgarritasunaren aldean, Bertso-papera agian apur bat itzalean gera daiteke?

Bertso-sorta asko dira ikusgarriak (eta irakurgarriak), baina produktu bezala ezin du zuzenekoarekin lehiatu. Hori dio behintzat gaur egungo merkatuak, gaur egungo bertso-kontsumitzaileak.

Hiltzera kondenatua: zer nolako ertzak bilatu dizkiozu gaiari?

Bere erruduntasuna ukatzen ez duen kondenatu baten ikuspegitik idatzi dut sorta, bere ustez hiltzea merezi zuen pertsona hil izana onartzen duena. Bere heriotzarako bidaian sentitu eta sufritutakoa ulertzen saiatu naiz, eta ulertarazten ahalegindu. Ilunpe fisiko eta mentalean egonik (iluntasunean argi izpi soil bat aski da, oroitarazteko egun argitsuen distira), gaueroko amesgaiztoak aipatzen ditut (zer da esnatzen nauena: eginaren damua edo bortizki hil nuen pertsonaren mamua?), bere ziegan egondako aurreko kondenatuek burututako krimenek iradokitzen diotena kontatu (odolez idazten dela hilen izendegia), hiltzeko egunaren zain dagoenarentzat denbora kontzeptuaren erlatibotasuna azpimarratu (dena goiz delako dena berandu den bezela) eta sufrikarioak ahanztura amestera nola daraman (oroitzen ahaztu nahi nuke edo ahazten ikasi). Finean, bere drama pertsonalak bizitza eta heriotzaren arteko mugan kokatu izanak eragiten diona islatzen saiatu naiz (hiltzea ez da aukera txarrena txarrenean, bizitzea bera askoz latzagoa denean).

Konklusio gisa, heriotza-zigorraren aurkako mezu bat helarazi nahi izan dut: hiltzailea hiltzen duen gizartea zer da ba, gizartea hiltzen duen hiltzailea ez bada?

Bertsoa eta poesia, elkarrengandik gertu ala urrun sentitzen dituzu?

Sorkuntza prozesuaren aldetik oso gertu, baina nahiko bereizita esan nahi dudanaren trataera aldetik. Bai bertsotan, bai poesian, esan nahi dudanaren eskema nahiko zehatza eduki arte ez naiz idazten hasten. Behin idazten hasita, bertsotan nire istorioak edo argudioak ahalik eta txukunen kontatzen ahalegintzen naiz. Poesian, ahalik eta txukunen iradokitzen.

Azken lauzpabost urtetan zailtasun tekniko handiko bertso-sortak idazten aritu naiz eta erabat lotuta sentitzera heldu naiz, metrika eta errimen kortse estuan. Gainera, ideia mota bat beste modu batera garatzeko molde berri baten premia sentitu nuen, metrika zurrun eta errimetatik urrun. Horrela topatu nintzen poesiarekin, duela para bat urte.

Iparragirre sariaren poesia atalean aurkeztu duzun lanaren oinarria sonetoak dira, beraz, poesian ere neurri, errima eta musikaltasun zehatz baten bila joan zara. Zergatik sonetoa?

Sonetoak aukeratu izana aurreko erantzunarekin kontraesanean dagoela dirudi! Baina, ez da hala. Poesian bertso librean hasi nintzen, erabateko askatasun teknikoan. Durangoko Julene Azpeitia eta Azaroak 25 lehiaketak, Lasarteko literatur lehiaketa eta Ermua hiriko lehiaketak irabazi ditut modu horretan. Baina, urak itsasora egiten duenez (eta ahuntzak mendira), metrikaren "drogara" itzultzeko "monoa" sartu zitzaidan. Hala sortu zen sonetoak idazteko ideia, beste ideia mota bat beste modu batera garatzeko modu neurtua, alegia.

Sonetozko taupadak lanean poemen titulutik bertatik kontzeptu borobilak, hitz handiak, topatuko ditugu: Ameslaria, Esperantza, Aurrerakoia, Zuhurkeria, Kontzientzia... nola egin duzu lan, zeren arabera aukeratu dituzu gaiak?

Soneto bakoitza banakako lan bat da, gai "potolo" bati irtenbide xume bat eman nahi diona, edo gai xume bati irtenbide "potoloa". 15 sonetoei osotasuna ematen diena zera da, bihotzetik idatzi ditudala. Hortik dator titulua.

Elkarrizketa honen uberan:

Elkarrizketa Aitor Albistur-i Argian (2010-02-28)

Iparragirre-argitalpenei buruzko berria Uberanen



Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)