Bidaia liluragarri baten kontakizun liluratua
Asteazkena, 2020-09-30Poesia, zaurien ukendu izeneko saiakera literarioa aurkeztu du Ainhoa Urienek Pamiela etxearen eskutik. Xabier Leteren poemak aztertu ditu, horien balio terapeutikoan arakatuz eta bere bizipenak eta gogoetak tartekatuz.
Estreinako liburua du hau Ainhoa Urienek. Gaztedanik idatzi izan du poesia, bertsotan ere aritu da, eta filosofiako ikasketak bukatu ditu orain ez hainbeste. Faktore horien denen uztarketa bat topatuko du irakurleak Poesia, zaurien ukendu deritzon lanean.
Mugarriak
Azpi-izenburuak dioen eran, Leteren arrastoan ibili da Urien: haren poemak aztertuz osatu du «bidaia liluragarri baten kontakizun liluratua», egilearen beraren hitzetan. Izan ere, Urienek lilura sentitu zuen Leteren poemak ezagutu zituenean, eta horixe oparitu nahi izan dio irakurleari.
Aurrez ezagutzen zuen, kantuen bidez, baina Egunsentiaren esku izoztuak liburua izan zen bideko lehen mugarria. Olerki-bilduma hori «opari» jaso zuen Urienek; amak eman zion, 14 urte zituenean. Den-denda ulertu ez arren, arrasto sakona utzi zion, eta hainbat aldiz irakurri zuen, baita bere poemak idatzi ere.
Ondoren, ikasketa-garaian, gradu-amaierako lan bat egin behar, eta azken urteetan idatzita eta irakurritakoak errepasatzeari ekin zion idazleak. Hala ohartu zen, hala bere poemetan nola Leterenetan, poemak babesleku zirela egoera gozakaitzen aurrean, hots, sorkuntza-lanek izan zezaketela funtzio terapeutikorik. Hari horri tiraka osatu zuen gradu-amaierako lana, zeina, zenbait gauza moldatu eta sakondu ostean, liburu bihurtu baita.
«Merezi duen aitortza»
Liburua kaleratuta, «amets bat bete» duela aitortu du Urienek. Halaber, adierazi du liburuak «aldarrikapen» izan nahi duela, Leteri merezi duen aitortza eman diezaiogun. «Letek mundu bat eskaini zigun poesiaren bidez» eta ez gara gai izan, betiere Urienen arabera, haren eskaintzaz behar bezala gozatzeko. «Gure ardura da Leteri zor diogun errekonozimendua ematea».
Nolanahi ere, azken urteotan, Leteri buruzko hiru lan aipagarri kaleratu dira: 2017an, Koldo Izagirrek Leteren poesia antologia apailatu zuen, Elurra ikusi dut izenburu pean, Elkar etxearen eskutik. Bestalde, udaberri honetan kaleratu du Alex Gurrutxagak Xabier Lete: aberriaren poeta kantaria saiakera Alberdaniaren eskutik, Leteri buruzko tesian oinarritua. Azkenik, «Leteren alde ezezagunenetako bat»i erreparatuz, Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile izeneko liburua idatzi dute Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Eguilazek eta Anjel Lertxundik; Oiartzungo Udalak argitaratu du uda honetan, Mugarri deritzon bilduman.
«Harribitxi bat»
Liburuaren prozesuaren parte hartu duten beste bi lagun jardun ziren Urienen albo banatara: Jose Angel Irigaray Pamielako editorea eta Joxerra Gartzia, hitzaurrearen egilea.
Irigarayk adierazi zuen «liburu pozgarria» dela Urienek argitaratu duena, gutxitan agertzen baitira horrelakoak. Orobat nabarmendu zuen lanaren izaera hibridoa –poesia, saiakera, biografia zein autobiografia uztartzen ditu–, eta, batez ere, egilearen jarrera: editorearen iritziz, Urienek «ez du ikertzen kanpotik», posizio «hotz edo epel» batetik; aitzitik, «inplikatu» egiten da.
Gartziak ere goretsi zuen Urienen ikuspegia, baita liburuaren idazkera ere. Liburua «harribitxi bat» dela uste du, baita «saiakera literario eredugarria» ere, itxuraz «xumea» izanik, «gure izaera erakusten» digulako.
Bidean lagun izan dituenei eskerrak emanez amaitu zuen aurkezpena Urienek, eta aipatzekoa da Donostiako Liburutegi Zaharreko sotoan jende ugari bildu zela, autorearen senide eta adiskideak. «Zer litzateke hau zuek denok gabe?»