Albisteak

Georges Perec-en bi lan euskaraz, Igelaren eskutik

Astelehena, 2014-06-09

Georges Perec-en bi lan plazaratu berri ditu Igela argitaletxeak: Gauzak, Itziar Diaz de Ultzurrunek itzulia, eta Gizon bat lotan, Juan Luis Agirrek itzulia. Literaturian aurkeztu zituzten bi liburuak.

Georges Perec-en ibilbidearen hasierako bi lan plazaratu ditu epe laburrean Igela argitaletxeak. Gauzak nobelarekin agertu zen Perec letra frantsesen plazara. Renaudot saria irabazi zuen 1965ean, eta liburu miresgarri bihurtu zen belaunaldi batentzat. Handik laster, nobela honi kontrapuntua egiten dion beste bat idatzi zuen, Gizon bat lotan, gauzez batere arduratzeari uzten dion gazte baten istorioa.

Objektuak, eguneroko bizitzaren xehetasunak, zerrendak, zenbakiak… horrelakoek zeharkatzen dute, alderik alde, Georges Perec-en obra, lehen liburu hauen ostean surrealismorantz lerratu zen heinean gero eta nabarmenago. Gizakion bizitza klasifikatzeko, datu batera ekartzeko ahalegin eskergak, gizakion oinarrian dagoen ezina eta hutsune erraldoia uzten du agerian sarri, modu artegagarrian.

Ondorengo idazleengan arrastoa utzi duen egilea izan da Perec, sarritan aipatua eta, literaturaren bitartez, omendua. Adibide gisa, Uberanen hastapeneko garaietan Joseba Sarrionandiaren Akordatzen naiz izan genuen gogoan, hainbat idazleren testuen bitartez. Asier Sarasolak ere “ezmunduak” izeneko testua euskaratu zuen.

Bidaiarik gabeko abenturak

Igela argitaletxeko kideek haien webguneko artikulu baten bitartez aurkeztu dituzte liburuok: George Perec, literatura puzzle gisa. “Begiak ixten ditudanean hasten duk loaren abentura” dio Gizon bat lotan liburuko lehen hasierak, eta honakoa irakurri daiteke berriz aipatu artikuluan: “Literatura egiteko, beraz, ez da bidaia exotikorik egin behar. Aski da barnerantz bidaiatzea”.

Abiapuntu hori hartuta, eta Perec-en lanean murgiltzeko bidea zabaltze aldera, hona bi liburuei buruzko amuak:

Gauzak. Itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun.

gauzak

Gauzak: 60etako istorio bat bizitzaz gozatu nahi duen gazte-bikote baten istorioa da: Jerôme eta Sylvie. Bizitzaz gozatzeko, ordea, bide bakarra dakite: “gauzak” eduki, gauzak eskuratu, gauzak erosi, jakina. Aberatsak balira… Baina gauzek berengan sortzen duten lilura, bizimodu lasai eta erosoa izateko irrika, ezin dute ase, hori ez baitago ikasketak utzi dituzten bi gazte hauen eskura: inkestak egitetik piso txiki batean estu samar bizitzera behartuak dira. Hiriko erakusleihoek zoriontsu izateko behar duten guztia eskaintzen diete. Eskaini eta zoriona agindu, bai. Ez, ordea, musutruk.

Gizon bat lotan. Itzultzailea: Juan Luis Agirre.

gizon_bat_lotan

Hogeita bost urte eta hogeita bederatzi hortz-hagin dituk, hiru alkandora eta zortzi galtzerdi-pare, jada irakurtzen ez dituan liburu batzuk, jada entzuten ez dituan disko batzuk. Ez duk beste ezertaz oroitzeko gogorik, ez familiaz, ez ikasketez, ez maitaleez, ez lagunez, ezta oporrez ere, hire egitasmoez ere ez. Bidaian ibili haiz, eta ez duk bidaietatik ezer ekarri. Eserita hago eta itxaron besterik ez duk nahi, itxaron soilik, itxaroteko beste ezer ez dagoen arte: gaua etor dadin, orduek jo dezaten, egunak joan daitezen, oroitzapenak ezaba daitezen”.

Honela ari da kontalaria bere buruarekin, “lotan dagoen” gizonarekin, baldankeriari bide eman eta indiferentzia erabatekoa zer den jakin nahi duen gizakiarekin.

 

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)