Albisteak

«Belle époque»en B aldea

Asteazkena, 2021-03-03

Distira eta alderantzia izeneko liburua argitaratu du Joxean Agirrek, Elkar argitaletxearen eskutik.

 

Distira eta alderantzia deritzon eleberria argitaratu du Joxean Agirrek idazleak, Elkar argitaletxearen eskutik.

Trilogia bateko bigarrena

Hainbat nobela kaleratu ditu Agirrek honezkero; azkena, iaz aurkeztu zuen, konfinamendu betean: Nobela errealista bat, Elkarren eskutik hura ere. Agirrek jakinarazi duenez, nobela batetik besterako tarte «deseroso»a arintzeko, gazteentzako trilogia bat sortzea erabaki zuen orain urte batzuk.

Hala, 2018an plazaratu zuen estreinakoa, Ispiluak eta itsasoak, zeinean Maria Garrastazu protagonista, Zestoako bainuetxean lan egiten duen gazteak, Parisera joko baitu. Oraingo honetan, trilogiako bigarren izenburuan, Garrastazu Euskal Herrira itzuliko da, Parisetik Zuberora. Aurreko liburuan bezalaxe, Belle Époque garaian kokatu ditu pertsonaiak egileak; nolanahi ere, garaiko distira ez baizik horren ifrentzua erakutsi nahi izan ditu, izenburuak adierazten duen bezala.

Halaxe dio sinopsiak:

Parisen gaude, 1920ko hamarkadan. Euskal Herriko baserri batetik heldu eta argazkilari bihurtu den Maria Garrastazuk, Luxenburgo parketik bere eguneroko itzulia ematen ari dela, neskato galdu bat topatuko du, zuberotarrez hitz egiten duen neskatxa bat bere amari deika eta negarrrez, eta honen ama topatu nahian emango dituzte hurrengo egun eta asteak.

Bilaketa honetan, besteak beste, Belle Époque-ko glamourraren bestaldea ezagutuko dugu: ez goi mailako modaren diseinatzaile, modelo eta bezeroak, baizik eta lantoki ilunetan arropa garesti horiek josten aritzen diren jostun apalak.


 

Albiste honen uberan

Orain hiru urte, elkarrizketa bat egin genion Joxean Agirreri, Ispiluak eta itsasoak liburuaren harira: "Gu oso konplikatuak gara baina pertsona sanoak eta sinpleak gustatzen zaizkigu".

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)