Amuak

Georges Perec-en 'ezmunduak'

Astelehena, 2011-01-17

Georges Perec-en Je m'en souviens eta Joseba Sarrionandiaren Akordatzen lanak aintzat hartuta Gogoan dut izeneko testua bidali zigun Lander Garrok, Neuk ere gogoan dut izenekoa ostera Juanra Madariagak. Oraingo honetan Asier Sarasolak Perec-en testu bat euskaratu du.

Georges Perec (Bordele, 1936 - Paris, 1982)

Estilo ariketak itzultzen dakien Xabier Olarrak akrobata esan zion Pereci. Ez da akrobazia gutxiago behar Bordelen jaioaren lanak itzultzeko. Tamalez, ezin ditugu euskaraz irakurri Les choses, La vie, mode d'emploi edota Espèces d'espaces bikainak. Abila zen jolasaren bidez maisulanak idazten.

R. Queneau, I. Calvino edota M. Duchamp lagun, Oulipo atelierra sortu zuten, besteak beste, kaosa eratzeko literaturan arau matematikoak baliatuz (oro har, jolaserako bidea eman zezakeen edozer arau; frantsesez egitean gehien ahoskatzen den bokala, e alegia, ez duten hitzak erabilita narrazioa jostea, La disparition). Baina ez ezazue hiztegi ezinezkorik espero Perecen eleberrietan, kaos entretenigarria da hura, errealitatera hurbiltzeko begi bihurriak.

Gurutzegramak beste maite zituen palindromoak Perecek. Maite zituen enumerazio infinituak, fraktalak, matriuskak bezala zabaltzen diren istorioak, kolax bidez antolatutako munduak.

Sautrelakoak berehala jabetu ziren, Scrabble-ean inor gutxik hartuko zuen mendean.

Gizajendeak orri zuritik kosmoseraino sukalde eta auzoetan barrena hartzen dituen espazioak behatuz idatziriko Espèces d'espaces liburuan duzue honako pasartea.

l'inhabitable (ezmunduak)

itsaso zaborrontzia
kostalde laztu arantza alanbreduna
lur elkorra
hezurretarako lurra
oskol saldoak
ibai lokaztuak
hiri nardagarriak

mespretxuaren eta itxura hutsaren arkitektura
dorre eta eraikin erraldoien erdipurdiko loria
bata bestearen gainean pilatutako gelazuloak
egoitza sozialen arrandia miserablea

gutxitua dena
giroa txartuta
eta tamaina txikia duena
zitalduta dagoena
estutu eta
azken muturreraino neurtu dutena

latorrizko txabolak
amarruzko hiriak

kontra duguna
grisez dagoena
anonimoa dena
itxuragabea
metro korridoreak
hustubidea eta dutxaren txorrota batera dauden komunak
hangarrak
aparkalekuak
leihatilak
hotel logelak

fabrikak
kasernak
espetxeak
babesetxeak
umezurztegiak
lizeoak
audientziak
eskola patioak

jabetza pribatuaren eremu patxadatsua
egokitutako ganbarak
ezkongabeen pisu bikainak
apartamentu xarmant berdez inguratuak
aldi baterako etxebizitza dotoreak
hiru atariko etxeak
estalperik gabeko gela zabalak
argi-zortasuna
begiralde bikoitza
zuhaitzak
habeak
nortasuna
dekoratzaile batek luxuz jantzia
balkoia
telefonoa
eguzkia
errepide-loturak
benetako tximinia
galeria
bi askako harraska (inox)
lasaia
lorategi pribatua
aukera paregabea

arren, esan izena gaueko hamarrak jo badute

Beheko esteka horietan Perec eta Oulipori buruzko artikuluak daude. Azkenekoan izen bereko eleberria idatzi eta gero Perecek berak zuzendutako Un homme qui dort filmaren zati bat ikusi ahal da.

Sautrela.

Euskaltzaindia: Oulipo.

Perec Berrian.

Xabier Olarrak Berrian.


Georges Perec - Un homme qui dort por LTT

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)