Albisteak

Euskarara iritsi dira Duszejko andrea eta atezain larritua

Asteartea, 2020-12-15

Pasa den astean aurkeztu zituzten Erabili goldea hilen hezurren gainetik eta Atezainaren larria penalti-jaurtiketan eleberriak, iazko Nobel saridunen lanak –Olga Tokarczuk eta Peter Handke, hurrenez hurren–. Amaia Apalauzak eta Sonia Kolaczek-ek euskaratu dute poloniarraren lana; Joxe Mari Berasategik, berriz, austriarrarena, eta Elkarrek argitaratu ditu biak ala biak, AED elkartearen laguntzarekin.

Urtero, literatur arloko Nobel sariaren iragarri eta gutxira, itzulpen-lehiaketa abiatzen dute Elkar argitaletxeak eta AED elkarteak, lan horiek euskarara ekartzeko. Bide horri esker iritsi dira gurera, besteak beste, Doris Lessing eta Herta Müller-en lanak. Iaz, urte berezia izan zen Nobel sariei dagokienez. 2018an, erakundean baitan izandako arazo batzuen ondorioz, ez zuten saririk eman, eta 2019an, beraz, bi idazle izendatu zituzten: Olga Tockarzuk poloniarra eta Peter Handke austriarra. Orain, lehiaketari esker, haien lan bana daukagu euskaraz irakurgai.


 

Nobela beltz ekofeminista bat

Tockarczuk lana euskaratzeko orduan, lankidetzan jardun dira bi itzultzaile: Amaia Apalauza batetik eta Sonia Kolaczek bestetik. Elkarlanean egindako itzulpen hori oso aberasgarritzat jo dute bi-biek aurkezpenean.

Egilearen ezaugarriak nabarmendu ditu Kolaczekek, besteak beste, adierazi du Tokarczukek konpromiso eta «koherentzia» handia erakusten duela babesten dituen kausekiko —justizia soziala, ekologismoa, feminismoa, landa-eremuarekiko ardura—. Hizkuntzari dagokionez, «hizkuntza oso oparoa», «nahiko jasoa» eta «gaur egungo kaleko hizkeratik aldendua» baliatzen duela azaldu du itzultzaileak. Gainera, metaforak ere erruz baliatzen ditu, eta «horren bidez lortzen du liseritzen erraza den testu baten azpian zentzu sakon bat» helaraztea.

Hala dio liburuaren sinopsiak:

«Janina Duszejko basoalde bakarti batean bizi den emakume adintsua da, zubi-ingeniari erretiratua eta umeei ingeles-eskolak ematen dizkiena; William Blakeren poemak, Astrologia eta izaki bizidun guztiak maite ditu, eta animaliak hiltzen dituzten ehiztariak gorroto. Eta hain zuzen, ehiztari zenbait hilik hasi dira agertzen alderdi menditsu horretan». Apalauzaren esanetan, Duszejko andrea eta haren ahots narratiboa da liburuaren alderdi nabarmenetako bat: «anti-heroi» bat da, batzuentzat maitagarria, beste batzuentzat ez hainbeste, baina «xarma handiko» ahotsa du, eta pertsonaia oso ongi landuta dago. Xabier Mendiguren editorearen esanetan, berriz, «gizarteak bazterrean utzi dituenekiko aldarrikapen bat» dugu nobela hau.


 

Atezaina bere bakardadean

Bestelakoa da Handkeren proposamena. Joxe Mari Berasategik euskaratu du lana, eta ez du Handkeri buruzko xehetasunik eman nahi izan: pertsonaia polemikoa izaki, itzultzaileak adierazi du, testuari heltzean, «propio» egin duela ahalegina, «nire lana baldintza zezakeen bestelako estimazio horiek bazterrera uzten». Hala, bada, testuak zeharo harrapatu zuela aitortu du.

Hauxe da liburuaren sinopsia: «Josef Bloch, ez lanik ez lagunik ez inongo euskarririk ez duela, galduta ibiliko da, hirian lehenik, mugaldeko landa-herrixka batean gero; tartean gertatuko zaizkio hainbat abentura eta gorabehera, baita ezaxolaz bezala kontatutako krimen bat ere, guztia xeheki kontatua, zehatzaren zehatzez azkenean zentzugabea emateraino».

Kontaera azpimarratu du, hain justu ere, Berasategik: «Begietan kamera bat dauka, batzuetan lupa bihurtzen dena, beste batzuetan mikroskopioa ere bai. Kameraren joan-etorriarekin, zoomaren atzera-aurrerek, bizkor eginez gero, buruan sortzen duten zorabioa islatzen du, eta zorabio horretan barneratzen gaitu, irakurlea hasi eta buka halako intriga bereziegiren beharrik gabe ondo eramanez bukaeraraino».


 

Louise Glücken poema-liburu bat euskaratzeko lehiaketa, zabalik

Aurten, Louise Glück poeta estatubatuarrak eskuratu du Nobela, eta zabalik dago jada –abenduaren 20ra arte– The Wild Iris liburua euskaratzeko lehiaketa. Hemen jaso ditugu oinarriak.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)